Udako seriea. Zahar eta... sexual (eta VI)

Zimurrek ez dute estaltzen desira

Sexuarekiko harremana aldatu egin ohi da adinean aurrera egin ahala, baina horrek ez du esan nahi zahartzarora iritsita sexualitatea bukatzen denik. Sexuari begiratzeko era berriak planteatu dituzte adituek.

Zaharrak eta sexua seriea
Ion Orzaiz.
2024ko abuztuaren 25a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Paco Rocaren Zimurrak eleberri grafikoaren pasarte batean (Astiberri, 2014), bikote edadetu bat ageri da zahar egoitza bateko sofan eserita. Lo daude biak. Andreak burua bermatua du gizonaren sorbaldan, eta eskutik heltzen diote elkarri, goxo. Haiei begira daude zahar etxeko beste bi egoiliar. Batek galdetzen dio besteari ea sofan eserita dauden horiek senar-emazteak ote diren, eta lagunak barre algaraka erantzuten dio, ezetz: «Broma gaiztoa da zahartzaroa!». Esplikatzen dio andreak alzheimerra duela, eta ez duela jada bere senarra ezagutzen: «Ez dio inoiz musurik ematen, ez maitasun keinurik egiten. Elkarrekin emandako bizitzaren zantzu txikienik ere ez». Izan ere, sofan lo dagoen gizon hori ez da andrearen senarra. Egoitzan ezagutu zuten elkar, «eta inoiz, zirrika ibiltzen dira gaztetxoak bezala». Emakumearentzat, beraz, hura da benetako senarra, eta hari eskaintzen dizkio maitasun keinuak. «Bitxia da», laburbiltzen du protagonistak orrialdeko azken binetan: «Burua galtzen dugu, baina ez sexurako gogoa».

«Sexualitatea ez da soilik koitoa, ez dira soilik genitalak... Gorputzaren adierazpen bat da: harekin jaiotzen gara, eta hiltzen garenean bukatuko da, ez lehenago» 

OLATZ BERASTEGISexologoa

Zimurrak fikziozko lana izanagatik ere, gogoeta horrekin bat datoz psikologoak, gerontologoak eta sexologoak. «Sexua ez da amaitzen zahartzaroan. Aldatu egin daitezke sentitzeko erak eta plazera bilatzeko bideak, baina sexualitatea hor dago eta hor egongo da», azaldu du Olatz Berastegi sexologoak. Haren irudiko, sexuaren beraren definizioan dago arazoaren gakoetako bat. Izan ere, egungo gizartean joera dago sexualitatea mugatzeko «ekintza jakin batera». Askoz gehiago da: «Ez da koitoa soilik, ez dira genitalak soilik... Desira da gorputzaren adierazpen bat». Haren esanetan, sexualitatea pertsonari hertsiki lotuta dago bizitza osoan: «Harekin jaiotzen gara, sentitzeko gaitasuna dugulako, eta sexualitatea bukatuko da hiltzen garen unean, ez lehenago».

Aldaketa fisiologikoak

Sexu grina bukatu ez, baina, urteekin, bai gorputzaren erantzun fisiologikoa bai harremanen intentsitatea aldatu egiten dira. Gizonen kasuan, testosterona mailaren apaltzeak eragina du kitzikapenean. Oro har, presa gutxiagorekin bizi dira sexu harremanak, estimulazio fisiko eta sinboliko handiagoak behar dira kitzikapena lortzeko, eta orgasmoak intentsitate txikiagoarekin azaltzen dira. Erekzioak, berriz, mantsoagoak eta indar apalagokoak izan ohi dira, eta orgasmo baten eta beste baten arteko ezintasun aldia, berriz, asko luzatzen da.

