Tuvisako langileek greba mugagabea hasiko dute, ez baitute akordiorik lortu

Aurrerapausorik ez da egon gaurko bileran, eta ondorioz, Gasteizko autobus zerbitzu publikoko langileek lanuzte mugagabea hasiko dute larunbatean.

Tuvisa
Tuvisako autobus bat Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko otsailaren 8a
13:20
Entzun

Larunbatean greba mugagabea hasiko dute Tuvisako langileek, Gasteizko Udalaren eta enpresa batzordearen arteko azken bilerak porrot egin baitu. Bi aldeek oraindik ez dute itxitzat eman negoziazioa, eta jakinarazi dute euren esku dagoen guztia egingo dutela lanuzterik izan ez dadin. Haatik, ez dirudi aukera dagoenik 48 ordu eskasean negoziazioak bideratzeko; are, oraingoz ez dute beste bilerarik jarri enpresaren eta langileen artean. Horiek horrela, Tuvisako langileek lanuzte mugagabea hasiko dute larunbat honetan bertan,14:00etan.

Gaurkoa kontuan hartuta,Tuvisako gidariek zazpi bilera egin dituzte udalarekin, eta langileek euren arazo eta aldarrikapenen berri emateko baliatu dituzte. Bi eskakizun nagusi dituzte: autobusek ibilbidea egiteko denbora gehiago izatea eta udalak ezarritako maiztasunak betetzea. Enpresak langileen lanorduen erregistroa izan dezala ere eskatu dute.

Gaur, bi aldeak hiru ordu egon dira batzartuta, baina ez dute lortu adostasunari bide ematea. Tuvisako langile batzordeak udalaren «immobilismoa» salatu du, eta ohartarazi azken proposamena ez dela nahikoa. Areago, adierazi du udalak aurreko bilerara eraman zuen proposamen «ia berbera» egin diela gaur —langileen %90ek baztertu zuten—, eta ez dute ulertzen udalak pausorik eman nahi ez izatea.

Greba mugagabeari ekitearekin batera, kalean protesta egiten jarraituko dute Tuvisako langileek, eta biharko manifestazio batera deitu dute: 17:00etan abiatuko da, Lovaina plazatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.