Lazarraga elkarteko kideak

Lukas Etxeberria eta Luis Garcia: «Egin genezakeen akordiorik onena egin dugu»

Hilabeteetako tirabiren ostean, Gasteiz antzokia irekitzeko akordioa lortu zuten Lazarraga elkarteak eta Gasteizko Udalak joan den astean. Orain beste bide bat hastea espero dute elkarteko ordezkariek, eta kulturgunea uztailean ireki asmo dute.

Lukas Etxeberria eta Luis Garcia, Gasteiz antzokian. RAUL BOGAJO/ FOKU
Lukas Etxeberria eta Luis Garcia, Gasteiz antzokian. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
2024ko ekainaren 21a
05:00
Entzun

Gasteiz antzokiaren giltzak poltsikoan dituztela elkartu dira Lazarraga elkarteko bi ordezkariak BERRIArekin. Errementari kaleko 30-32 zenbakietan dagoen Izaskun Arrue kulturgune berriaren ateak zabaldu dituzte, eta euskararen arnasgune izan asmo duen horretako instalazioak erakutsi gero. Programazioa antolatzen hasiak direla azaldu dute Lukas Etxeberriak eta Luis Garciak, eta uztailerako espero dutela jendearentzat zabaltzea.

«Erreparo batzuk baditugu, baina, oro har, pozik gaude». Gasteiz antzokiaren ateak irekitzeko modua emango duen akordioa lortu eta astebetera, zuhur mintzo dira oraindik Lazarraga elkarteko kideak. Bi aldeek joan den astean adostu zuten kultur elkarteak bost urteko epean ordaintzea zorra —112.817 euro itzuli beharko ditu iazko «jarduera faltagatik»—, eta udalak 325.000 euroko diru laguntza emango du urtebeterako. Etxeberriak eta Garciak aitortu dute prozesua «konplikatua» izan dela, eta ados jarri direla elkarteak «amore eman» duelako eta proposamen «bideragarri» bat jarri duelako mahai gainean.

 
Pozik akordioarekin?

LUKAS ETXEBERRIA: Pozik gaude aurrera jarraitzeko aukera izango dugulako. Gainera, akordioari esker, elkartea ez da desagertuko.

LUIS GARCIA: Egoera honetan lortu genezakeen akordiorik onena lortu dugu. Erreparo batzuk baditugu, baina gustura gaude.

Zeintzuk dira erreparo horiek?

GARCIA: Zorra ordaindu behar izatea oso mingarria izan da guretzat. Uste dugu ez dugula merezi, ez dela zilegia; baina bagenekien hil ala biziko kontua zela, ordaindu beste aukerarik ez genuela aurrera egin nahi bagenuen. Trukean, udalak ondare erantzukizuna duela onartzeko bidea abiatu dugu, eta espero dugu hortik zerbait lortzea.

Zer bide irekitzen du udalari ondare erantzukizuna eskatu izanak?

GARCIA: Nahiko genuke udalak onartzea kalte egin digula bere kudeaketa okerragatik, eta hala, kalte ordain bat ordaintzeko bidea irekitzea. Zaila izango da udalak onartzea zerbait gaizki egin duela, baina guk aukera bat eman nahi diogu bide horri. Erabakia ez da loteslea izango udalarentzat, hau da, ez du zertan bete, baina aukera hori zabalik egotea bera bada zerbait.

ETXEBERRIA: Guk bilatu ditugu proiektua bideragarri egiteko aukerak. Exijitzen zaigu zorra ordaintzeko, eta amore eman dugu horretan: dirua ordaintzeko prest agertu gara, baina ez pentsatzen dugulako ezer zor dugula, aurrera egin nahi dugulako baizik. Eta irtenbiderako proposamen bat egin dugu.

Gastez antzokia
Lukas Etxeberria eta Luis Garcia, Gasteiz antzokian. RAUL BOGAJO/ FOKU
Zorra bost urtean kitatzea adostu duzue. Arnasa apur bat emango dizue hala egiteak?

ETXEBERRIA: Bai. Hilean 2.000 euro inguru ordaindu beharko ditugu, eta nola edo hala egingo dugu. Aurrera egitea zen premiazkoena, eta hori modu bideragarrian egitea lortu dugu.

Gasteiz antzokiak hilabeteak zeramatzan kale itsu batean, ez aurrera ez atzera. Eta askorentzat ezustea izan da bi aldeak ados jartzea. Nola lortu da egoera desblokeatzea?

ETXEBERRIA: Elkarteak fundamentuzko proposamen bat jarri duelako mahai gainean. Udalaren eskaintza ez zen bideragarria, elkartea jarraipenik gabe uzten zuen eta, hilzorian. Guk egin diegun proposamenak bermatzen du orain gertatu dena berriro ez gertatzea. Izan ere, udalak mahai gainean jarria zigun eskaintzarekin atzera ere gerta zitekeen elkarteak dirua itzuli behar izatea. Hori eragozteko eskaintza bat egin diogu.