Emakume gehienen kasuan, berriz, menopausiarekin eta klimaterioarekin batera hasten dira aldaketa fisiologikoetako batzuk: obarioek obuluak sortzeari uzten diote, estrogenoek behera egiten dute, eta organismoa FSH hormona ekoizten hasten da. Horrek eragiten ditu menopausiari lotutako zenbait sintoma; esate baterako, bat-bateko beroaldiak, baginako lehortasuna eta, luzera, baita osteoporosia pairatzeko arrisku handiagoa ere.

«Norberaren kultura, bizi baldintzak, bizipenak... horren guztiaren araberakoa izango da plazera bizitzeko era zahartzaroan. Menopausia, adibidez, ez da berdina plazera landu duen emakume batentzat edo halakorik egin ez duen batentzat» 

OLATZ BERASTEGISexologoa

Hala ere, horrek guztiak ez ditu sexu harremanak zertan baldintzatu edo, are, eten. Izan ere, Berastegiren ustez, askoz faktore gehiagok eragiten dute sexualitatean: «Norberaren kultura, bizi baldintzak, errealitatea, bizipenak... Horren guztiaren araberakoa izango da plazera bilatzeko era, baita zahartzaroan ere». Sexologoaren irudiko, ezin uka daiteke pertsona guztiek pairatzen dituztela aldaketa fisiologikoak adinean gora egin ahala, baina ez du uste horren gainean ondorioak eta jarraibideak orokortu daitezkeenik: «Zure bizitzan nolako harremana izan duzun zure gorputzarekin eta zure plazerarekin, adibidez, horrek ere eragina du bilakaera fisiologikoan». Mireia Garde psikologo katalanaren lana aipatu du Berastegik, adibide gisara: «Gardek dio menopausia ez dela berdina bere gorputza aktibo mantendu eta plazera landu duen emakume batentzat, edo halakorik egin ez duen batentzat».

Tabu bihurtua

Adinekoen arteko sexua, baina, tabu bihurtua da aspaldidanik: ez da horretaz hitz egiten, eta askok lotsaz bizi dute. Sexua gaztetasunari eta edertasunari lotua ageri da film, telesail eta fikziozko lan gehienetan ere. Horren oinarrian, gizarteak inposatutako ikuspegi hertsi eta uniformizatzailea dagoela uste du Berastegik: «Gizarte patriarkal batean bizi gara, eta horrek eragina du emakumeen nahiz gizonen sexualitatean. Ezartzen digu erritmo bat, sexua sentitzeko modu bakar bat. Produktibitatea da garrantzitsuena: zenbat eta gehiago, orduan eta hobeki. Horrek ikusezin egin ditu plazera sentitzeko beste bide batzuk, besteak beste, zahartzaroan egiten direnak».

«Sexuaz hitz egitean, jendeak oso ikuspegi heterosexuala eta normatiboa darabil, eta horrek eragina du zahartzaroko sexuan ere: gizarteak ez ikusi egiten dio heteroarauak ezarritako parametroetatik at dagoen sexualitateari» 

JULEN ZABALAEHGAMeko kidea

Gogoeta horrekin bat egin du Julen Zabala liburuzain eta EHGAM elkarteko militanteak: «Sexuaz hitz egitean, jendeak ikuspegi oso heterosexuala eta normatiboa darabil, eta horrek eragina du zahartzaroko sexuan ere». Zabala 1979. urtean hasi zen, beste hainbat ekintzailerekin batera, LGTBI komunitatearen eskubideak aldarrikatzen Donostiako kaleetan. «Gay eta lesbianen mugimendu gisa sortu genuen EHGAM, baina, hasieratik, argi genuen sexu askapenaren alde ere egin nahi genuela, sexualitatearen kontzeptu zurrunetatik ihesi». 

Zabalak uste du zaharren arteko sexuari «ez ikusia» egiten diola gizarteak, iragan mendean lesbianekin egiten zuen bezala: «Homosexualitatea debeku zen garaian, lesbianismoa ez zegoen zigortua esplizituki, agintariei ez zitzaielako buruan sartzen ere emakumeek euren artean sexu harremanak izan zitzaketela. Ez zieten aitortzen sexu grina izateko gaitasunik; maitasunezko harremanak bai, baina sexurik ez». Heteroarauak ezarritako parametroetatik at dagoen sexualitate orori ez ikusia egiten zaiola azpimarratu du, «eta horixe gertatzen zaio zahartzaroko sexuari ere».

