Pradalesek bat egin du gazteriaren «inkonformismoarekin»

EGI gazte erakundea sortu zuteneko 120. urteurrena ospatu dute Bilbon. «Benetako politikarekin» engaiatu da EAJko lehendakarigaia.

egiren 120 urteurrena 1904 2024
EGIren 120.urteurrena ospatu dute gaur Bilbon. EAJ
edurne begiristain
2024ko otsailaren 17a
15:35
Entzun

EGI gazte erakundea sortu zuteneko 120. urtemuga ospatu dute gaur Bilbon, eta han izan da Imanol Pradales EAJko lehendakarigaia. Pradalesek bat egin du gazteen «inkonformismoarekin», eta «benetako politikarekiko» konpromisoa agertu du. Esan du politikarekiko urruntzeari aurre egiteko «antidotoa» eta aurrera egiteko tresna dela gazteriaren inkonformismoa. «Gazte zarenean, inkonformista zara; ez dago gauza hoberik. Zergatik konformatu behar dugu daukagunarekin? Ez dut onartzen gauzak diren moduan onartzea; konformismo horren kontra nago. Ni ere inkonformista bat naiz, nire herriarekiko konpromiso batetik», adierazi du.

«Benetako politikarekin» engaiatua dagoela agertu du Pradalesek, «egia» esatearekin eta «ausarta» izatearekin. Gazteei mintzatu zaie esateko haiekin «hobetu» behar dela herria, eta «esfortzuaren kulturan» sinesten duela. Hala, beren burua «inkonformistatzat» daukatenak deitu ditu EAJren proiektua elkarrekin eraikitzera.

EAJren gazte erakundearen 120. urtemugaren ospakizunak Sabin Etxean hasi dituzte; gazte erakundearen bilera egin dute, eta 120 urtean EGIko kide izan direnak omendu dituzte. Han hitza hartu dute, besteak beste, Jose Luis Bilbaok, Ane Tamarak, Andoni Ortuzarrek eta Pradalesek berak. Ekitaldia amaituta, kalejira egin, eta EGIren 120. urteurrena gogoratzeko xafla jarri dute Bilbo Zaharra batzokiko atarian. Gero, atzera ere kalejira egin dute, «euskal erresistentzia» zioen pankartaren atzetik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.