Eskuin muturrari atea itxi diote Nafarroako Parlamentuan. Normalean, talde orok aurkeztutako ekinaldi orok Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordearen galbahea pasatzen du, baina lehen aldiz PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak eragotzi egin dute Voxen mozio batek aurrera egitea. PSNko Ramon Alzorrizek aurreratu du aztertzen ari direla testuko edukia fiskaltzaren esku uztea, gorroto delitua egon daitekeelakoan.
Ohi baino bilkura luzeagoa izan dute taldeetako eledunek, eta bilera beroa izan da, gainera. PSNk proposatu du Voxek aurkeztutako mozioari bidea ixtea eta mahaiko gehiengoak bat egin du. Maite Nosti eskuin muturreko eledunak «ahobero» deitu dio orduan Ramon Alzorriz eledun sozialistari. «Eskuineko beste bi alderdiek barre egin dute, esku artean delitu izan daitekeen zerbait zutenean», salatu du PSNko kideak.
PSNko ordezkariak gogora ekarri duenez, fiskaltzak irizpide gisa ezarri du gorroto deliturik egon den aztertzea giza duintasunarekiko erdeinua agertuz gero «egitez edo omisioz». Alzorrizen arabera, Voxen testuari hori leporatu dakioke zuzenean lotzen dituelako «legez kanpoko etorkinak» eta delinkuentzia, oso hizkuntza zabarra erabiliz: «Herritarrak auzoetan ordaintzen ari dira multikulturalismoaren onurak: sastakadak, aihotz kolpeak, indarkeria handiagoa eta sexu eraso gehiago», dio mozioak pasarte batean.
EH Bilduko Adolfo Araizen arabera, eskuin muturreko ekinaldietan ez parte hartzeko irizpidea du koalizio abertzaleak, eta Voxen proposamenik ez du aztertzen. Oraingoan, baina, edukiaren larritasuna ikusita, salbuespena egin dute. «Haren edukia gaitzetsi nahi dugu gorrotoaren benetako apologia delako eta erabateko mespretxua adierazten diotelako EBra sartu nahi duten pertsonei». Araizen arabera, salagarria da eskuineko alderdiek delinkuentzia aipatuz heltzea migrazioaren moduko gai konplexuari.
Geroa Baiko Pablo Azkonaren arabera, pertsona migranteen eskubideak urratzen ditu testu horrek. «Gorroto diskurtso horiek ez ditugu onartzen, eta ez dugu hor parte hartuko».
Zurekin Nafarroako Daniel Lopezek gogora ekarri du Voxek erabilitako adierak (legez kanpoko etorkinak) pertsona horiei gizatasun oro kentzea baizik ez duela bilatzen. Halaber, Lopezen arabera, gizarte orok aurrera egiteko etorkinak behar ditu, eta horren erakusle jarri ditu Gizarte Segurantzako afiliazioaren azken datuak. Nafarroan, izena eman duten langile berrien %35,6 dira etorkinak. Migrazioan inbertitzen den euro bakoitzeko bi jasotzen direla azpimarratu du.
UPNren eta PPren defentsa
Eztabaida horretan, Voxen alde jarri dira UPN eta PP, uste baitute aurrekari arriskutsua ezartzen duela. «Ados egon zaitezke edo ez, edo guztiz kontra, baina hemen auzia zera da, Alzorrizek erabakitzen duela zer eztabaidatu daitekeen eta zer ez», kritikatu du Esparzak. Haren irudiko, «zentsura heldu da» legebiltzarrera: «Vox alderdi minoritarioa da, eta PSNk hura erabiltzen du etekin politikoa ateratzeko asmoz».
Haren hitzetan, bilkuran, Nafarroako Parlamentuko legelariak argudiatu du ez legebiltzarra ez eta parlamentuko mahaia ere ezin daitezkeela sartu mozio baten edukian, eta, horren gaineko jurisprudentzia dagoenez, tramiterako onartu behar dela. Esparzaren hitzetan, legelariak aipatu du mozio batek bete beharreko irizpideak bete dituela.
PPko Javier Garciak antzeko argudioak erabili ditu, eta mozioaren edukiari erreparatu gabe, PSNri leporatu dio soilik bere agenda politikoarekin bat egiten duten alderdiak babesten dituela.