Trantsizio energetikoa «azkartzeko» lege bat

Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordeak onetsi egin du Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Legearen irizpena. EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk adostu dute legea, eta otsailean onartuko dute osoko bilkuran. EP-IUk eta PPk aurka bozkatu dute.

Haize errotak, Elgeako parke eolikoan, Araban. ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA.
Haize errotak, Elgeako parke eolikoan (Araba). ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
edurne begiristain
2024ko urtarrilaren 30a
07:00
Entzun

Onetsi egin dute Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Legearen irizpena Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean. EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren botoekin onartu dute, testuan ezkerreko koalizioaren zuzenketa nagusiak txertatu ondotik. Hala, legeak indarra jarriko du deskarbonizazio prozesuan eta klima aldaketaren aurkako borrokan, eta oinarriak ezarriko ditu trantsizio energetikoa bizkortzeko. Batzordearen galbahea igarota, otsailaren lehen hamabostaldian onartuko dute legea osoko bilkuran. Gaurko eztabaidan, Elkarrekin Podemos-IUk eta PPk aurkako botoa eman dute.

Helburu nagusi bat du legeak: klima neutraltasuna «beranduenez» 2050erako lortzea, hau da, atmosferara isurtzen den CO2 kantitatea xurgatuko denaren parekoa izatea. Xede hori lortzeko, jarduera planak, neurriak eta betebeharrak jaso dituzte testuan, eta esparru juridiko «egonkorra» ezarri dute trantsizio energetikoa eta klima aldaketaren aurkako politikak «azkartzeko». Europako eta Espainiako legediak oinarri hartuta ondu dute araua.

Legearen atarian jaso dute «modu efizientean» egokituko dituztela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errealitatera indarrean diren arauak eta nazioarteko konpromisoak, eta estrategiak garatuko dituztela zero emisio netoko ekonomia eta «lurralde erresilientea» lortzeko. «Legea lagungarria izango da trantsizio energetiko eta klimatikoaren erronka globalari erantzuna emateko», dio testuak.

Trantsizio energetikoa egiteko, energia kontsumoa gutxitu nahi dute, eta berriztagarriak eta deskarbonizazioa bultzatu; horretarako, eraldaketa prozesuak martxan jarri nahi dituzte industrian, gizartean eta enpresetan, «ekonomia zirkularragoa» lortzeko, besteak beste. Trantsizio energetikoa «bidezkoa eta jasangarria» izatea eta «ekitatea eta elkartasuna» bermatzea nahi dute, eta helburu gisa jarri dute hausnarketa eta erabakigune orotan genero ikuspegia txertatzea.

Hona hemen legearen atal nagusiak:

1

Berotegi gasak

Xede nagusia 2050erako karbono neutraltasuna lortzea bada ere, tarteko helburu batzuk ere ezarri dituzte legean. Berotegi gasei dagokienez, 2030erako isuriak %45 murriztu nahi dituzte 2005eko datuen aldean, edo, beste era batera esanda, %33 apaldu nahi dituzte 1990eko emisioekin alderatuta.

2

Gobernantza

Legean jasota dauden helburuak betetzeko, zenbait organo eratzea aurreikusita dago. Horiek denak Gobernantza atalaren barruan bilduta daude. Batetik, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Batzordea sortuko da. Organo horren egitekoa izango da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde publikoen jarduna koordinatzea legeari dagokion alorrean, bai eta urtero proposatzea aurrekontuen zer zati bideratu beharko duen Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzak trantsizio energetikorako eta klima aldaketarako.

Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskadiko Bulegoa ere sortuko dute. Eusko Jaurlaritzan energiaren eta klima aldaketaren alorretan eskuduna den sailari atxikitako organo teknikoa izango da, eta legeak ezarritako xedeen jarraipena egitea izango da haren zeregina, eta berotegi gasen emisioen aurreikuspenak egitea.

Halaber, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Arloko Batzorde Zientifikoa eratzea aurreikusi dute, arlo horietako politikak eta neurriak ebaluatzeko eta gomendioak egiteko. Batzorde horren eginkizun nagusia zera izango da, urtero txosten zientifiko bat egitea klimaren bilakaeraren eta haren ondorioei buruz. Eusko Legebiltzarrari igorriko dio txostena.

3

Parte hartze soziala

Trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren alorreko politiketan parte hartze publikoa ahalbidetze aldera, Ingurumeneko Aholku Kontseilua sortuko da, administrazio publikoen eta gizarte, ekonomia eta ezagutzaren sektoreen arteko harremanetarako. Horrekin batera, legeak jasotzen du Eusko Jaurlaritzak trantsizio energetikoari eta klima aldaketari buruzko Euskal Itun Soziala sustatuko duela legean jasotako xedeak garatzen laguntzeko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak parte hartzeko prozesu bat diseinatuko du legea onartu eta sei hilabeteko epean.

