Naziogintza

Vueltan ere «euskal nortasuna» zabaltzera deitu dute Gure esku-k eta Nafarroa Berriz Altxa-k

Irailaren 9an eta 10ean, Larra-Belaguan eta Lekunberrin bukatuko diren etapetan, ikurrinak eta Nafarroako banderak banatuko dituzte. Errepideak «euskal ikurrez» beteko direla iragarri dute.

Espainiako Vuelta Nafarroatik eta Zuberoatik igaroko dela probestuz, aldarrikapen ekintzak iragarri ditu Gure Esku egitasmoak. JAGOBA MANTEROLA, FOKU.
xabier martin
2023ko irailaren 2a
11:18
Entzun

Uda hasieran, Frantziako Tourrak Euskal Herria igaro zueneko euskal nortasunaren erakustaldiak bere parekoa izango du Espainiako Vueltan. Irailaren 9an eta 10ean, larunbatez eta igandez, Nafarroko lurraldean sartuko da txirrindularitza proba hori, eta errepideak ikurrinez eta Nafarroako banderez beteko dira, kirolariak «errespetuz» agurtzen dituzten bitartean, «euskal nortasuna harro zabaltzeko». Horrela jakinarazi dute Gure esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek, Iruñean egindako agerraldi batean. «Tourrean, munduari ez ezik, geure buruari ere gogorarazi genion zailak diruditen gauzak posible egiteko gaitasuna dugula elkarrekin aritzen garenean», adierazi du Josu Etxaburu Gure Esku-ren bozeramaileak. «Norabide berean pedalkadaz pedalkada aurrera goazenean herri gisa erronkei aurre egiteko gai garela erakutsi genuen», jarraitu du Etxaburuk. Datorren astean Espainiako Vuelta ere Euskal Herritik igaroko dela gogoratu du, eta erantsi du urte berean «Euskal Herrikoak ez diren bi froga» hartuko dituela Euskal Herriak: «Oraingoan ere berdin erantzungo diogu, txirrindulariak errespetuz animatuz, baina aldi berean geure nortasuna eta ikurrak harro zabalduz eta geure aldarria argi utzita: zazpi lurraldeko herria gara, geure artean ez dugu mugarik nahi, eta geure etorkizun politikoa libre eta demokratikoki erabaki nahi dugu».

Muga arrotzak

Vuelta Nafarroan ibiliko da datorren asteburu osoan, eta Zuberoatik ere igaroko da. Irailaren 9ko etapa Larra-Belaguan amaituko da, eta irailaren 10ekoa Iruñean hasi eta Lekunberrin amaituko da. Bi egun horietan, Gure Esku-k eta Nafarroa Berriz Altxa-k zenbait egitasmo bultzatuko dituzte «zazpi lurraldez osatutako herri honen erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko».

Irailaren 9an, larunbatarekin, etapa amaiera inguruan ikurrinen banaketa egingo dute, eta, Izaban, egun osoan ikur salmenta eta kale animazioa egongo dira. Irailaren 10ean, berriz, Iruñean, Sarasate pasealekuan elkartzera deitu dute, 12:00etan, «makiladun ikurrinak banatzeko»; Lekunberrin, berriz, 12:30ean, Ibarberri ikastetxetik kalejira abiatuko da, eta, herri bazkariaren ostean, etapara joango da jendea, «geure ikur eta koloreekin». «Askotan gure ikurrak ez dituzte errespetatzen, ezin ditugu gure herriaren ohiturak eta kultura askatasunez bizi», salatu du Nafarroa Berriz Altxa elkarteko kide Amagoia Susperregik. «Euskara nafar guztion hizkuntza da, eta horrela tratatu beharko lukete, baina muga artifizialak pairatu eta bigarren mailako tratamendua jasotzen du», erantsi du. «Ezin dugu zerbitzu publikoetan normaltasunez erabili: identitatearen zati bat ezkutatu nahi dute».

Irailaren 9ko etapa Larraineko mugatik pasatuko da. «Arrotza da muga da hori: egunerokoan itxita daukate, eta soilik lasterketarako zabalduko dute», azaldu du Susperregik. «Guk zabalik nahi dugu, gure herrian libre mugitzeko, gure artean ez baitugu mugarik nahi», aldarrikatu du. Hori guztia kontuan hartuta, Nafarroa Berriz Altxa-k «orain ere ‘Euskal Herriak erabaki’» esango duela helarazi du; «guk erabaki nahi ditugulako bai bi estatuekiko bai gure arteko harremanak». Elkartearen arabera, «herritarren esku dago» aldarri horiek kalera ateratzea eta «adostasunak jostea, aldarriok tresna bihurtzeko eta tresna horien bidez erabakiak gauzatzeko». Frantziako Tourra Bilbotik irten zen joan den uztailaren lehenean. Lehen etapa hori Bizkaiko hiriburuan hasi eta bukatu zen. Bigarrena, berriz, Donostian amaitu zen, eta hirugarrenaren zati bat ere Euskal Herritik igaro zen. Bidasoko muga gurutzatu zuen hirugarren etapa horrek, Irundik Hendaiara, eta Ipar Euskal Herriko lurretan ibili ondoren atera zen Euskal Herritik.

Toki estrategikoak

Hiru egun horietan, ikurrinek errepideak, mendiak eta ibilbideetako beste eremu estrategiko ugari hartu zituzten, euskal nortasunaren eta burujabetzaren aldeko erakustaldi handia eginez, esaterako, Irun eta Hendaia arteko Bidasoako mugan, milaka lagunek muga hori ikusezin egin zutenean. Ez du erraza ematen Tourraren agertoki horretan zabaldu zen erakustaldiaren parekoa errepikatzeak, Vueltak ez baitu Tourraren kirol maila eta hedabideen arreta bera; gainera, Espainiako agintaritzak kudeatuko ditu kirol proba eta haren telebista irudiak. Zailtasunak zailtasun, ordea, Gure Esku-ren bozeramaile Etxaburu baikor da Vueltan ere euskal herritarrek eman dezaketen erakustaldiari begira: «Oraingoan ere lortuko dugu; geure ikur eta kolorez beteko ditugu errepideak. Argi geratuko da Euskal Herria dela hau, Nafarroa zein Zuberoa herri honen parte direla, eta geure herriak estatus politikoa lortu arte elkarri eskua emanda lanean jarraituko dugula».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.