Vueltan ere «euskal nortasuna» zabaltzera deitu du Gure Esku-k

Irailaren 9an eta 10ean, Larra-Belaguan eta Lekunberrin bukatuko diren etapetan, ikurrinak eta Nafarroako banderak banatuko dituzte. Errepideak «euskal ikurrez» beteko direla iragarri dute

Aurtengo Tourreko bigarren etaparen amaiera, Donostian; Lafay gailendu zen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
xabier martin
2023ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Uda hasieran, Frantziako Tourrak Euskal Herria igaro zueneko euskal nortasunaren erakustaldiak parekoa izango du Espainiako Vueltan. Irailaren 9an eta 10ean, larunbatean eta igandean, Nafarroko lurraldean sartuko da txirrindularitza proba hori, eta errepideak ikurrinaz eta Nafarroako banderaz beteko dira, kirolariak «errespetuz» agurtzen dituzten bitartean, «euskal nortasuna harro zabaltzeko». Horrela jakinarazi zuten atzo Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek, Iruñean egindako agerraldi batean.

«Tourrean, munduari ez ezik, geure buruari ere gogorarazi genion zailak diruditen gauzak posible egiteko gaitasuna dugula elkarrekin aritzen garenean», adierazi zuen Josu Etxaburu Gure Esku-ren bozeramaileak. «Norabide berean pedalkadaz pedalkada aurrera goazenean, herri gisa erronkei aurre egiteko gai garela erakutsi genuen», jarraitu zuen Etxaburuk.

Datorren astean Espainiako Vuelta ere Euskal Herritik igaroko dela gogoratu zuen, eta erantsi urte berean «Euskal Herrikoak ez diren bi proba» hartuko dituela Euskal Herriak: «Oraingoan ere berdin erantzungo diogu, txirrindulariak errespetuz animatuz, baina aldi berean geure nortasuna eta ikurrak harro zabalduz eta geure aldarria argi utzita: zazpi lurraldeko herri bat gara, geure artean ez dugu mugarik nahi, eta geure etorkizun politikoa libre eta demokratikoki erabaki nahi dugu».

Muga arrotzak

Vuelta Nafarroan ibiliko da datorren asteburu osoan, eta Zuberoatik ere igaroko da. Irailaren 9ko etapa Larra-Belaguan amaituko da; irailaren 10ekoa Iruñean hasi eta Lekunberrin amaituko da. Bi egun horietan Gure Esku-k eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteak zenbait ekinaldi bultzatuko dituzte «zazpi lurraldez osatutako herri honen erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko». Irailaren 9an, larunbatarekin, etapa amaieraren inguruan ikurrinak banatuko dituzte, eta, Izaban,ikur salmenta eta kale animazioa egongo dira egun osoan. Irailaren 10ean, berriz, Iruñeko Sarasate pasealekuan elkartzera deitu dute, 12:00etarako, «makiladun ikurrinak banatzeko»; Lekunberrin, berriz, kalejira abiatuko da 12:30ean, Ibarberri ikastetxetik, eta, herri bazkariaren ostean, etapara joango da jendea «geure ikur eta koloreekin».

«Askotan gure ikurrak ez dituzte errespetatzen, ezin ditugu gure herriaren ohiturak eta kultura askatasunez bizi», salatu zuen Nafarroa Berriz Altxa elkarteko kide Amagoia Susperregik. «Euskara nafar guztion hizkuntza da, eta horrela tratatu beharko lukete, baina muga artifizialak pairatu eta bigarren mailako tratamendua jasotzen du», erantsi zuen. «Ezin dugu zerbitzu publikoetan normaltasunez erabili: identitatearen zati bat ezkutatu nahi dute».

Irailaren 9ko etapa Larraineko mugatik pasatuko da. «Arrotza da muga hori: egunerokoan itxita daukate, eta soilik lasterketarako zabalduko dute», azaldu zuen Susperregik. «Guk zabalik nahi dugu, gure herrian libre mugitzeko, gure artean ez baitugu mugarik nahi», aldarrikatu zuen.

Hori guztia kontuan hartuta, Nafarroa Berriz Altxa elkarteak «orain ere 'Euskal Herriak erabaki'» esango duela helarazi zuen; «guk erabaki nahi ditugulako bai bi estatuekiko bai gure arteko harremanak». Elkartearen arabera, «herritarren esku dago» aldarri horiek kalera ateratzea eta «adostasunak jostea, aldarriok tresna bihurtzeko eta tresna horien bidez erabakiak gauzatzeko».

Frantziako Tourra Bilbotik irten zen uztailaren lehenean. Lehen etapa Bizkaiko hiriburuan hasi eta bukatu zen. Bigarrena, berriz, Donostian amaitu zen, eta hirugarrenaren zati bat ere Euskal Herritik igaro zen. Bidasoko muga gurutzatu zuen hirugarren etapa horrek, Irundik Hendaiara, eta Ipar Euskal Herriko lurretan ibili ondoren, Euskal Herritik atera.

Toki estrategikoak

Hiru egun horietan, ikurrinekerrepideak, mendiak eta ibilbideetako beste eremu estrategiko ugari hartu zituzten, eta euskal nortasunaren eta burujabetzaren aldeko erakustaldi handia egin; esaterako, Irun eta Hendaia arteko Bidasoko mugan, milaka lagunek muga hori ikusezin egin zutenean.

Ez du erraza ematen Tourraren agertoki horretan egin zen erakustaldiaren parekoa egitea, Vueltak ez baitu Tourraren kirol maila, ezta hedabideen arreta bera ere; gainera, Espainiako agintaritzak kudeatuko ditu kirol proba eta haren telebista irudiak.

Zailtasunak zailtasun, ordea, Gure Esku-ren bozeramaile Etxaburu baikor da, euskal herritarrek Vueltan ere erakustaldia egin dezaketelakoan: «Oraingoan ere lortuko dugu, geure ikur eta kolorez beteko ditugu errepideak. Argi geratuko da Euskal Herria dela hau, Nafarroa eta Zuberoa herri honen parte direla, eta geure herriak estatus politikoa lortu arte elkarri eskua emanda lanean jarraituko dugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.