Ateak noiz zabalduko zain

Gasteiz antzokiaren irekiera behin eta berriz atzeratzen ari da udala, tramite arazoak argudiatuta. Lazarraga elkarteak «kezka» agertu du, eta babesa eskatu die alderdi guztiei antzokia martxan jartzeko.

Ruiz de Bergaratarren jauregian ari dira atontzen Gasteiz antzokia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ruiz de Bergaratarren jauregian irekiko dute Gasteiz antzokia. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2023ko azaroaren 29a
05:00
Entzun

Goldatua dago lurra, ereinda hazia, baina noiz loratuko den inork ez daki. Malkartsua eta geldoa izaten ari da Gasteiz antzokia-Euskararen Etxea proiektuaren bidea —ofizialki Izaskun Arrue kulturgunea deiturikoa—. Eraikinaren obrak aspaldi daude amaiturik, kulturgune berriaren programazioa prest dute Lazarraga elkarteko arduradunek, aurrekontua bideratuta dago, baina Ruiz de Bergaratarren jauregiko atea itxita dago, oraingoz. Aurtengo udaberrian zen martxan jartzekoa, baina gaur-gaurkoz ez dira bete Gasteizko Udalak kulturgunea irekitzeko ezarritako epeak, eta inork ez daki noiz zabalduko duten. Atzerapenarekin kezkatuta dago Lazarraga kultur elkartea, egitasmoaren sustatzailea eta kulturgune berriaren programazioaren arduraduna, eta «ahalik eta lasterren martxan jartzeko» deia egin die udal talde guztiei.

«Oztopoz» beterikoa eta «nahi baino luzeagoa». Horrelakoa izan da kulturgunearen orain arteko bidea: lohiztatua. «Badakigu horrelako egitasmoek luzatzeko joera izan ohi dutela, eta are gehiago hastapenetan baldin badaude, baina ez genuen uste horrenbeste atzeratuko zenik». Proiektuak orain arte egindako bideaz etsirik mintzo da Iñaki Lazkano Lazarraga elkarteko kultura programazioaren arduraduna. Iazko ekainaren 30ean Oihaneder Euskararen Etxeak bere jarduera eten zuenetik, «arazoak bata bestearen atzetik» egon direla deitoratu du, eta ohartarazpena egin: egitasmoaren beraren bideragarritasuna «kolokan» jar dezakete atzerapenek.

Atzerapenak behin eta berriz

Baina zergatik dago ez aurrera, ez atzera Gasteiz antzokia? Lazarraga kultur elkartearen ustez, ez delako egon «planifikazio eta koordinazio egokirik». Proiektua martxan jarri zenean, itxaropena eta poza nagusitu ziren Gasteizko euskaltzaleen artean, aspaldiko eskakizun historiko bati emango baitzitzaion bide: euskararentzat berariazko toki bat, erreferentzia bat, euskarazko kultur sorkuntza eta aisialdirako elkargune bat.

2021eko otsailean hasi ziren Ruiz de Bergaratarren jauregian Gasteizko antzokia eta Euskararen Etxea sortzeko lanak, eta orduan esan zuen udalak 2022an irekiko zituztela ateak. Ez zen halakorik gertatu. Arazoak bata bestearen atzetik pilatuz joan ziren gero: obra kontuetan, lizentzietan... Eta, ostean, atzerapen gehiago. 2022ko urrian, eraikina eraberritzeko urte eta erdiko obrak amaituta zituztenean, Gasteizko Udalak ziurtatu zuen 2023ko urte hasieran irekitzeko prest egongo zela. Baina hitzemandakoa, berriro ere, ezerezean geratu zen.

Eta, gaur-gaurkoz, lehengo lepotik burua: eraikinaren obra amaituta dago, baina, Lazarraga elkartekoek salatu dutenez, udalak ez ditu bideratu eraikinari lotutako hainbat arazo eta lizentzia izapide, eta ikuskizunak eta kontzertuak egin ahal izateko hainbat zeregin egitea falta da oraindik —ikus-entzunezkoen ekipamendu denak jartzea, esaterako–. Gainera, ostalaritza zerbitzua lehiaketara atera behar da, eta oraindik tramite batzuk falta dira. Barrura sartzen denak erdi hutsik dagoen eraikin bat baino ez du ikusiko orain, kulturgune batek ezinbestekoa duena falta baitzaio. «Guztiak egina beharko luke garai honetarako, baina atzerapenek dena katean atzeratzea ekarri du», ohartarazi du Lazkanok.