GARCIA: Plan operatiboan aldaketa batzuk proposatu ditugu. Lau hitzetan azaltzea zaila da, baina esango genuke amore eman dugula dirua itzultzeko kontuan, eta trukean lortu dugu aurtengo hitzarmenean egokitzapen batzuk egitea, batez ere udalaren ekarpenari dagokionez. Udalak aurrekontu osoaren ehuneko handiago bat jarriko du proiekturako. Egia da halako egoeretan norberak pentsatzen duela besteak baino gehiago ematen duela, eta alde horretatik, sentsazio gazi-gozoa dugu.

Gasteiz antzokiaren aldeko plataformaren mobilizazio dinamika ezinbestekoa izan da udala mugiarazteko?

ETXEBERRIA: Plataformaren protestei esker argi eta garbi bistaratu da udalaren kudeaketa okerraren ondorioz sortu zela arazoa, eta hari zegokiola konponbidea bilatzea. Protesta horiek deseroso sentiarazi dute udala, argiki. Komunikabideetan asko hitz egin da antzokiaz, eta udalak nolabaiteko presioa sumatu du.

GARCIA: Gasteiz antzokiaren aldeko plataformaren mobilizazioek lortu dute arazoa agendan sartzea. Izan ere, arazoa nahiko oharkabean igarotzen ari zen, eta, haiei esker, lehen lerrora ekarri da. Udalak, nolabait, aterabide bat bilatzeko presioa sumatu du. Lazarraga elkartearen izenean, esker ona adierazi behar diegu bazkideei, plataformako kideei eta gugana jo duen jende guztiari.

Esan izan duzue Lazarraga elkartea hilzorian egon dela udalaren kudeaketa horren ondorioz. Proiektua bertan behera uzteko tentazioa izan duzue zuek ere?

ETXEBERRIA: Bai, noski. Ez genuen aterabiderik ikusten. Nahiz eta dirua lortu, halakoren bat berriz gertatzeko arrisku handia zegoen, eta hori ezin genuen inolaz ere onartu. Eta hori berriz gertatzea baino hobe zen proiektua uztea. Horregatik ikusten genuen ezinbestekoa zela udalak berme batzuk ematea.

Eta berme horiek badaude? Hautsitako konfiantza berreskuratu duzue?

GARCIA: Konplikatua izan da, eta bi aldeok ahaleginak egin ditugu hau aurrera ateratzeko. Esaten da ibiliz ikasten dela oinez, baina eroriz ere ikasten da.

ETXEBERRIA: Garai txarretan konfiantza galtzea erraza da, eta mamuak beti egoten dira hor. Udalak konpontzeko borondatea zuela sumatu dugu, eta elkarrenganako konfiantza berreskuratzen hasteko pauso bat da hori.

Noizko espero duzue Izaskun Arrue kulturgunea irekitzea?

GARCIA: Oraindik gauza batzuk adostu behar ditugu, eta agendak zehaztu. Espero dugu uztailean irekitzeko moduan egotea.

Gastez antzokia
Gasteiz antzokiko eszenatoki bat. RAUL BOGAJO/ FOKU
Zer bide hartuko du proiektuak irailetik aurrera?

GARCIA: Kontzertuak eta antzerki ikuskizunak baino askoz gehiago eskainiko ditu antzokiak. Deialdi artistikoak ere izango dira, eta horiek segituan jarriko ditugu martxan, antzokia ireki aurretik ziurrenik. Uztailean deialdi oso interesgarriak antolatuko ditugu; beraz, adi egoteko eskatuko genioke jendeari. Programazioari dagokionez, orain oso modu xumean hasiko gara lanean, baina, udaren ostean, ikus-entzunezko ekipoak instalatuta daudenean, argiztapena prest dagoenean, irailean edo urrian, bete-betean hasiko gara lanean: ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak, prentsaurrekoak...

Zer toki beteko du antzokiak Gasteizen?

ETXEBERRIA: Batetik, Izaskun Arrue kulturgune integral bat izatea nahiko genuke: Oihaneder Euskararen Etxea zenak utzitako hutsunea beteko duena; euskararen eta euskal kulturaren lantegi izango dena; ezagutza, erabilera eta sormena landuko dituena, euskaraz eta euskaratik. Bestetik, euskal kulturaren eta adierazpen artistikoen erakusleiho izatea nahi dugu: jendea erakartzea, jendeari bidea ematea euskaraz kontsumitzera eta gozatzera ohitzeko, eta horretan gero eta eragin handiagoa izatea.

GARCIA: Euskarari dagokionez, Gasteizko euskaltzale eta euskaldun guztion etxea izatea nahiko genuke: biltzeko, gozatzeko eta ikasteko etxe bat. Baina euskaldun ez den gasteiztar ororentzako kulturgune bat ere izan nahi du, euskarazko kontzertu bat gozatu daitekeelako euskalduna izan gabe ere. Denentzat izango da. Lortu behar dugu euskaldun ez direnengan halako min bat sorraraztea euskaraz ez jakiteagatik zerbait galtzen ari delako. Finean, euskaraz aritzeko gogoa piztea nahiko genuke. Antzokia ez da ezeren amaiera, guztiaren hasiera baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.