Indarberri sozietateak badu Vitoria Solar 1 parke fotovoltaikoa eraikitzeko baimena ere. Industria Administrazioaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak joan den astean eman zuen Vitoria Solar 2 egiteko aurretiazko baimena, eta gaur, berriz, Vitoria Solar 1 egitekoa. Azken hori Gasteizen eta Arratzua-Ubarrundian (Araba) kokatuko da, eta 49,99 megawatteko gehienezko potentzia izango du. 90.048 panel fotovoltaiko jarriko dituzte han; beste parkean bezala, gutxi gorabehera (90.074).
Potentzia bera dute biek, eta 100 MWera iritsiko da instalazio osoa. Vitoria Solar 2 Gasteizen eta Burgun (Araba) eraikiko dute. Orain, sei hilabeteko epea dute haiek eraikitzen hasteko administrazio baimena eskatzeko.
Sektore pribatuaren eta publikoaren arteko elkarlan eredua da Indarberri. Solaria enpresak eta Energiaren Euskal Erakundeak sortu zuten, 2022an. %70eko partaidetza pribatua du, eta %30eko publikoa. Gasteiz inguruan eraiki nahi dituzten bi parkeak egiteko batu ziren, hain zuzen ere. Udan hasi ziren Arabako Lautadan ebaluazio geoteknikoak egiten, eta Blanca Antepara Arratzua-Ubarrundiko alkateak (EAJ) dekretu baten bidez onartu zuen Vitoria Solar 1 egiteko plan berezia, abuztuaren 29an.
Nekazariak mehatxatzen
Azken hilabeteetan, UAGA Arabako Nekazari Elkarteko hainbat laborarik salatu dute Solaria enpresa «presioa» egiten ari zaiela lur sailak saltzeko. UAGA egitasmoaren aurka agertu da, baita kaltetutako herrietako batzar administratiboak ere. «Kolonizazio mehatxua» salatu dute, herritarren lur emankorrak «okupatu» nahi baitituzte makrozentralak instalatzeko.
Are gehiago, adierazi dute nekazariak «mehatxatzen» ari direla, eta diru kopuru «izugarriak» eskaini dizkietela lurrak saldu edo alokatzearen truke. Gaitzetsi dute enpresak «oso informazio zehatza» duela euren jabetzei eta bizitza pertsonalari buruz, eta hori baliatzen duela presio egiteko. Zentral fotovoltaikoak egiteko, lur eremu zabalak behar ditu Solariak, eta, horretarako, nekazarien lur sail txiki asko erosi behar ditu. Lurrak saltzeko prest dira hainbat nekazari, eta beste batzuek egoerak behartuta onartuko dute lurrak uztea, UAGAren iritziz.
Baimenak ematerakoan, Eusko Jaurlaritzak ez ditu kontuan hartu UAGAk aurkeztutako alegazioak, epez kanpo heldu zirela argudiatuta.
Ikusi gehiago