Euskaltzaleentzako erreferentzia, etenda

Lazarraga kultur elkartearen ardura da kulturgunearen programazioa diseinatzea eta hori gauzatzea, Gasteizko Udalarekin sinatutako hitzarmen batean jasota dagoenez. Izaten ari diren atzerapen guztien ondorioz, baina, elkarteak hainbat aldiz diseinatu eta planifikatu behar izan du egitaraua, baina artean ezin izan du aurrera eraman. Lazkanok azaldu duenez, hiruzpalau programazio egin behar izan ditu, hainbat talderekin hitz eginda zituzten emankizunak bertan behera utzi behar izan dituzte eta.

Gasteiz Antzokia
Gasteiz antzokia. ENDIKA PORTILLO/FOKU

2014az geroztik eta iazko ekainera bitarte, Lazarraga kultur elkarteak Oihaneder Euskararen Etxea gisa ezagutu den eraikinean antolatzen zituen euskarazko musika, erakusketa, ikastaro, proiekzio, deialdi eta bestelako jarduera asko, eta talde euskaltzaleentzako erreferentzia gunea zen. Egun, baina, jarduera horiek denak etenda daude, berez Gasteiz antzokian programatu beharko liratekeelako. Egoerarekin kezkaturik dago Lazkano: «Gasteiztarrek hamazazpi hilabete daramatzate euskarazko kultura jarduera murriztua, sorkuntzarako lekuen eta laguntzaren faltan, eta euskaltzaleok topagune izateko erreferentzia gunerik gabe».

Hain justu ere, aurreikusitako programa bete ez dela aitzakiatzat harturik, aurten jasotako diru laguntza guztia itzultzeko eskatu dio PPk elkarteari. Haserre hartu dute eskaera Lazarraga elkartekoek, eta argitu dute diru laguntzarekin, programazioa ez ezik, proiektuaren beraren diseinua eta definizioa eta marketin estrategia ere landu dituztela, hiriko euskal eragileekin lankidetzan. «Urte osoa daramagu lanean, eta ez bakarrik programazioarekin. Behin eta berriz diseinatu eta egokitu den programazioa da gauzatu ez den bakarra, elkarteak ez duelako tokirik izan hori egiteko», esan du Lazkanok. Eta argitu du: «Horri dagokion diru laguntzaren zatia itzuliko diogu udalari, noski».

«Gasteiztarrek hamazazpi hilabete daramatzate euskarazko kultura jarduera murriztua, sorkuntzarako lekuen eta laguntzaren faltan, eta euskaltzaleok topagune izateko erreferentzia gunerik gabe».

IÑAKI LAZKANOLazarraga Kultur Elkartea

Azken egunotan politikarien aldetik sortutako zaratak ez dio onurarik ekarriko proiektuari, Lazkanok ohartarazi duenez. Bereziki «kaltegarri» iritzi dio PPren jarrerari: «Proiektua bera kaltetu nahian dabil», salatu du. Gasteiz antzokia politikarien ika-miketatik atera, eta proiektuari bultzada ematea nahi dute elkartekoek, eta helburu horrekin egin zuten publiko agiri bat duela egun batzuk. Agiri horretan, aginte ardurak dituztenei galdegin zieten prozedurak «azkartzeko», arazoak konpontzeko «alternatibak» proposatzeko eta kulturgunearen irekiera egoki baterako baliabideak jartzeko; oposizioko alderdiak, berriz, kontrol lanak egitera eta egitasmoa babesten jarraitzera deitu zituzten.

Zailtasunak zailtasun, Lazkanok azpimarratu du «konpromiso osoa» dutela Izaskun Arrue kulturgunean gauzatuko den proiektuarekiko. Gaur-gaurkoz zaila da jakitea noiz irekiko duten antzokia, baina argi dute ez dela aurten izango. Udalak berak aitortu du ezin dela eperik zehaztu baina lanean jarraituko duela lehenbailehen izan dadin. Lazarraga elkartekoak sinetsita daude «berandu baino lehen» egoerari buelta emango zaiola, eta, atzerapenak atzerapen, irekitzea lortuko dela. Gogoa bederen sobera dute: «Diseinatu ditugun egitarauak, egitasmoak eta gainerako asmoak herritarrekin partekatzeko gogotsu gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.