Eusko Jaurlaritzak emakumeen eta gizonen berdintasunerako estrategia berri bat ondu du, 2030. urtea zerumugan jarrita. Emakunderen zuzendaritzak eta Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak onetsi ostean, gaur aurkeztu dute jendaurrean Iñigo Urkullu lehendakariak, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburuak, eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Gasteizen. Azaldu dutenez, botere publikoentzako «erreferentziazko esparru estrategiko bat» izatea nahi dute, «ibilbide orri bat» emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eskubidea «eraginkortasunez» ezartzeko.
Intersekzionalitatearen, gizonen inplikazioaren eta zaintzaren jiran ardaztu dute plana, xede nagusi bat hartuta: botere publikoei beharrezko jarraibideak eta orientabideak ematea, gizarte antolaketa patriarkalaren ereduaren «alternatiba» bat eraiki dezaten. Horretarako, instituzioek paradigma feministan oinarritutako bidea egitea proposatu dute, balioak aldatzeko eta genero rolak eta estereotipoak ezabatzeko. Erakunde bakoitzak bere eskumenen eta lehentasunen arabera «autonomiaz eta malgutasunez» lantzeko lanabesa da estrategia, Melgosak azaldu duenez.
Dokumentuak izaera «estrategikoa» dauka, eta luzera begirako proiekzioa: hala, legealdi bakoitzean berdintasunerako plan bat egiteko orain arteko ohitura albo batera utzi du Jaurlaritzak, eta 2030. urtera begira jarri da, «ikuspegi anbiziotsuago» batekin, Emakundeko zuzendariaren hitzetan. Jaurlaritzak 1991n onetsi zuen Euskadiko Emakumeentzako Ekintza Positiboko Lehenengo Plana, eta harrezkero beste zazpi atera ditu aurrera. Oraingoa, berriz, «erakunde publiko guztiei berdintasunerako jarraibideak ezartzen dizkien zortzigarren plan orokorra da», Urkulluren hitzetan.
Denera, 11 helburu zehatz jasotzen ditu estrategiak, lan ildo eta helburu estrategiko sorta batekin. Hauek dira xedeak:
1
Berdintasun indizea
Proposatu dute gizon eta emakumeen arteko berdintasuna neurtzen duen indizea 75 puntutik gorakoa izatea. Indize horrek berdintasunaren alorrean egindako aurrerapenak edo atzerapausoak neurtzen ditu hainbat esparrutako genero arrakala aztertuz, eta Europako Batasuneko gainerako herrialdeetakoarekin alderatzeko aukera ematen du. 2019 urtean, EAEren indizea 73,1 puntukoa zen –Suedian eta Finlandian, adibidez, 83,9 eta 75,3 puntukoa da, hurrenez hurren–.
2
Aurrekontua
2030. urterako administrazio publikoen aurrekontuaren %1,5 gutxienez berdintasun politikak garatzeko erabiltzea jaso dute. Aurten, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren %0,99 jarri dute berdintasun politiketarako. Eta aurrekontuen lege proiektuaren genero inpaktua ebaluatzeko egindako txostenean, identifikatu egin dituzte soldata arrakala murrizteko, indarkeria matxista prebenitzeko eta biktimei laguntzeko diru sailak.
3
Berdintasun zerbitzuak
Baliabideak jarriko dituzte, erakunde publiko guztiek berdintasunerako zerbitzuak eta unitateak izan ditzaten. 2020an berdintasunerako ehun organo inguru zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2005ean berdintasunerako legea indarrean jarri zeneko halako bi.
4
Trebakuntza
Euskal administrazio publikoetako langile guztien prestakuntza «etengabea eta derrigorrezkoa» bermatu nahi dute. Helburu horretarako abiapuntutzat hartzeko daturik ez dagoenez, beharrezkoa iruditu zaie adierazle bat sortzea administrazio publikoetako langile erregistroetatik abiatuta.
5
Enplegua
Europako Batzordeak ezarritako helburuei jarraikiz, enpleguaren alorreko genero arrakala gutxienez erdira jaitsi nahi dute, 2019ko datuen aldean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, arrakala %7koa da, eta %3,5era apaldu nahi dute 2030erako.
6
Soldata arrakala
Soldata egiturari buruz lau urtean behin egiten den azken inkestaren arabera, 2020an, soldata arrakala %22,6koa zen EAEn. Estrategian jaso dute 2030. urterako bost puntu apaltzea, %17,60koa izan dadin.
7
Hezkuntza
Lortu nahi dute hezkuntza sistemako ikastetxe guztiek beren egoerari «erantzun eraginkorra» emango dioten hezkidetza plan propioak izatea. Plan horiek ikastetxe bakoitzak berdintasunaren alorrean lortu nahi dituen helburu nagusiak bilduko dituzte, ekintza zehatzak jasota. 2021. urtean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeen %53k zituzten hezkidetza planak, eta helburua da sei urte barru ikastetxe guztiek izatea berdintasunerako plan bat.
8
Zaintza
Etxeko lanak eta zaintza lanak ikusarazi, aitortu eta murriztu nahi ditu gobernuak, eta horretarako gizonak interpelatu nahi ditu. Eustateko datuen arabera, etxeko lanaren eta zaintza lanen %67,2 emakumeek egiten dute, eta %32,8 gizonek. Genero arrakala, beraz, %34,4koa da, eta 2030erako erdira murriztu nahi dute.
9
Indarkeria matxista
Indarkeria matxistaren pertzepzio sozialean egindako aurrerapenak neurtu nahi dituzte, indarkeria matxistaren aurkako jarrera zabaltzeko.
10
Hilketa matxistak
Helburu gisa jarri dute Poliziaren babes sistemaren barruan egon eta erail dituzten emakumeen kopurua zerora murriztea. Arreta jarri nahi dute erakunde eskudun guztiek indarkeria matxista atzeman eta arreta integrala emateko beharrezkoa duten koordinazioan.
11
Kalte ordainak
Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktima guztien erreparazio eskubidean aurrerapausoak eman nahi dituzte, kasu bakoitzaren larritasuna eta egoera oinarri hartuta.