Udako seriea. Beste habia bat (I)

Hil ala biziko erabaki bat

Paramilitarrek mehatxatuta, Kolonbiatik alde egin behar izan zuten Antonella Serna eta Jairo Salazar senar-emazteek. Hiru semeekin egin zuten bidaia; eta bost urte geroago, Sernaren gurasoek ere mehatxupean ihes egin behar izan dute handik.

Kolonbiako familia, Gasteizko Zaramaga auzotik paseatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kolonbiako familia, Gasteizko Zaramaga auzotik paseatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko abuztuaren 29a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

«Etxean agertu ziren, armekin. Seme bakoitzak non ikasten zuen zekiten, gutako bakoitzak zer motor zuen, zer auto geneukan eta zer ordutan gindoazen kalera. Guztia zekiten guri buruz. Horrek eraman gintuen erabakia hartzera». Etxeko egongelan eserita, Antonella Sernak bere jaioterritik ihes egitea erabaki zuen eguna oroitu du. Tarteka, senarrari begiratzen dio, istorioa ondo kontatzen ari dela ziurtatzeko. Jairo Salazarrek begirada goxo bat itzultzen dio orduan, eta behar duen onespena eman, nahiz eta Sernak ondo jakin kontatzen ari den horretan ez dagoela gezurrik. Bere istorioa da; bere familiarena. Inork ez du berak bezain ondo ezagutzen.

BERRIAri etxeko ateak ireki dizkiote Serna eta Salazar senar-emazteek, baina ez daude bakarrik. Antonellaren gurasoak, Rocio Pestana eta Jose Serna, egongelan eserita daude, baita bikotearen hiru semeak ere: 17 urteko Jairo, 15eko Luis eta 11ko Jhoan. Urduri baina entzunak izateko gogoz sartu dira egongelara denak, eta gazteenak hartu du hitza salarako bidean: «Txikia da, baina sartuko gara». Amonak irribarre bat eskaini dio bilobari, eta buruarekin baietz esan, esanez bezala: beti lortzen dugu edozein lekutara egokitzea.

Kolonbian jaioak dira zazpiak, eta jaiotzen ikusi zituen herrialdeak berak behartu ditu ihes egitera. Duela bost urte joan ziren Pereiratik (Kolonbia) Espainiara Antonella, Jairo aita, Jairo semea, Luis eta Jhoan; 2019ko martxoaren 20an. Paramilitarren mehatxuak jasan ezinik, zituzten ondasun guztiak saldu, eta bertatik ihes egitea erabaki zuten. «Seme bat kenduko zigutela esan zigutenean erabaki genuen Kolonbiatik alde egitea», azaldu du Jairo Salazar aitak. «Egoera oso larria da han, ume asko desagertzen dira, eta inoiz ez da horien berri izaten». Antonellak azaldu du mehatxuak hasi aurretik ere Kolonbia ez zela guraso batzuk lasai bizitzeko herrialderik aproposena: «Haurrak egunero bahitzen dituzte, mina egiten diete, bortxatzen dituzte edo drogak eskaintzen dizkiete. Oso bortitza da dena, eta larrituta bizi zara».

«Haurrak egunero bahitzen dituzte, mina egiten diete, bortxatzen dituzte edo drogak eskaintzen dizkiete. Oso bortitza da dena, eta larrituta bizi zara»

