EHUko irakasle eta ikertzaileak grebara deitu dituzte martxoaren 6rako eta 12rako

LAB, ELA eta Steilas sindikatuek deitu dituzte lanuzteetara, irakasle ikertzaileen «prekarizazioaren» aurka. EHUko errektoretzaren eta Jaurlaritzaren «egoskorkeria» salatu dute.

EHUko ikertzaileak grebara
LAB, ELA eta Steilas sindikatuen agerraldia gaur EHUko Letren Fakultatean, Gasteizen. BERRIA
edurne begiristain
2024ko otsailaren 15a
13:25
Entzun

Hilabeteak dira EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileek mobilizazioak hasi zituztela lan baldintza «kaskarren» aurka; sindikatu nagusiek deituta, lanuzteak eta protestak egin zituzten «prekarizazioaren» kontra. Mobilizatzera eraman zituzten arazo gehienek, baina, bere horretan diraute, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek ohartarazi dutenez. Unibertsitatearen egoera «jasangaitza» dela nabarmendu dute, eta hori dela eta, bi greba egitera deitu dituzte: martxoaren 6rako, irakasle eta ikertzaileak deitu dituzte grebara, eta martxoaren 12rako, EHUko langile guztiak.

Prentsaurrekoa eman dute gaur LAB, ELA eta Steilas sindikatuetako ordezkariek Gasteizko Letren Fakultatean. Iñaki Etaiok (LAB), Ane Bilbaok (ELA) eta Estitxu Villamorrek (Steilas) hartu dute hitza EHUko irakasle eta ikertzaileen izenean. Jakinarazi dute azken asteotan birritan bildu direla negoziazio mahaian, baina errektoretza «erabat itxita» agertu dela sindikatuek aurkeztutako proposamenen inguruan. Bereziki azpimarratu dute ordezko irakasleen lan baldintzak hobetzeko proposamenaren harira zuzendaritzak «egoskorkeria» erakutsi duela. Sindikatuek «onartezin» iritzi diote Eusko Jaurlaritzak aferaren gainean duen jarrera «pasiboari».

«Ez dute hitz egin nahi»

EHUk «egiturazko arazoak» dituela salatu dute sindikatuek, eta ohartarazi langile kolektibo batzuen lan baldintzen «prekarizazioa» geroz eta larriagoa dela, eta arazoaren erroan finantzaketa falta dagoela. Ikertzaileen aldarrikapen nagusiak honako hauek dira: irakasle ordezkoen «prekarizazioa» amaitzea, langileen erosahalmena berreskuratzea, lan zama apaltzea eta EHUren finantzaketa handitzea. Haatik, salatu dute aldarrikapen horien aurrean errektoretzak eta Eusko Jaurlaritzak emandako erantzuna ez dela aski izan.

Sindikatuetako ordezkariek kritikatu dutenez, Jaurlaritzak eta errektoretzak ez dute hitz egin nahi ordezko irakasleen soldatak finkatzen dituen dekretuaz, EHUko langileen erosahalmenaren berreskuratzeaz edota irakasle ikertzaileek 2006az geroztik «izoztua» duten osagarri gehigarrien eguneratzeaz. Halaber, salatu dutenez, Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa (LOSU) indarrean sartu zenetik ordezko irakasleei ez zaie osoko jarduna aitortzen, eta «miseriazko soldatak» ordaintzen dizkiete; esan dute horrek denak eragin zuzena duela irakaskuntzaren kalitatean, ikerkuntzan eta unibertsitatearen kudeaketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.