Herritarren parte hartzea bultzatze aldera, beste organo bat martxan jartzea aurreikusi dute: Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Herritarren Batzarra: «Batzarra hausnarketa eta ezagutza kolektiboa sortzeko foroa izango da, eta herritarrei aukera emango die informazioa jasotzeko, eztabaidatzeko eta adostasunak lortzeko klima neutraltasuna lehenbailehen lortzeko».

4

Energia planak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta 5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriek klima eta energia planak onartu beharko dituzte, legea indarrean sartu eta bi urteko epean. Eusko Jaurlaritzak gida bat onduko du, non zehaztuko den zer tresna, metodologia eta baliabide erabili behar dituzten plan horiek egiteko.

5

Energia efizientzia

Energiaren azken kontsumoa, gutxienez, %12 apalduko da 2030. urterako, eta %37 2050. urterako –2021eko datuen aldean– . Irekita utzi dute helburuak berrikusteko aukera, eta anbizio handiagoarekin ezartzekoa.

6

Energia berriztagarriak

Energia berriztagarriek azken energia kontsumoari egingo dioten ekarpena, gutxienez, %32koa izango da 2030ean. Administrazioek erraztu egin beharko dute udalerriek energia berriztagarrien proiektuetan parte hartzeko bidea, eta ekimen pribatuko zein publikoko instalazio bat martxan jarri nahi duenak jabetzaren %20 eskaini beharko die gutxienez proiektuak eragindako eremuko herritarrei eta enpresei. Baldintza hori bete beharko dute soilik eguzki energia eta energia eolikoen proiektuek baldin eta, banaka edo batera, kokapen bakoitzeko bost MW-etik gorako potentzia badute.

7

Energia fosilen desinbertsioa

Energia fosilak baztertuz joateko neurri sorta bat bildu dute legean. Besteak beste, jaso dute EAEko administrazio publikoek «modu progresiboan» ordezkatuko dituztela energia fosilak jatorri berriztagarriko energiekin, eta hondakinak kudeatzeko eta ura tratatzeko instalazioek beren karbono aztarna kalkulatu eta plan bat egin beharko dutela aztarna gutxitzeko.

Horrez gain, EAEko administrazioek 2030. urterako bertan behera utzi beharko dute hidrokarburoen esplorazioarekin eta ustiapenarekin lotutako inbertsio oro, baita argindarra ekoizteko erregai fosiletan oinarritzen diren azpiegiturekin ere. Desinbertsio horren ondorioz eskuragarri izango dituzten baliabide ekonomikoak EEE Energiaren Euskal Erakundera bideratu beharko dituzte, energia berriztagarrien proiektuetan edo trantsizio energetikoari lotutakoetan inbertitzeko.

8

Nekazaritza, abeltzaintza, basogintza

 2030. urterako nekazaritza lurren %25 ekologikoak izan daitezen, neurriak hartuko dituzte administrazioek.

9

Fiskalitatea

Udalek, mankomunitateek, aldundiek eta Jaurlaritzak zerga hobariak ezarri ahalko dizkiete energia berriztagarrien edota deskarbonizazioaren aldeko neurriak hartzen dituztenei.

10

Finantzaketa

Legeak bermatuko du Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren gutxienez %2,5 klima ekintzetarako baliatzea. Bost urtean behin, aurrekontuen inpaktua eta ekarpena aztertu beharko du Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskadiko Bulegoak.

11

Kanona

Energia berriztagarrien azpiegituretarako kanon bat ezarriko dute 2025eko urtarriletik aurrera. Parke eolikoek eta fotovoltaikoek potentziaren arabera ordainduko dute zerga hori, eta zuzenean edo zeharka eragindako udalerrietarako izango da bildutako dirua, zenbait eremuri kalte egin izana konpentsatzeko. Kanona bost megawatt baino gehiagoko instalazioek ordaindu beharko dute. Eguzki energiari dagokionez, instalazioak okupatutako hektarea kopuruaren arabera kalkulatuko da ordaindu beharrekoa –700 euro hektareako–. Eolikoei dagokienez, potentziaren eta aerosorgailu kopuruaren menpe egongo da –haize errota bakoitzeko, 2.600-5.400 euro–. Diru hori azpiegiturak ezarritako eremuan inbertituko da.

12

Trantsizio energetikoaren ibilbide orria

Legea indarrean jarri eta eta gehienez ere hamabost hilabeteko epean, Eusko Jaurlaritzak Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren epe luzekoko ibilbide orria eta estrategia onetsi beharko ditu. «Ebidentzia zientifiko eta teknologikoaren» arabera onduko da, eta klima neutraltasuna eta «bidezko trantsizioa» lortzeko bidea definituko du.

    Iruzkinak
    Ez dago iruzkinik

    Ordenatu
    0/500
    Interesgarria izango zaizu
    Nabarmenduak
    Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.