Opik taldeko ikerlariak

Amaia Bacigalupe eta Xabi Martinez: «Egunero medikatzea normala bilakatu da gazteen artean ere»

14 eta 18 urte bitarteko ikasleek antsiolitiko eta hipnosedatzaileekin zer harreman duten ikertu du Opik taldeak. Azken urteko gorakada «historikoaren» arrazoiak aztertu dituzte.

2023-11-22, Gasteiz. Xabi Martinez eta Amaia Bacigalupe, OPIK ikerketa taldeko kideak
Amaia Bacigalupe eta Xabi Martinez, OPIK ikerketa taldeko ikerlariak, asteazkenean, Eusko Legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2023ko azaroaren 25a
05:10
Entzun

Ikerketa zientifiko ugariren arabera, antsiolitikoen eta hipnosedatzaileen (AHS) erabilerak gora egin du azken urtean. 14 eta 18 urte bitarteko gazteen kontsumoan jarri dute arreta Amaia Bacigalupe (Portugalete, Bizkaia, 1980) eta Xabi Martinez (Gasteiz, 1998) EHUko Opik taldeko ikerlariek. Gorakadaren arrazoiak «sistemikoak» direla adierazi dute, eta gizarteko genero desberdintasunak farmako horien kontsumoan ere islatzen direla.

Zer dira eta zertarako balio dute AHSk?

XABI MARTINEZ: Normalean, bi funtzio dituzte: lasaitzea eta loa eragitea. Hau da, antsietatea arintzeko balio dute, eta lo hartzeko.

AMAIA BACIGALUPE: Baina berezitasun bat dute: tolerantzia eta mendekotasuna sortzen dituzte. AHSak luzaz hartu behar dituztenak tolerante bilakatzen dira, eta dosia handitu behar dute farmakoak efektua egiten jarraitu dezan. Dosia handitzeak mendekotasuna sortzen du askorengan, eta, ondorioz, gehienek abstinentzia sindromea jasaten dute azkenean.

14 eta 18 urte arteko emakumezkoek gizonezkoek baino AHS gehiago kontsumitzen dituztela ondorioztatu duzue. 18 urte betetzean, emakumezkoen %30ek hartu dituzte noizbait. Zer lotura du sexuak farmako horien kontsumoarekin?

MARTINEZ: 14 eta 18 urteko gazteekin lan egin dugu guk, baina adin tarte ia guztietan dago sexu arrakala hori.

Zeinetan ez?

MARTINEZ: 12-13 urteko umeen artean datu berdintsuak ikusten dira, eta 14 urtetik aurrera hasten da desberdintasuna nabarmentzen. Hala ere, aipatzekoa da substantzia hori dela emakumeek gizonek baino gehiago kontsumitzen duten bakarra. Alkoholaren, kalamuaren eta bestelako substantzien kasuan, gizonak dira kontsumitzaile nagusiak.

BACIGALUPE: Horregatik ez dauka zentzurik prebentzio estrategia orokortu batek. Genero baldintzatzaileek lotura oso estua dute farmakoen zein beste drogen kontsumoarekin, eta ezin da plan bera martxan jarri AHSen kontsumoa eta alkoholarena erregulatzeko, adibidez.

Gainera, arrakala 14 urtetik aurrera handitzen da. Adin tarte horretako gizonak eta emakumeak egoera oso kontrajarrian daude. Identitatea eraikitzen hasten dira, eta gizarte mandatuek ageriko eragina dute. Gizartearen inposaketek ondoeza sortzen diete emakumeei, eta hori kudeatzeko hartzen dituzte AHSak. Gizonek, ordea, jarrera disfuntzionalak izateko joera dute.

Zergatik?

BACIGALUPE: Herentzia kontua da. Neska gazteek ikusi eta ikasi dute amak edota amamak nola kudeatzen duen ondoeza. Normalean, biolentziarik gabe egiten dute, eta testuinguru pribatuetan: barrurantz.

«Gure ikerketaren asmoa ez da farmakoen erabilera estigmatizatzea eta deabrutzea, baizik eta kontsumo horren arrazoietan arreta jartzea eta esanahi bat ematea». 

XABI MARTINEZOpik taldeko ikerlaria
Hala ere, gizonezkoen kontsumoan ere gorakada handia antzeman duzue. Gizonek ere antsietatea badute, zergatik dago hainbesteko aldea datuetan?