ANTONELLA SERNAMigrantea

Pereiran bizi zirenean, bizitza «arrunta» zuen familiak. Lursail bat zuten, eta bertan ekoizten eta saltzen zutenarekin bizi ziren: platanoa, manioka, ahuakatea... Hiru semeak eskolara zihoazen, eta egun osoa ematen zuten jolasten, teknologiaz nahiko aldenduta. «Nire anaiei gehien gustatzen zitzaiena gurpil batean sartu eta maldan behera jaistea zen. Askotan mina hartzen genuen, baina zoriontsu ginen», azaldu du Jhoanek, irribarrez. Besteen aurpegian ere irribarreak marraztu ditu etxeko txikienaren kontakizunak. «Arazoak laster etorri ziren, ordea». Jairo aitak berriz heldu dio kontakizunari, eta irribarreak desagerrarazi. «Lursailean ekoizten genuen guztiaren erdia eramaten zuten paramilitarrek, vacuna deitzen dioten zerga baten bidez. Baina, egun batean, dirua eskatzen hasi zitzaizkigun, esanez janariak bakarrik ez zuela balio. Ezetz esan genien, eta orduan hasi ziren mehatxuak». Ez zegoen beste aukerarik; alde egin behar zuten. «Gainera, ez genuen inoren babesik. Poliziak ez du ezertxo ere egiten kasu hauetan», adierazi du Salazarrek, etsipenez. «Are gehiago, delinkuentzia arruntaren parte dela esaten dizute, eta ezin dutela ezer egin».

Etxean armekin agertu zirenean, guztia salatzea erabaki zuten senar-emazteek. «Lursaila lantzeaz gain, nik nire amarekin txerriak hazten nituen, eta horiek ere saldu genituen», azaldu du Sernak. Semeei, baina, gezurra esan zieten: «Madrilgo Warner Parkera joango gara oporretan, baina ezin diozue inori esan». Seme nagusienak ondo gogoratzen ditu sekretua gorde behar izan zuten egun horiek: «Eskolara joaten jarraitu genuen aste batez, baina inork ez zekien Kolonbiatik alde egingo genuela, ezta gure gertuko lagunek ere».

«Eskolara joaten jarraitu genuen aste batez, baina inork ez zekien Kolonbiatik alde egingo genuela, ezta gure gertuko lagunek ere»

JAIRO SALAZAR (SEMEA)Migrantea

Bidaia eta aitorpena

Jairok eta Antonellak ondo prestatu zuten bidaia: umeak eskolatik ateratzeko baimenak lortu, hegazkin txartelak erosi, Madrilen hotel bat alokatu eta Warner parkera joateko bost sarrera ordaindu. «Bagenekien diru galera handia izango zela, baina gure semeei esango geniena oso gogorra zen, eta ez genien huts egin nahi». Hiru semeek maitasunez begiratzen diote bere bizitzaren pasarterik ilunenak gogoratzen ari den amari, eskerrak emanez bezala.

Gauzak horrela, euren bidaia non amaituko zen jakin gabe igo ziren hegazkinera, eta «sentimendu zurrunbilo» batean murgilduta egin zuten bidaia, Jairok azaldu duenez: «Triste geunden, baina aldi berean pozik. Bagenekien gure familia babesten ari ginela». Madrilera iritsi ziren, eta orduan hasi zen benetako erronka; baina, aurrena, semeei zin egindakoa bete zuten. «Warnerren igaro genuen eguna zoragarria izan zen, baina gero zortzi egun eman genituen alde batetik bestera, noraezean», azaldu du Sernak. Toledon, Guadalajaran, Zaragozan eta Logroñon (Espainia) ibili ziren bizitza berri bat eraikitzeko leku baten bila. Alde batetik bestera ibili ostean, Borobian (Espainia) amaitu zuen familiak, eta bertako alkateak lo egiteko toki bat eskaini zien. «Ume bakoitzarengatik 50 euro emango zizkigula esan zigun, baina han lo egin genuen gauean bertan ohartu ginen ezin ginela han geratu. Izoztuta amaitu genuen. Gainera, herri oso txikia zen, eta ez zegoen guretzako lanik ez umeentzako eskolarik». 

«Triste geunden, baina aldi berean pozik. Bagenekien gure familia babesten ari ginela»

JAIRO SALAZAR (AITA)Migrantea

Borobian egin zieten aitorpena semeei. «Lasaiago ikusten genituen, eta une aproposa zela pentsatu genuen», azaldu du Sernak. Salazarrek jarraitu dio: «Hasieran ez zuten ulertu, eta negar egin zuten. Haurtzaroa atzean uztea oso gogorra izan zen haientzat: gure lurra, animaliak, lagunak... Baina, gero, ulertu zuten». 

