Gaur goizean osoko bilkura egin dute Nafarroako Parlamentuan, gobernuaren kontrol saioa. Komunikabideen arreta, baina, Vox-eko parlamentari ohi Maite Nostik bereganatu du. Azaldu du alderdi horren egungo zuzendaritzatik «aldenduta» dagoelako hartu duela eskuin muturreko alderdia uzteko erabakia.
Espainiako zuzendaritzak aukeratu zuen Nosti Nafarroako zerrendaburu aurkezteko. Atzo komunikabide bati esan zionez, alderdiak lerro ideologikoa «apur bat» aldatu zuelako hartu du Vox uzteko erabakia. Gaur, berriz, esan du Nafarroako zuzendaritzarekin «sekulako desadostasunak» dituela. «Haiek ideologia bat dute; berria dirudi. Guk, berriz, hemen sartu gineneko ideologia bera dugu».
Nostiren hitzek islatzen dute zatiketa dagoela eskuin muturreko alderdiaren barruan. Nostik adierazi du erabakiak ez duela zerikusirik astelehenean Eledunen batzordean gertatutako bozketarekin —astearteko terrorismoaren biktimen Europako egunaren harira, Nafarroako Gobernuak babestutako adierazpen instituzional baten alde egin zuen Nostik—.
Haren esanetan, asteartean Iruñean biltzekoak ziren bi parlamentariak Monserrat Lluis Vox-eko Gobernu Ekintzako idazkariarekin. Emilio Jimenez legebiltzarkidea ez zen bertaratu «arrazoi pertsonalak tarteko», Nostik azaldu duenez. «Bilera horretan, Lluis andereak esan zidan lurralde zuzendaritzak sortutako arazoei ez niela jaramonik egin behar, eta harritu egin nintzen», esan die kazetariei, eta gaineratu du: «Leporatu zidan Vox-en ideologiaren aurka joan izana, terrorismoaren biktimen Europako egunaren harira adierazpen instituzionala babestu nuelako».
Nostik zehaztu du bozketa hori «aitzakia gisa» erabili duela alderdiak. Bere esanetan, ez zen aldebakarreko erabakia izan, eta Jimenez alderdikideak ere bat egin zuen. «Hori egiaztatzen duten audio batzuk ditut, Whatsapp bidez komunikatu baikinen».
Aktari eutsiko dio
Parlamentari aktari eutsiko dio. «Akta hori legebiltzarkidearena da, eta nire eskubidea da», arrazoitu du. Dena den, ez du ezeztatu etorkizunean hari uko egiteko aukera. «Transfuga naizela esatea itsusia da. Konstituzioak babesten nau, eta akta nirea da». Bere esanetan, lanean jarraituko du parlamentuan, Vox-ek hartutako norabide ideologikoa «ez delako egokiena». Azaldu du bere erabakiak ez duela zerikusirik alderdiak Jimenez eledun izendatzeko asmoarekin.
Erabakiak ondorioak izango ditu bi parlamentarien jardunean. Vox parlamentari elkartea izan da orain arte Parlamentuko egituran. Haatik, elkarte bat izateko, bi kide izan behar dira gutxienez, eta, horregatik, Parlamentuko Mahaiak talde mistora pasatu du gaur Jimenez. Nosti atxiki gabeko parlamentari izango da aurrerantzean. Soilik batzorde batean parte hartu ahalko du. Ekonomia eta Ogasun batzordea hautatu du berak.