MARTINEZ: Mutilek, orokorrean, bi erantzun mota dituzte: oso disruptiboak izaten dira, edo bakartu egiten dira. Askotan, ondoeza ezkutatu egiten dute, eta ezkutatze horrek eragiten du, hain zuzen, apurtzen direnean apurketa bortitzagoa eta gogorragoa izatea.

Farmako horiek normalizatzea da zuen kezka nagusietako bat. Muga sendoagoak egon beharko lirateke halakoak lortzeko?

BACIGALUPE: Zaila da horri erantzutea. Egunero medikatzea normala bilakatu da gure gizartean, baita gazteen artean ere, eta bai, osasun zerbitzuetan normalizazio horri mugak jartzeaz hausnartu beharko litzateke.

MARTINEZ: Hala ere, gure ikerketaren asmoa ez da farmakoen erabilera estigmatizatzea eta deabrutzea, baizik eta kontsumo horren arrazoietan arreta jartzea eta esanahi bat ematea.

Ikerketari esker igarri duzue gurasoen ikasketa mailak eragin zuzena duela seme-alaben AHSen kontsumoan.

BACIGALUPE: Bai, baina beste faktore askok bezala. Norberaren ikasketa mailak ere eragina du, adibidez. Deigarria iruditu zait, bereziki, amen ikasketa mailak alabengan duen eragina. Askoz eragin handiagoa du alabengan semeengan baino, eta aiten ikasketa mailak baino askoz gehiago eragiten die. Eta hori ez da zoriz gertatzen.

MARTINEZ: Zaintzaren izenean gertatzen da hori guztia. Lehen aipatzen genuen herentziaren eraginez.

BACIGALUPE: Eta hor sartzen da osasun sistemaren eginbeharra. Sistemak joera dauka depresioa eta antsietatea emakumeei gizonei baino askoz gehiagotan diagnostikatzeko.

Zergatik gertatzen da hori?

MARTINEZ: Betiko debatea da hori: emakumeei gehiegi diagnostikatzen zaie, edo gizonei gutxiegi? Agerikoa da ikuspegi androzentrista batetik hartzen direla erabaki horiek.

Hezkuntza afektibo-sexuala proposatzen duzue kontsumoa apaltzeko irtenbideen artean. Zertan lagundu dezake horrek?

BACIGALUPE: Lehenago ekin beharko litzaioke heziketa sexualari. Askotan, ematen du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza arte ez dagoela sexu eta genero desberdintasunik, eta ez da horrela. Lehen Hezkuntzan hasten dira desberdintasunak errotzen.

MARTINEZ: Askotan, gainera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan gazteek jasotzen duten heziketa sexualean haurdun ez geratzeko prebentzio neurriak eta sexu transmisiozko gaixotasunak baino ez dira lantzen. Heziketa afektibo-sexualak lor dezake gazteek beren arazoak ulertzea.

BACIGALUPE: Eta hori ez da gutxi.

«Ezin da zera egin: norbait azkar artatu, zer arazo dituen identifikatzen lagundu, eta, gero, hiru hilabetez bazter utzi». 

AMAIA BACIGALUPE Opik taldeko ikerlaria
Hezkuntza eremuan ez ezik arlo klinikoan ere irtenbideak aurkitu behar direla plazaratu duzue. Noren esku dago osasun arloan gazteen osasun mentala hobetzeko neurriak hartzea?

BACIGALUPE: Osakidetzak izan beharko luke ardura, eta guztioi –baina bereziki gazteei– osasun mentala artatzeko kalitatezko zerbitzu bat eskaini. Horretarako zerbitzuak jarraitua izan beharko luke.

Ezin da zera egin: norbait azkar artatu, zer arazo dituen identifikatzen lagundu, eta, gero, hiru hilabetez bazter utzi. Eta, noski, jarraitutasun hori benetakoa izan dadin, profesional berak artatu beharko luke pazientea prozesu osoan. Tamalez, lehen arretaren egoera ikusita, hau da, egunero langileak aldatuta eta jendea etengabe bazterrean utzita, ezinezkoa da. 

MARTINEZ: Osakidetzarekin batera, instituzioek ere esku hartu beharko lukete: osasun mentala hobetzeko gazte politikak egin, lan merkatuan gazteen interbentzioa sustatu… Horrelako neurriak ere ulertu behar dira osasun mentala sustatzeko neurri gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.