Osakidetzak martxoan irekiko ditu elikadura portaeraren nahasmenduak artatzeko bi unitateak

Gasteizko Santiago eta Galdakao-Usansoloko ospitaleetan zabalduko dituzte. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Osasun Mentaleko Estrategiari «gabeziak» ikusi dizkio oposizioak.

GOTZONE SAGARDUI
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, gaur, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
2024ko otsailaren 21a
13:30
Entzun

Azken urteotan nabarmen areagotu dira elikadura nahasmenduak gazteengan eta adingabeengan, bereziki pandemiaren ondotik. Haatik, orain arte ez zegoen gaixo horiek artatzeko unitate espezializaturik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, nahiz eta paziente eta senideek denbora luze daramaten horren eskean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak iaz iragarri zuen gaixotasun horri aurre egiteko bi unitate espezifiko jarriko zituela martxan, Bizkaian eta Araban, baina ez zuen zehaztu noizko. Gaur eman ditu xehetasunak Gotzone Sagardui Osasun sailburuak: martxorako egongo dira zabalik, eta Gasteizko Santiago eta Galdakao-Usansoloko (Bizkaia) ospitaleetan irekiko dituzte, eremu psikiatrikoan. Zehazki, Galdakaoko uniteta martxoaren 4an hasiko da lehen pazienteak artatzen.

Eusko Legebiltzarreko osasun batzordean izan da gaur Sagardui, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Osasun Mentaleko Estrategiaren ildo nagusiak aurkezten, eta han jakinarazi du elikadura portaeraren nahasmendua artatzeko unitateak eraikitzeko 536.628 euroko inbertsioa egin duela Jaurlaritzak. Bi unitateen lanak amaituta daude, eta horietako bakoitzak sei lanpostu izango ditu: psikiatra bat, psikologo kliniko bat, osasun mentaleko lau erizain eta lau erizain laguntzaile.  

Araban eta Bizkaian ez bezala, ez dago aurreikusia Gipuzkoan elikadura nahasmenduak artatzeko unitaterik sortzea. EH Bilduk horri buruzko azalpenak eskatuta, sailburuak azaldu du nerabeak tratatzeko jantoki terapeutiko bat martxan dagoela Gipuzkoan, eta herrialde horretako pazienteek ere beste lurralde historikoetan dauden baliabideak erabil ditzaketela.

Elikadura portaeraren nahasmendua artatzeko bi unitateen lanak amaitu dituzte, 536.000 euroko inbertsioarekin. Psikiatra, psikologo eta osasun mentaleko profesionalek lan egingo dute han.

Jose Antonio de la Rica Eusko Jaurlaritzako Arreta Soziosanitarioko zuzendariak planaren hamar ildo estrategikoei buruzko zertzelada batzuk eman ditu. Besteren artean, bi nabarmendu ditu: haurren eta nerabeen osasun mentala sustatzea, eta osasun mentaleko arazoren bat dutenek eta haien familiek politiken eta programen parte hartze aktiboa bultzatzea. Eta ildo estrategikoak modu transbertsal batean zeharkatzen dituen ideia batean jarri du azpimarra: osasun mentalaren zaintzak «komunitarioa» izan behar du. 

Haur eta gazteen osasun mentalari dagokionez, osasun mentaleko sintomen eta nahasmenduen prebentzioari eta detekzio goiztiarrari bide eman nahi diote planean, eta, horretarako, hainbat jarduera jarriko dituzte martxan: profesionalekin koordinatutako ongizate emozionala sustatzeko jarduerak, osasun eta nahasmendu mentalak ezagutzeko ekintzak eta sentsibilizazio kanpainak, besteak beste.

Horrez gain, lehentasunen artean jarri dute osasun mentalean artatutako adingabeen erregistro diagnostikoa hobetzea eta homogeneizatzea; hala, nahasmendu mentalak dituzten haur eta nerabeentzako arreta azkarra indartuko dute, bereziki nahasmendu mental larrien adierazle diren sintomak identifikatzen direnean.

Horri loturik, Sagarduik gogoratu du astelehenaz geroztik Osakidetzako pazienteak artatzen dituztela Donostiako San Juan de Dios haur eta gazteentzako eguneko ospitalean. Hartarako, hamasei lanpostu berri sortu dituzte, psikiatra, psikologo eta terapeutekin. ELA sindikatuak, hain zuzen, salatu du Osasun Sailak zerbitzu hori pribatizatu egin duela eta gero eta zerbitzu publiko gehiago pribatizatzen dituela: iaz 269 milioi euro bideratu zituen enpresa pribatuekin hitzartutako zerbitzuak ordaintzera, sindikatuaren arabera.

Oposizioa: «Berandu goaz»

Oposizioko taldeentzat, oro har, Jaurlaritzaren estrategia «berandu» dator, eta «gabeziak» ditu. Maria Garde EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du Eusko Legebiltzarrak osasun mentalaren arloan akordio zabalak lortu eta bi urte geroago aurkeztu dela, eta, plana martxan egonda ere, herritarrak «zain» daudela oraindik osasun mentalaren arloan arreta «integrala» jasotzeko. «Bitartean, ordaindu dezaketenek bederen, osasun pribatura jotzea beste aukerarik ez dute».

Gardek azpimarratu du herritarren osasun mentalaren egungo argazki orokorra falta duela estrategiak, eta baita neurri oro begirada feminista batetik jorratzea ere. Halaber, sistema publikoan osasun mentala artatzeko baliabide gehiago bideratzeko eskatu du Gardek.

Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak ohartarazi du osasun mentala tratatzeko eskaerak gora egin duen arren Osakidetzak ez dituela aski baliabide eskaintzen, eta gero eta herritar gehiagok jotzen dutela osasun pribatura arta hori jasotzeko. Horrez gain, Jaurlaritzari aurpegiratu dio estrategia «berandu» ondu izana.

Bestalde, Laura Garrido PPko legebiltzarkideak deitoratu egin du elikadura portaeren nahasmenduei buruz iragarritako unitateak atzeratu izana, eta gogora ekarri du aspaldikoa dela paziente eta senideen eskaera.

Alaitz Zabalak (EAJ) eta Ekain Ricok (PSE-EE) azpimarratu dute Eusko Legebiltzarrak lortutako akordioei erantzuna emango diela estrategia berriak, eta haren bidez erantzun «integrala» eman nahi zaiola gizartearen buru osasunaren artari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.