Uda, sakelakoak eta absentzia bat

Ezohiko itxura hartu du Eusko Legebiltzarrak inbestidura saioan: aurpegi berri asko, eta gonbidatu eta kazetari andana. Kanpoan, protesta ugari egon dira goizean.

Iñigo Urkullu Eusko  Legebiltzarreko saioan sartzen, behin Pello Otxandianok hitzaldia amaitu duenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarreko saioan sartzen, behin Pello Otxandianok hitzaldia amaitu duenean. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
edurne begiristain
2024ko ekainaren 20a
16:12
Entzun

Uda sasoia ofizialki hasi den honetan, udazken tankera hartuta esnatu da Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioaren eguna. Euri langarra eta giro freskoa ekainaren hondarrean. Udazkena gainetik kendu ezinda balego bezala ikus daiteke legebiltzarraren kanpoaldea ere; lehengo lepotik burua, beste legealdi bat abiatzear den honetan. Ohiko protestak izan dira tranbiaren bidearen bestaldeko espaloi estuan: Ertzaintzak propio jarritako plastikozko hesi luze baten atzean pilatuta daude Osasun Publikoa Aurrera plataformakoak, A.P.G. Getxoko pentsiodunen elkartekoak eta SOS Aiaraldea taldekoak, protestan. Ez bat, ez bi, ez hiru; sei pankartaren atzean batu dira dozenaka lagun, legebiltzarkideei eta gobernu berrian ardura izango dutenei gogoratzeko haien arazoak ez direla konpondu, eta badituztela etxeko lanak. Gure Esku-k ere bere aldarrikapenak eraman ditu ganberara, eta erabakitzeko eskubidean aurrerapausoak emateko eskatu die taldeei.

Legebiltzarreko lau hormen barruan, berriz, ezohikoa da giroa. Ate nagusiaren parean, guardasolekin euritik babestu dira kazetari, argazkilari eta kamera mordoa, irudi hoberenak lortu edo legebiltzarkideren bati adierazpenen bat lapurtzeko prest. Barruan, kazetari eta gonbidatu gehiago, solasean. Aterkiak itxi ahala sartuz joan dira legebiltzarkideak ganberara. «Kontuz, zorua bustita» dioen seinale hori pare bat paratu dute lurrean, irrist egiteko arriskuaz ohartarazteko sartzen den orori. Kazetari batzuek oraindik gogoan dute duela hogei urte baino gehiago Carlos Iturgaizek, PPko legebiltzarkide zelarik, nola zapaldu zuen zoru bustia eta laprast egin atetik sartu zenean. «Bada, Pradalesek ozta-ozta egin ditu Iturgaizenak gaur!», esan dio kazetari batek beste bati, umorez.

Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia azkenetarikoa izan da iristen. Nerea Kortajarena bozeramailea ondoan duela sartu da, eta kazetariak tropelka gerturatu zaizkio hitz biren eskean; hark, baina, «ez, hori gero» erantzun die irribarretsu, eta kazetarien atzean esperoan ziren koaliziokideengana hurbildu da, haiek agurtu eta elkarrekin bulegora joateko.

Inbestidura saioa hasi baino lehen, kanpoan osasun publikoari, jubilatuei eta Aiaraldeko egoera ekonomikoari buruzko protestak entzun dira. Barruan, Gure Esku-k erabaki eskubidearen aldeko pausoak eskatu ditu


Legebiltzarreko ataria jendez hustu ahala bete dira osoko bilkurako aretoko eserlekuak, eta abiadura berean gonbidatuentzako eta komunikabideentzako gorderiko palkoak ere. Bete, lepo bete baitira biak ala biak. 300 lagun inguru. Saioa hasteko hamar minutu eskas falta zirela aritu dira solasean Juan Mari Atutxa eta Andoni Ortuzar (EAJ), eta handik metro eskasera Maddalen Iriarte eta EH Bilduko beste hainbat ordezkari. Cristina Gonzalez (PSE-EE), Ortuzar eta Iriarte talde txikia egin eta solasean aritu dira gero. Ondoko palkoan, elkarren ondoan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru ahaldun nagusiak, eta haiengandik gertu Marisol Garmendia Espainiako Gobernuko ordezkaria (PSE-EE).

Bilkura aretoan sartuz joan dira legebiltzarkideak. Aurpegi ezagun batzuk, eta berri asko. Ganbera aski ongi ezagutzen duten horietako batzuk hizketan iritsi dira aretora; Jokin Bildarratz eta Olatz Garamendi Voxeko Amaia Martinezekin batera, Laura Garrido eta Javier de Andres popularrak bere taldeko kide guztiekin, eta Josu Erkoreka eta Arantxa Tapia heldu dira gero, besteak beste. Saioa hasi baino bi minutu falta direla agertu da Imanol Pradales, Joseba Diez Antxustegi jeltzalea ondoan duela; atzetik, gainerako taldekideak. Eneko Andueza sozialista iritsi eta segituan joan da Pradalesengana, hura agurtzera. 9:30ak jo dutenean, berriz, EH Bilduko hautagai Pello Otxandiano eta koalizioko legebiltzarkideak sartu dira aretora.

Bakartxo Tejeriak saioari hasiera eman dioenean, hutsik da Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariaren eserlekua. Urkulluren absentziak harritu egin du bat baino gehiago, eta bolo-bolo ibili da gaia komunikabideetako profesionalen artean.

Txaloei, «nahikoa da»

Otxandianoren mintzaldia adi entzun du Pradalesek, eta etengabe aritu da koadernoan oharrak hartzen. Gisa berean ibili da Otxandiano gero. Goizeko saioak luze jo du, eta eskuko telefonoan idazten ibili dira beste asko. Izan ere, sakelakoak legebiltzarkide askoren entretenimendu izan dira saio guztian, baita palkoetan ziren gonbidatuena ere, asperdura aurpegien artean.

Luze aritu da Otxandiano hizketan. Hainbeste, ezen pantailako erlojuak abisu egin baitio, gorriz, ezarritako denbora baino 3:40 minutu gehiago luzatu dela. Amaitu duenean, txalo artean EH Bilduko legebiltzarkide eta gonbidatuak. «Mesedez, nahikoa da» esanez moztu ditu Tejeriak.

Eusko Legebiltzarra
Eusko Legebiltzarreko saioa zuzenean ikustera joan diren hainbat gonbidatu. ENDIKA PORTILLO/ FOKU

Otxandianok mintzaldia amaitu eta Pradales atrilera atera denean sartu da Urkullu aretora. Kostata egin du aurrera kameren artean, eta azken hamabi urteetan berea izan den tokian eseri da; azkeneko eguna izan du.

Pradalesi, hizketan hasi denean, Urkulluren estiloaren tankera hartu dio batek baino gehiagok, batez ere zera esan duenean: «Nire hitzaldia bost ataletan egituratuko dut». Urkulluk ohi zuen eta Otxandiano aritu den baino laburrago mintzatu da hura, eta sobran izan ditu ia 19 minutu. Txalo artean amaitu da goizeko saioa, Pradalesek eta Urkulluk elkar besarkatuta. Besarkada eta txalo gehiago izan dira iluntzean, Pradales lehendakari izendatu dutenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.