Etxebizitza eta lan bila

Borobia atzean utzi, eta Gasteizera etortzea erabaki zuten, oraingoan kontaktu baten bidez. Facebooken bitartez lagun ohi bati hitz egin zion Sernak, eta hark Gasteizera etortzeko aholkatu zien. «Bere etxean bizitzen utzi zigun zerbait lortu arte, baina bostok gela batean bizi behar genuen». Etxebizitza baten bila hasi ziren, baina ez zuten lortu. «Gasteizen aurkitu dugun oztoporik handiena, dudarik gabe, etxebizitzarena izan da. Kolonbian oso erraza da etxe bat alokatzea, baina hemen... Ez ziguten ez etxe bat ez gela bat alokatzen, ezinezkoa zen». Hala, lagun ohiaren etxean geratu behar izan ziren hiru hilabetez, kontraturik gabe lan egiten eta beltzean kobratzen zuten bitartean.

Handik hiru hilabetera, Salazarrek Kolonbiako Herrien Kongresuko Chelo Rincon ezagutu zuen. «Garai hartan, Olarizu auzoko okupen auzia kudeatzen zuen. Hari esker hutsik zeuden etxe horietako batean sartu ginen bizitzera», argitu du Sernak. «Zaborrez lepo zegoen etxea, baina nire semeak arduratu ziren garbitzeaz». Salazarrek aitortu du une hartan ez zela erraza bertan bizitzea: «Ijitoek agintzen zuten zona hartan, eta egunero zituzten liskarrak. Patriarkaren laguna egin nintzen, eta, seme txikiak zituztenei han egotea komeni zitzaienez, geratzen utzi ziguten. Horrela arazo gutxiago izango zituztela zioten». Olarizun hainbat hilabete egon ostean, beste pisu batera lekualdatu ziren, Berakah programaren laguntzari esker. «Lan baimena eman zidaten orduan, baina handik sei hilabetera kendu zidaten», azaldu du Sernak.

Baimena galdu eta gero, urte eta erdi egon ziren lanik gabe senar-emazteak. Arteale fundazioarekin egin zuten topo orduan. «Maria Jose Anitua da fundazioko zuzendaria eta, ordu hartan, gure aingeru begiralea. Pisu bat alokatzeko aukera eman zigun, eta haren bitartez eskatu nuen bizileku baimena. Lana eman zidan, eta han egon zen prozesu osoan zehar», azaldu du Sernak hunkituta. Artealeri esker lortu zuten etxe hartan igaro zuten pandemia, eta Gasteizera iritsi eta hiru urtera, 2022an, Euskal Herrian bizitzeko beharrezkoak diren dokumentu guztiak eskuratu zituen Sernak. Horri esker, orain bizi diren etxebizitza alokatu zuten. Salazarrek, aldiz, lan baimena duela gutxi eskuratu zuen, 2023ko abenduan; baina, egun, biak ari dira lanean: Serna administrazioan eta Salazar iturgin gisa.

Zailtasun handiak izan zituzten gurasoek semeei etorkizun berri bat eraikitzeko, baina semeek ere ez zuten lan erraza izan. Kolonbia atzean uzteak «min handia» eman zien, eta oraindik ere hango lagunen eta oroitzapenen falta sumatzen dute. Euskal Herriko eskoletan darabilten irakasteko moduak harritu zuen gehien Jairo seme nagusiena: «Kolonbian gainazaletik irakasten ziguten dena, eta hemen asko sakontzen da edukietan eta esanahian. Asko ikasi dut urte hauetan». Luisek, erdiko anaiak, lotsatuta eta hitzik esan gabe igaro du elkarrizketa osoa, baina Jairok hitz egiten duen bakoitzean burua aurrera eta atzera mugitzen du, harekin ados dagoela adieraziz. 

