Salhaketak Jaurlaritzari eskatu dio bere gain hartzeko Zaballako heriotzaren erantzukizuna

Elkarteak salatu du espetxea ez dela alternatiba egokia presoak gizarteratzerako. Protesta batera deitu du datorren astearterako, Gasteizen.

SALHAKETAren protesta
Salhaketa elkartearen protesta bat. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
2024ko otsailaren 9a
16:30
Entzun

Asteazkenean preso bat hilda aurkitu zuten Zaballako kartzelan (Araba); gizonezkoa zen, eta bigarren graduan zegoen. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak BERRIAri baieztatu zion «berez» hil izanaren zantzuak zeudela. Heriotza zerk eragin zion argituko duen autopsiaren emaitzen zain daude oraindik, baina gaur Arabako Salhaketak ohartarazi du zantzuak badirela baieztatzeko presoa ez zela «berez» hil, eta litekeena dela botiken kontsumoarekin zerikusia izatea.

Salhaketa elkarteak maiz salatu du Hego Euskal Herriko espetxeetako baldintzak eta praktikak ez direla egokienak presoentzat. Eta, gaur, ohar bidez gogora ekarri du gutxienez lau preso hil direla Eusko Jaurlaritzak 2021ean espetxe eskumena eskuratu zuenetik, horietako hiru Zaballan bertan. Elkartearen iritziz, preso horiek «berez» zendu zirela esatea ez dator bat errealitatearekin, eta Eusko Jaurlaritzak badu heriotza horien erantzukizuna: «Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu behar du espetxeetako heriotzen gaineko erantzukizuna».

Espetxe eredua bera zalantzan jarri du elkarteak, uste baitu erroan giza eskubideen aurkako «tratu ankerrak eta iraingarriak» baino ez daudela, eta ez dela alternatiba «egokia» presoak gizarteratzea lortzeko. «Espetxean sartzea saihestu behar da, eta are gehiago gazteen kasuan». Haatik, Eusko Jaurlaritzak eredu horren aldeko hautua egin izana deitoratu du. «Espetxeak ez du delinkuentzia eragozten, ezta gutxitzen ere, eta Eusko Jaurlaritzak badaki», erantsi du.

Azken heriotza salatzeko elkarretaratze batera deitu du Salhaketak datorren astearterako; Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan izango da, 12:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.