Vitoria Solar 2 parke fotovoltaikoari bidea eman dio Eusko Jaurlaritzak

Vitoria Solar 1 instalazioarekin batera, 100 megawatteko potentziako parkea osatuko du. 90.000 panel baino gehiago izango ditu.

EGUZKI PLAKAK
Erriberabeitiko (Araba) parke fotovoltaiko bat. ENDIKA PORTILLO / FOKU
inaut matauko rada
2024ko urtarrilaren 11
16:05
Entzun

Indarberri sozietateari Vitoria Solar 2 parke fotovoltaikoa eraikitzeko baimena eman dio Industria Administrazioaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak. Aurretiazko baimena eman diote, eta sei hilabeteko epea du orain eraikitzen hasteko administrazio baimena eskatzeko. Gasteizen eta Burgun (Araba) jarriko dituzte panelak.

49,99 megawatteko gehienezko potentzia izango du parkeak, eta, potentzia bereko Vitoria Solar 1 parkearekin batera (Gasteizen eta Arratzua-Ubarrundian), 100 MWera iritsiko da instalazio osoa. Vitoria Solar 2parkean 90.074 panel jarriko dituzte.

Sektore pribatuaren eta publikoaren arteko elkarlan eredua da Indarberri. Solaria enpresak eta Energiaren Euskal Erakundeak sortu zuten, 2022an. %70eko partaidetza pribatua du, eta %30eko publikoa. Gasteiz inguruan eraiki nahi dituzten bi parkeak egiteko batu ziren, hain zuzen ere.

Nafarroan ere parke gehiago

Nafarroan ere eguzki panelez osatutako beste parke batzuk eraikitzeko baimena ematen ari da Maria Txibiteren gobernua egunotan. Gaur bertan, Corellan dagoen El Montecillo parke eolikoaren lurretan eguzki plakak jartzeko baimena eman dio Nafarroako Gobernuak El Cierzo sozietateari; 21 hektarea izango ditu, eta 9 megawatteko gehienezko potentzia.

Bestalde, atzo lau partzela komunalen desafektazioa onartu zuen Txibiteren gobernuak; foru intereseko proiektu izendatu zituzten aurrez. Castejonen parke fotovoltaiko bat eraikiko dute, eta Tuteran beste bat, eta guztira 90 megawatteko potentzia izango dute; espero dute gutxienez 30 urte iraungo dutela instalazioek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.