Garridok PSE-EEri eskatu dio «benetako eredu aldaketaren» alde egiteko

EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak sozialistak deitu ditu EAJren «konfort eremutik» atera eta aldaketaren «lehen harria» jartzera.

(ID_17015262930375) Pilar Garrido-Ahal Dugu
EAEko Ahal Dugu-k bilera egin du gaur Arabako militanteekin, Gasteizen. AHAL DUGU
edurne begiristain
2023ko abenduaren 2a
17:25
Entzun

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ordezkatzen duen esparru politikoa indartzeko eta zabaltzeko asmoz, Euskadi berria eraikitzen izeneko prozesu parte hartzailea abiatu zuen Ahal Dugu alderdiak duela astebete inguru. Pilar Garrido Ahal Dugu-ko Euskal Autonomia Erkidegoko idazkari nagusiak eta Guillermo Presa Gasteizko koordinatzaileak prozesu horren xehetasunen berri eman diete gaur Arabako militanteei, Gasteizen. Ekitaldi horretan, Garridok adierazi du aldaketarako abagune bat, «leiho bat», ireki dela ezkerreko indarrentzat, Eusko Jaurlaritzak ordezkatzen duen gobernantza eredua «agortua» baitago. Hala, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezaren hitzak gogoratu ditu, hark ere esan baitu EAJren eredua «zaharkitua» dagoela; hori dela eta, Anduezari galdegin dio EAJrekin partekatzen duen «konfort eremutik» irten eta aldaketaren alde egin dezan: «Haren esku dago benetako eredu aldaketa baten lehen harria jartzen hastea edo EAJren itzalean jarraitu nahi duen erabakitzea; ados bainago harekin, Eusko Jaurlaritza iraganari begira dagoen eredua baita».

Garridoren iritziz, Gasteizko Udala izan zitekeen «benetako eraldaketaren» ispilu, han PSE-EEk eta Elkarrekin-ek hainbat konpromiso adostu baitituzte, baina, artean, sozialistek ez dute bete hitzemandakoa. Haatik, orain udal aurrekontuen negoziazioetan «serio» lan egiten hasteko parada dute sozialistek: «Aldatzeko borondatea hitzetatik ekintzetara igaro behar dute».

Ahal Dugu-ko idazkari nagusiaren iritziz, honezkero ez dute balio «aldaketari» bizkarra emateko «aitzakiek», eta «bestelako politikak eta aliantzak» behar dira. Horren ildotik, ziurtatu du Elkarrekin Podemosek ez duela egungo abagunea alferrik pasatzen utziko, eta «erabakigarria» izango dela ireki den ziklo politiko berrian.

Bestalde, Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiaz mintzatu da Garrido, oso kritiko: «Ibexeko enpresaburua edo brokerra dirudi, guztiontzako lehendakarigaia baino gehiago». Uste du EAJren EBBk haren hautagaitza proposatu izana «oso kezkagarria» dela, mezu argi bat helarazten baitu: «Jarraipena da helburua».

Prozesuaren ekarpenak

Euskadi berria eraikitzen prozesuak ehun ekarpen inguru jaso ditu orain arte, eta, Presaren ustez, horrek erakusten du «aldaketa politikoaren eta eraldaketaren alde egiteko pizten ari den ilusioaren» erakusgarri dela. Haren hitzetan, Elkarrekin taldearen inguruan egituratutako «euskal ezker eraldatzailea» indartsuago egon dadin, ezinbestekoa da prozesu parte hartzailea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.