Jhoanek, berriz, ezin dio hitz egiteari utzi. Bere txanda heldu denean, zehaztasun osoz kontatu du bere istorioa. «Ni oso triste nengoen nire lagunak ikusiko ez nituelako, baina ikastolara sartu eta lau egunetara lagun berri pila bat egin nuen». Hori entzutean amonak ezin izan du bere irribarrea ezkutatu: «Badakizu, umeek ez dute zailtasunik horretarako». Sei urte zituela heldu zen Euskal Herrira Jhoan, eta bera eta Luis moldatzen dira hobekien euskaraz. «Luisek eta biok idazten, hitz egiten eta irakurtzen dakigu; Jairok ulertu egiten du, baina gutxiago daki». Arrazoia eman dio Jairok anai txikiari, eta aitortu du DBHko 4.maila gainditzeko zailtasunak izan dituela euskaragatik, baina lortu du azkenean. «Eskolaz kanpoko laguntza jasotzen dugu euskara ikasteko, baina oso zaila da», aitortu du Jairok.

Bi gehiago etxean

Jairok, Antonellak, Jairok, Luisek eta Jhoanek hitz egin bitartean, egongelan adi-adi entzuten ari zaizkie Rocio Pestana eta Jose Serna, Sernaren gurasoak. Buruz dakite alabaren, suhiaren eta biloben istorioa, baina nola kontatzen duten ikusteak harrotasun izpi bat pizten die begietan. «Berriak» dira Pestana eta Serna etxean, duela bost hilabete etorri ziren; eta oraindik ohitzen ari dira Gasteizen eta Bucaramangaren (Kolonbia) arteko ezberdintasunetara. Beste bostekin bizi dira, ez baitute ez lanik ez etxebizitzarik aurkitu. Sernak azaldu duenez, lasai egin zuten Gasteizerako bidaia, alabak ez bezala, eurek bazekitelako hemen haien zain egongo zirela: «Guk ere estortsioagatik ihes egin behar izan genuen Kolonbiatik, baina hemen familia zain izateak asko erraztu zigun erabakia».

«Guk ere estortsioagatik ihes egin behar izan genuen Kolonbiatik, baina hemen familia zain izateak asko erraztu zigun erabakia»

JOSE SERNAMigrantea

Merkatari independenteak ziren senar-emazteak Kolonbian bizi zirenean, eta orain lan bila dabiltza, arrakastarik gabe, baina. «Ez diete baimenik ematen», azaldu du alabak; eta Salazarrek gaineratu du: «Beltzean ere ez dute lan egitea lortzen, gizarte segurantzak eta Poliziak traba asko jartzen baititu». Hala ere, pozik bizi dira alabarekin, eta etorkizunean Gasteizen bizitzeko asmoa dute. Pestanari hiriko garbitasuna gustatzen zaio gehien: «Oso hiri txukuna eta lasaia da. Gainera, Kolonbian ez dugu ezer utzi». 

Senide bakoitzak hitz egiten duenean, adi entzuten diote besteek, eta begiradetan ezagun dute elkar zenbat maite duten. Duela bost urte edo duela bost hilabete, dena atzean utzi eta bizi berri bat eraikitzera behartuta ikusi zuten euren burua. Hil ala biziko erabaki bat izan zen Kolonbiatik alde egitea. Mehatxuak iritsi izan ez balira, beharbada inoiz ez zuketen Euskal Herria ezagutuko, baina orain bertan bizi dira, eta etorkizunean Gasteizen bizitzeko asmoa dute denek. Etxe txiki batean bizi dira, eta, Jhoanek dioen bezala, baliteke egongela txikia izatea, baina elkarrekin dauden bitartean argi dute hori ez dela arazo bat izango. Beti lortzen dute edozein lekutara egokitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.