Udako seriea. Zahar eta... zaindua (II)

«Hau nire etxea da»

Urtebete inguru darama Kontxi Lasaga Alvarezek Gasteizko Arabarren zahar etxean, «gustura». Sendiak erabaki zuen erresidentzian sartzea, zahartzearekin batera osasuna makaldu eta etxean zaintzea ezinezko egin zitzaionean.

Kontxi Lasaga Alvarez 92 urteko gasteiztarra. RAUL BOGAJO/ FOKU
Kontxi Lasaga Alvarez 92 urteko gasteiztarra. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
2024ko abuztuaren 21a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Kontxi Lasaga Alvarez (Gasteiz, 1932) asteartero joaten da ile apaindegira. Uztailak 23 ditu BERRIAk harekin hitzordua egin duenean, eta asteartea da. «Ederra uzteko eskatu diet, seme-alabek ikus nazaten», aitortu dio kazetariari. «Eta argazkilaria etorriko zelako ere bai, ama», esan dio Cristina Redondo alabak, barrez. Joserra eta Cristina seme-alabek eta Ane Pedruzo bilobak lagunduta iritsi da andrea elkarrizketara, gurpil aulkian eserita, topaketarako propio apainduta.

Urtebete da Lasaga Gasteizko Arabarren zahar etxean bizi dela. Egoitzari «etxe» esaten dio berak: «Etxean nago: hau nire etxea da». Sentitzen du bertako langileek, zaintzaz gainera, girorik abegikorrena ematen diotela, eta «ongi» dago, «gustura». Bizialdiaren bederatzigarren hamarraldian sartua dago Lasaga, eta ahots hauskorra du, aldiro burua lausotzen zaio, eta «despistatuago» ibiltzen da, bilobak esplikatu duenez. «Baina ni ongi nago», esan dio kazetariari, behin baino gehiagotan.

Duela urtebete utzi zuen bere etxea, familiak erresidentzia batera eramatea erabaki zuenean. Hamalau urte ziren senarra zendu zitzaiola; bakarrik bizi zen, eta adinaren hauskortasuna saihestea ezinezkoa egiten ari zitzaion. «Ordurako ez nengoen sasoian, ez nengoen pozik», onartu du Lasagak. Familiarentzat ere bazen nolabaiteko kezka iturri senidea etxean bakarrik egotea, batez ere nahiko sarri erortzen hasi zenetik: «Gauero erortzen hasi zen, eta egunez zein gauez zaintzaile bat bazuen ere, asko beldurtu ginen. Egoera jasanezina bilakatu zen, eta erabakia hartu genuen», azaldu du semeak.

Kontxi Lasaga Alvarez
Kontxi Lasaga Joserra eta Cristina Redondo seme-alabekin eta Ane Pedruzo bilobarekin. RAUL BOGAJO/ FOKU

Itunpeko egoitza batean izan zen hiru hilabetez, eta Arabarrenen lekua eman zioten gero, hirugarren mailako mendekotasuna aitortu ziotenean. Egoitzan denetik, nahieran etxekoak ikusteak ematen dio bizipoza Lasagari. Eta bereziki, bilobekin egoteak. «Lau biloba ditut, eta haiek ikustea baino gauza pozgarriagorik ez da. Jatorrak dira oso». Egunero ditu bisitak, eta aspertzeko betarik ez du. Hiru seme-alabekin eta bilobekin sarri egoten da, eta bakoitzarekin baditu bere errutinak eta ohiturak. «Nirekin harategira joaten da, eta gazta freskoa erosten dugu. Gero, tabernara etortzen gara, eta kafe batekin askaria egiten dugu», kontatu du Pedruzok. «Joserrarekin fruta erostera joaten da, eta nik opilak ekartzen dizkiot», jarraitu du alabak. «Eta beste semearekin, Gontzalekin, zerbait hartzera joaten gara», erantsi du Lasagak. Paseoan ez denean, gelan atseden hartzen egoten da, eta bestela, ariketa fisikoak eta musika terapiako saioak egiten.

Erabaki zaila

Sendiak aho batez hartutako erabakia izanda ere, alabak aitortu du erresidentziara eramateko erabakia ez zela samurra izan: «Nik etxeko egonaldia luzatu nahi nuen, nahiz eta horretarako zaintzaile armada bat behar izan. Baina ongi pentsatuta, banekien erabaki hoberena egoitza batera eramatea zela». Amonarentzat ere ez zen erraza izan egoitza batera joan behar izatea, bilobak kontatu duenez: «Gogorra izan zen harentzat ere. Beti du kontu hori bueltaka: noiz itzuliko den etxera, zein den bere etxea...».

Amona erresidentziaren abaroan egoteak lasaitasuna ematen badio ere, zaintza sistemarekin zalantzak dituela aitortu du Pedruzok. «Iruditzen zait gure zaharrak, hein batean, egoteko lekuetan ditugula, helduaroan gaudenok produzitzen dugun bitartean». Eskuarki, senidea zahar etxe batera eraman beste aukerarik ez dute familiek, haren zaintza eta horrek dakarren zama pertsonal eta ekonomikoa bere gain hartzea ezinezkoa zaielako. Hain justu ere, zaintza ereduarekin agertu du kezka Pedruzok: «Gure gizartean, zaintza ez dago erdigunean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.