Adinekoen arteko sexuari ez begiratzeko joera, baina, heterosexualen artean soilik ez, LGTBI komunitatean ere sumatu du Zabalak: «Bazterrean izan da gurean ere. Urteetan, homonormatibitate egoera bat sortu da, estereotipoek osatua: jende lerdena, gaztea eta zuria, funtsean. Hortaz, LGTBI giroaren barruan ere, zaharren aurkako diskriminazioaz hitz egin dezakegu». 

Askatasuna eta patxada

Estereotipoez harago, zahartzaroak beste era bateko sexu harremanak izateko aukera eskaintzen duela gaineratu du Zabalak: «Adinak, urte luzez bizi izanak, perspektiba berezi bat ematen dizu, eta hori aukera paregabea da sexu harreman gozagarriak izateko. Zeure burua deskubritzen duzu, espektatiben karga erauzten duzu eta gauzak beste era batera baloratzen dituzu, esperientziari esker». Horrek guztiak sexua «beste dimentsio batera» eramaten duela uste du EHGAMeko kideak.

«Emakume asko zahartzarora iritsita soilik ausartu dira armairutik ateratzera: senarrarengandik bananduta edo alargundu ostean, askatasun berri bat deskubritu dute, nahieran bizitzen hasteko» 

JULEN ZABALAEHGAMeko kidea

Horrekin bat dator Berastegi. Haren ustez, sexualitate on batek «denbora» eskatzen du, baina egungo gizarteak ez dio horri erreparatzen: «Gazteek gaitasun fisiko handiagoa dute, akaso, baina daramagun bizimodua ez da egokia. Ez dugu gorputza behar bezala zaintzen: estetikoki bai, noski, baina ez ditugu aintzat hartzen plazera eta sentitzeko gaitasuna. Begirada erabat estetikoa dugu, eta horrek lotura zuzena du desirarekin eta sexualitate ereduarekin».

Horren aldean, «patxada handiagoa» aldarrikatu du sexu harremanetan: «Beste lasaitasun bat behar da, beste egote bat, eta hori zahartzaroak eskain dezake. Mendebaldeko gizarteetan, arau asko ditugu: hau jan, beste hori egin... oso zurruna da dena. Eta sexualitateak malgutasun handiagoa behar du. Beste erritmo bat ezarri behar diogu gure bizimoduari». Hori praktikara eramateko abagune gisa ikusten du zahartzaroa: «Aukera ematen digu sexua beste era batera eta beste erritmo batean bizitzen hasteko».

Armairutik ateratzen

Urtetsua izateak dauzkan onuren artean, «askatasuna» ere azpimarratu du Zabalak. «Emakume asko eta asko zahartzarora iritsita soilik ausartzen dira armairutik ateratzera. Kasu gehienetan, bizimodu heteronormatibo tipikoa izan dute urte luzez: gizon batekin ezkondu ziren, seme-alabak izan zituzten... eta behin bananduta edo senarra hil ostean, askatasun berri bat deskubritu dute, nahi dutena izateko eta nahieran bizitzen hasteko».

Fenomeno horren atzean, ordea, zahartzaroak eskaintzen duen talaiaz harago, sistema heteropatriarkala dagoela gaineratu du EHGAMeko kideak: «Gizonezko askoren kasuan, bikote hetero baten barruan harrapatutako homosexualak izanda ere, aukera izan dute bizitza paralelo bat egiteko: beren abenturatxoak zituzten, itzalpeko sexu harremanak... Emakumeen patua zen etxean egotea. Eta behin lotura horietatik askatuta, gai izan dira beren bizitza berregiteko eta benetako desira deskubritzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.