Psikiatra nutrizionista

Beatriz Cabrera: «Lotuta daude buruko gaitzak eta elikadura ohitura okerrak»

Dieta mediterraneoa depresioa edo antsietatea prebenitzeko lagungarria dela ziurtatu du Cabrerak. Elikagai antiinflamatorioak gakotzat jo ditu.

BEATRIZ CABRERA
Beatriz Cabrera. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2024ko martxoaren 8a
05:00
Entzun

Osasun mentalaren eta elikaduraren arteko lotura aztertzen du psikiatria nutrizionalak. Beatriz Cabrera psikiatra (Las Palmas Kanaria Handikoa, Espainia, 1985) aditua da eremu horretan, eta sakon ikertu du dietak eta elikagaiek ongizate psikologikoan duten eragina, batez ere buruko gaitzak garatzeko. Dioenez, hestearen eta garunaren arteko harremana «bi norabidekoa» da, eta gaitz mentalak elikadura okerraren ondorio ere badira. Psikiatria kongresu batean parte hartu berri du, Gasteizen, eta han elkarrizketatu du BERRIAk.

Zer lotura dago hestearen eta garunaren artean?

Bi norabideko harremana da: hestetik garunera eta garunetik hestera. Jatean, digestio aparatuan degradatzen diren elikagaiak xurgatu eta garunera iristen dira neurotransmisoreen eta nerbio sistemaren bitartez. Horrek estimuluak eta emozioak erregulatzeko gai diren garuneko transmisoreak sortzen laguntzen du, eta, alderantziz, garuna gai da hesteetako fisiologia erregulatzeko. Horrela, bi norabideko komunikazioa ezartzen da, heste-garuneko ardatz gisa ezagutzen dugun hori.

Beraz, jaten dugunak gure osasun mentala hobetu edo okertu dezake.

Hala da. Are gehiago: elikadura eta bizi ohitura okerrak buruko gaitzekin lotuta daude.

Herritar gehienek badakite elikadurak lotura zuzena duela osasun fisikoarekin, baina ez dakite zer eragin duen osasun mentalean.

Dieta ongizate fisikoarekin edo patologia fisiko jakin batzuekin lotzeko joera dugu: gaitz kardiobaskularrekin, tentsioarekin, diabetesarekin... Baina inor gutxik lotzen du osasun mentalarekin. Eta badakigu mekanismo fisiopatologiko arruntak daudela, ez bakarrik gaixotasun kardiobaskularretan, baita depresioan ere. Patologia horien guztien ezaugarri komuna inflamazioa da.

Zer elikagai dira egokienak buruko osasuna zaintzeko?

Gantz-azido aseak edo Omega3 gantz-azidoak oso onuragarriak dira. Badira elikagai batzuk dieta osasungarrian funtsezkoak direnak: adibidez, oliba-olio birjina estra gordina, fruitu lehorrak (intxaurrak eta pistatxoak), espeziak (kurkuma, jengibrea eta erromeroa) eta baratxuria. Elikagai horiek ezaugarri antiinflamatorio indartsuak dituzte. Baina ikuspegi zientifiko batetik ezin da aztertu elikagai bakar baten eragina, elikagai multzo bat hartu behar da kontuan eta dieta patroien bidez baloratu. Elikadura osasungarria den ala ez ebaluatzeko modurik egokiena da pertsonaren dieta eredu oso bat kontuan hartzea.

Hainbat ikerketak diote dieta mediterraneoak depresio edo antsietate baten tratamendua hobetzen laguntzen duela.

Onura asko ditu, ikuspegi anitzetatik begiratuta, gainera. Batetik, ikuspegi metaboliko edo nutrizio ikuspegi hutsetik begiratuta, dieta mediterraneoa osatzen duten elikagaiak osasungarriak dira. Baina errutina baten ikuspegitik ere oso onuragarria da. Adibidez, depresioa duten pazienteek sarritan beren buruak zaintzeari uko egiten diote, baina, dieta mediterraneoarekin hasten badira, ohitura osasuntsuagoak bereganatzen dituzte, eta berez hobetzen dira. Ez hori bakarrik: paziente deprimituak fisikoki hobetzen dira, eta, horrekin batera, euren buruaz duten pertzepzioak ere hobera egiten du.

Dieta mediterraneoak osasun mentaleko gaixotasunak prebenitu ditzake?

Bai, argi eta garbi. Egin diren azterlan guztietan ondorioztatu da dieta mediterraneoarekiko atxikimendu handiagoa duten pertsonek depresioa izateko arrisku txikiagoa dutela: zehazki, %34 apalagoa. Duela gutxi egin zen ikerketa bat, oso interesgarria, Predidep izenekoa, Gasteizko, Las Palmas Kanaria Handiko, Madrilgo eta Iruñeko 196 herritarrekin, bi urtez, pandemia tartean zelarik. Ohartu ziren epe laburrean sintoma depresiboak murrizten zirela dieta hori egin zutenen artean. Baina dieta hori egin ez zutenen taldean, aldiz, sintomak ugaritu eta okertu egin ziren.

Urdail-hesteetako sisteman desoreka bat izatea gaixotasun mental baten sintoma izan daiteke?

Bai. Badakigu estres psikologiko bati emandako erantzun jakin batzuk maila hormonalean aktibatzen direla, eta eragina dutela urdail-hesteetako hodian: heste hesia ireki egiten da, toxinak odolera igarotzen dira, eta, sarritan, inflamazioa garunera iristen da. Horrek buruko nahasmenduaren sintomak iraunarazten ditu. Dieta bat estres eragile psikologiko bat bezain kaltegarria izan daiteke.

Zure ustez, gehiago ikertu beharko lirateke urdail-hesteetako desorekak, pertsona bat buru nahasmendu baten sintomak agertzen hasten denean?

Osasun mentaleko adituok gizakiaren ikuskera holistikoa dugu, eta historia klinikoan aintzat hartzen ditugu nahasmendu organikoak. Baina egia da gehiago sakondu beharko genukeela dieta ohituretan, kontuan hartuta heste-garun ardatzak buruko nahasmenduetan duen eragina.

Mendebaldeko herrialdeen elikadura egokiena da osasun fisiko eta mentalerako?

Elikadura ohitura desegokiak asko zabaldu dira: edari azukredunak edo janari azkarra kontsumitzea izugarria da nutrizioaren ikuspegitik, eta eragin oso negatiboa du osasun mentalean. Zorionez, gero eta ohitura osasungarriagoak hartzen ari gara, tokiko produktuak berreskuratzen eta nutrizio orekatuagoa bilatzen.

Nutrizio psikiatria azterketa eremu berria da. Zer bide du egiteko?

Heste-garun ardatzak buruko beste patologia batzuetan duen eragina aztertu behar da; besteak beste, nahasmendu bipolarrari eta eskizofreniari nola eragiten dion jakiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.