EDE fundazioko Adingabe eta Gazteen Zerbitzuko arduradunak

Igor Bilbao eta Nerea Landajo: «Helduok pauso bat eman behar dugu, eta adingabeen eredu izan»

'Internet familian: erabilera segururako jarraibideak' izenburupean, Bilbaok eta Landajok gida sorta bat ondu dute. Helduentzako jarraibide batzuk jaso dituzte, haurrek eta nerabeek «arduraz» erabil ditzaten teknologia berriak.

Igor Bilbao eta Nerea Landajo. MARISOL RAMIREZ /FOKU
Igor Bilbao eta Nerea Landajo. MARISOL RAMIREZ /FOKU
edurne begiristain
2024ko otsailaren 20a
05:05
Entzun

Teknologia berriek ikasteko eta garatzeko aukera franko irekitzen dituzte, baina, adingabeen kasuan, horiek modu arduratsuan eta onuragarrian erabiltzea ez da samurra. Igor Bilbao (Bilbo, 1976) eta Nerea Landajo (Bilbo, 1975) EDE fundazioko Adingabe eta Gazteen Zerbitzuko arduradunek ongi dakite ezinbestekoa dela prebentzioa lantzea adin txikikoen eta Interneten arteko harremanetan «arriskuak saihesteko». Hain justu ere, prebentzioari eta komunikazioari behatuta ondu dute gida sorta bat, adingabeek teknologia berriak «egoki» erabiltzeko. Gurasoentzako eta helduentzako jarraibide batzuk bildu dituzte sei liburukitan; Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri ditu. 

Internet plaza publiko digital handia da, eta haurrek eta nerabeek bertan parte hartzen dute, baina, sarri, ez modu arduratsu eta seguru batean. Gurasoek badakite zer arrisku dauden?

IGOR BILBAO: Hamabost urte daramatzagu familiei eta irakasleei tailerrak ematen, haiek teknologia berrietan treba daitezen, eta beti sumatu dugu badela gaiarekiko kezka bat. Ikusten ari garena da helduek ez dutela pauso nahikorik ematen adingabeengana hurbiltzeko, beldur handia dietela teknologia berriei, eta arazoak dituztela tresnak ulertzeko eta arazoei aurre egiteko. Ez dago komunikazio joria adingabeen eta helduen artean, ez dute elkarren artean aski hitz egiten, eta hori arriskutsua izan daiteke.

NEREA LANDAJO: Kezka beti egon da, baina denborarekin zalantza berriak sortu dira. Pantailak egokiak al dira? Pantailak hemen geratuko badira, nola hezi adin txikikoak? Zenbat dakit horri buruz? Heldu askok teknologia berriak erabiltzen dituzte, eta badakite zer arrisku dituzten eta zer aukera eskaintzen dituzten. Gakoa da nola lortu bien arteko oreka bat.

Arrakala bat dago helduen eta gazteen artean, beraz.

BILBAO: Ez dugu bidean elkar topatzen. Beste esparru batzuetan ez bezala, arlo honetan ez dago behar beste komunikaziorik. Helduok ez gara adingabeengana hurbiltzen, baina haiek ere ez guregana, uste dutelako ez ditugula ulertuko, ez zaizkigula interesatuko haien arazoak eta erabiltzen dituzten tresnak. Adingabeak bakarrik uzten ditugu tresna oso indartsu batzuekin, eta arazo bat bilakatu daiteke arduragabe erabiltzen badituzte. Helduok pauso bat eman eta eredu izan behar dugu.

Eta haiengana hurbiltzeko asmoz ondu dituzue gidak. Adin tarteen arabera sailkatu dituzue.

BILBAO: Funtzionalak eta praktikoak izatea da gure asmoa. Azaltzen dugu adin txikikoek zer tresna dituzten eskura, nola erabiltzen dituzten, zer arrisku dituzten eta zer egin dezakegun bide hori seguruagoa izan dadin.

LANDAJO: Adin tarte bakoitzak dituen ezaugarriak eta haiei laguntzeko jarraibide batzuk jaso ditugu. Etapa bakoitzak ezaugarri komun batzuk ditu, eta garrantzitsua da jakitea nolakoak diren umeak adinaren arabera.

Askotan, adingabeak kontrolatzera jotzen da. Kontrola ala prebentzioa, zein lehenetsi behar da?

BILBAO: Ume txikien kasuan, gurasoen kontrolak pisu handiagoa izan behar du, baina, oro har, prebentzioan dago gakoa. Sor daitezkeen arazoei aurrea hartzea da helburua, adin bakoitzak erabiltzen dituen tresnen erabilera segurua lortze aldera. Adibidez, 10-14 urte artean sare sozialen inguruko informazioa eman dugu, oro har adin horietan hasten direlako erabiltzen.

Gurasoak eredu ona dira?

LANDAJO: Ez, batere ez. Guk maiz erabiltzen ditugun tresnak seme-alabei debekatzen saiatzen bagara, ez gara eredu ona.

BILBAO: Ez gara eredu. Esaten diegu eskuko telefonoa ez erabiltzeko, baina guk une oro eta nonahi erabiltzen dugu. Debekuaren alde jotzen dugu maiz, eta okerra da; tresna berriak debekatu beharrean, tresna berrietan hezi beharko genituzke.

