Euskalgintzak Gasteiz antzokia «lehenbailehen» irekitzeko eskatu dio udalari

Hainbat eragilek «ezinegona» eta «kezka larria» agertu dute proiektuaren etengabeko atzerapenak direla eta. Antzokia zabalik nahi dute, «euskaraz bizi eta lan egiteko».

Ruiz de Bergaratarren jauregian ari dira atontzen Gasteiz antzokia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ruiz de Bergaratarren jauregian ari dira atontzen Gasteiz antzokia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
2024ko martxoaren 6a
13:40
Entzun

Euskalgintzako hamahiru eragilek ohar bateratua kaleratu dute Gasteizko Udalari eskatzeko «lehenbailehen» ireki dezala Gasteiz antzokia-Euskararen Etxea —ofizialki Izaskun Arrue kulturgunea deiturikoa— . Proiektuak etengabeko atzerapenak izan ditu, eta oraindik ez du irekiera egunik. Hori dela eta, Gasteizen euskararen biziberritzean eta normalizazioan aritzen diren eragile, talde eta erakunde nagusiek «ezinegona» eta «kezka larria» agertu dute.

Lehiaketa publikoa esleituta eta eraikinaren obrak amaituta, aspaldi dute prest programazioa Lazarraga Kultur Elkarteko arduradunek, baina ateak itxita jarraitzen du Ruiz de Bergaratarren jauregiak. Joan den irailean, Lazarraga elkarteak udal gobernuari galdegin zion beharrezko izapide guztiak egin zitzan, urtea amaitu aurretik antzokia zabalik egon zedin. Haatik, ez da pausorik egon ordutik, euskalgintzako eragileek salatu dutenez: «Udal gobernuak, lehengo lepotik burua, proiektuaren jarraitutasunaren berme osoa ziurtatu gabe segitzen du».

Atzerapen horien ondorioak euskarak eta euskalgintzak pairatzen dituela ohartarazi dute oharrean. Salatu dute 2022ko uztailean Oihaneder Euskararen Etxea itxi zutenetik, kulturgune euskaltzalerik gabe daudela gasteiztarrak, «bertan antolatzen ziren ehunka jarduerez gozatu ezinda», eta egitasmo ezberdinak aurrera eramateko «erreferentziazko lekurik gabe».

Udal gobernuaren ardura

Euskalgintzako eragileek iritzi diote udal gobernuaren ardura eta erantzukizuna dela proiektua «berehala» martxan jartzea. Eta oharra egin dute: «Ezin da aitzakia gehiago onartu; bihar berandu izango da; beraz, gaur nahi ditugu ate horiek gurutzatu, bertan euskaraz bizi eta lan egiteko». Halaber, zalantzan jarri dute udal gobernuaren lehentasunen artean ote den proiektua martxan jartzea.

Udal gobernuari eskatu diote hartutako konpromisoa betetzeko, eta antzokia abian jartzeko bermeak emateko. Horrez gain, Gasteizko herritar, eragile euskaltzale eta udalbatza osatzen duten gainerako alderdiei dei egin diete kulturgunea martxan jartzeko behar den bultzada eman dezaten.

sinatzaileak

  1. GEU Elkartea.

  2. Arabako Alea.

  3. Bai Euskarari Elkartea.

  4. Udako Euskal Unibertsitatea.

  5. Euskaltzaleen Topagunea.

  6. Bertsozale Elkartea.

  7. AEK.

  8. IKA.

  9. Hegoalde euskaltegia.

  10. Udaberria euskaltegia.

  11. Zabalgana Euskara Taldea.

  12. Sarburu Kultur Elkartea.

  13. Judimendiko Euskara Batzordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.