Voxen aurka egindako kontzentrazioagatik 21.000 euroren isunak ezarri dizkiete 31 laguni

Iruñerriko GKSk salatu du Espainiako Gobernu Ordezkaritzak jarri dituela isunak, eta ez zituela lagun horiek identifikatu. Jazarpen politikoa salatzeko, mobilizatzera deitu dute urtarrilaren 25erako.

(ID_17359227993645) Isunak salatu dituzte
Iruñerriko GKSk elkarretaratzea egin du gaur Iruñeko Merindades plazan, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean. IRUÑERRIKO GKS.
2025eko urtarrilaren 3a
18:10
Entzun

Urriaren 12an, Iruñerriko GKSk deituta, ehunka lagun elkartu ziren faxismoaren gorakada salatzeko. Eskuin muturreko alderdiak «Espainiako nazionalismo erreakzionarioari gorazarre egiteko» baliatu nahi izan zuen eguna, eta haren kontra erantzun nahi izan zuten GKSkoek. Bi hilabete baino gehixeago igaro dira, eta Espainiako Gobernu Ordezkaritzak isunen jakinarazpenak bidali dizkie 31 laguni. 21.000 eurorenak, guztira.

Eguerdian, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean elkarretaratu dira jokabide hori gaitzesteko. Ohar baten bidez adierazi dutenez, isuna bidali dieten lagun horiek ez zituen Espainiako Poliziak identifikatu.

Arau hauste larria egotzi diete, baina Iruñerriko GKSko kideek adierazi dute Voxen kontzentrazioa oztopatzen saiatu zirelako zigortu dituztela. «Isunok aurrekari oso arriskutsua ezartzen dute; izan ere, zigor irmoa ezartzen diote goraldian dauden indar erreakzionarioen kontrako protesta bati, eta erreakzionarismoa sendotzeko bidea irekitzen du». 

Ironikoki, adierazten duenaren kontrako jokabidea izatea leporatzen diote Madrilgo gobernuari. Izan ere,  «Espainiako Gobernu aurrekoienari» aurpegiratzen diote jazarpena erabili duela faxismoaren indar instituzionalaren aurka mobilizatzen direnak zigortzeko. Iruñerriko GKSren arabera, kapitalismoaren krisiari erantzuteko «autoritarismoa proposatzen du faxismo horrek, eta langileen eta zapalduen kontra egin nahi du». Hala, haien ustez, gobernuak jarritako isunak langileriaren eskubideak murrizteko joera orokor horren barnean kokatu behar dira.

Elkartasunerako bi bide

Elkartasuna adierazi nahi izanez gero, eskura jarri dituzte kontu korronteak.

Bestetik, manifestazio batera deitu dute urtarrilaren 25erako; Iruñean egingo dute, faxismoaren kontra egiteko eta isuna jarri dieten gazteei elkartasuna adierazteko. Eskuin muturrari kalean aurre egin behar zaiola azpimarratu dute: «Egoera horretan, premiazkoa da langile-klasearen eskubide politikoen aldeko borroka hedatzea, faxismoaren jarduna ekiditea, haren presentzia desnormalizatzea eta hari espazio guztietan aurre egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.