Eskuko telefonoari buruzko lehen jarraibideak 10-12 urte arteko gidan bildu dituzue. Aditu askok diote 14 urte izan arte ez dela gomendagarria sakelakoa izatea.

LANDAJO: Umearen heldutasuna kontuan hartu behar da pauso hori emateko. Heldutasuna errealitatea ulertzeko eta erantzun egokiak emateko gaitasunaren arabera neurtzen da. Subjektiboa da hori neurtzea, baina, gurasoek umearekin batera bidea egin badute, kapazak izango dira hori neurtzeko.

BILBAO: Sakelakoa heldu baino lehen, ibilbide hori elkarrekin egin behar dute, segurtasun neurriak azalduta, erantzun egokiak emanez, arriskuak azalduz... Gomendagarria da hasieratik haren ondoan egotea, adostea, kontratu bat egitea non nerabeak konpromisoa hartzen duen haren erabilerari buruzko zenbait arau betetzeko.

Hegoaldeko eskoletan pausoak ematen hasiak dira sakelakoaren erabilera erregulatzeko.

LANDAJO: Hezkuntza sistemak ikasleak ahaldundu beharko lituzke teknologia berriak modu egokian erabiltzeko. Ez naiz teknologia berriak albo batera uztearen aldekoa, nahiz eta oreka lortzea ez den samurra. Gakoa hitz egitean dago, etengabeko elkarrizketan.

BILBAO: Ez dut ongi ikusten sakelakoak debekatzea; oreka bilatu behar da. Teknologia berriak esparru denetan integratu behar dira, baina modu egoki batean. Pantaila digital bat eskolan egotea ez da teknologia berriak hezkuntzan integratzea; hori baino gehiago izan behar du, esaterako, proiektuak egiteko baliatzea. Teknologia berriak hezkuntzan integratuz geroz, ikasleek ikusiko dute helduok hizkuntza berbera erabiltzen dugula, eta horrek aukera emango digu arazoak atzemateko eta haiengana hurbiltzeko.

Arriskuak atzeman nahi badira, helduek teknologia berrietan trebatu beharko dute ezinbestean.

LANDAJO: Bai. Baina argi izan behar dute arriskuak eta arazoak ez direla berriak: betiko erronkak dira ingurune berri batean. Lehen, eskolako hormetan idazten zituzten jazarpen mezuak, eta, orain, etxe barrura sartzen da bullying-a, eskuko telefonoarekin. Arriskuak arinago heltzen dira, eta hedatuago daude, zabalduago...

BILBAO: Jende gehiago dago atzean, eta mezuak azkarrago iristen dira, baina betiko jarrerak dira, bestelako esparru batean. Terminologia da aldatu dena. Lehen, kalean gertatzen ziren jazarpenak, eta etxea toki seguruago bat zen; orain, asteko zazpi egunetan eta 24 orduz gertatzen da.

Haurrak gero eta lehenago hasten dira pantailak kontsumitzen. Zer gomendio emango zeniekete gurasoei?

LANDAJO: Pantaila haurtzainak daude: gurasoak bazkari batean daude, beste nagusi batzuekin hizketan, eta haurrari eskuko telefonoa uzten diote molestatu ez dezan. Hori ez da egokia.

BILBAO: Umeak gero eta lehenago hasten dira pantailak erabiltzen, eta hori gertatzen da guk ematen dizkiegulako. Duela hamabost bat urte ikastetxeetara joaten ginenean arazoren bat zegoelako, bigarren hezkuntzako laugarren mailako umeekin ibiltzen ginen, baina geroz eta maila txikiagoetatik deitzen hasi zitzaizkigun; gaur egun lehen hezkuntzako laugarren mailako ikasleekin lan egiten dugu.

Gidan diozue 8 urtetik aurrera izaten dela lehen kontaktua pornografiarekin.

LANDAJO: Batez beste, 10 urterekin hasten dira pornoa kontsumitzen. Gehienak mutilak dira. Oro har, klik batean eskuragarri dute pornoa, eta kontrol neurriek ez dute ezertarako balio. Kontsumo masiborako pornografia gizon heterosexualek produzitzen dute, emakumezkoak objektu moduan erabilita, eta neskek gutxiago ikusten dute, ez dituztelako euren buruak identifikatuta ikusten.

Espainiako Gobernua ziurtagiri bat prestatzen ari da adingabeei pornografia mugatzeko. Horrelako neurriak eraginkorrak dira?

BILBAO: Neurri hori, bere horretan, ez da nahikoa. Horrelako neurriek beharbada kontzientzia pizteko balio dezakete, beste esparru batzuetan ere neurriak har ditzaten, baina, berez, neurria ez da eraginkorra.

Zer gehiago behar da?

LANDAJO: Hezkuntza afektibo-sexuala lantzea. Gazteek nahikoa informazioa dute sexu transmisio bidezko gaixotasunez, antisorgailuez, biologiaz... Baina tratu ona emateaz ez dakite hainbeste. Lan handia dago egiteko esparru honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.