Indarberri enpresak Gasteiz inguruan eraiki asmo dituen Vitoria Solar 1 eta 2 parke fotovoltaikoek beste langa bat igaro dute. Eusko Jaurlaritzak haiek eraikitzeko behin betiko administrazio baimena eman du, eta orain hirigintza baimena baino ez zaie falta lanekin hasteko. Bi egitasmoak batera ari dira tramitatzen, eta aurretik lortuak zituzten ingurumen inpaktuaren deklarazioa eta aurretiazko administrazio baimena.
Erlazionatuta
Vitoria Solar 1 eta 2 egiteko egitasmoek hirurogeina hektarea hartuko dituzte. Bien hedadura 168 futbol zelai profesionalen adinakoa da, eta 32 milioi euroko kostua izango dute. Bietako bakoitzak 90.000 panel fotovoltaiko izango ditu, eta 49,99 megawatteko gehienezko potentzia. Bertan bildutako energia Gasteizen egongo den azpiestazio batera bidaliko dute lurpeko kable baten bitartez.
180.000 eguzki panel jartzeko asmoa du Indarberrik, eta bien artean profesionalen mailako 168 futbol zelaik adinako hedadura izango dute
Vitoria Solar 1 Gasteizen eta Arratzua-Ubarrundian (Araba) egongo da, eta Vitoria Solar 2, berriz, Gasteizen eta Burgun (Araba). Faseak ez du epe jakinik, eta udalek zehaztuko dute zer hirigintza eskakizun bete beharko diren bi proiektuak eraikitzeko behin betiko onarpena lortzeko.
Sektore pribatuaren eta publikoaren arteko elkarlan eredua da Indarberri. Solaria enpresak eta Energiaren Euskal Erakundeak sortu zuten, 2022an. %70eko partaidetza pribatua du, eta %30eko publikoa. Gasteiz inguruan eraiki nahi dituzten bi parkeak egiteko batu ziren, hain zuzen ere.

Iaz hasi zen prozesua, eta ordukoan, UAGA Arabako Nekazari Elkarteko hainbat laborarik salatu zuten Solaria enpresa presioa egiten ari zitzaiela lursailak saltzeko. UAGA egitasmoaren aurka agertu zen, baita kaltetutako herrietako batzar administratiboak ere. «Kolonizazio mehatxua» salatu dute, herritarren lur emankorrak «okupatu» nahi baitituzte makrozentralak instalatzeko.
Are gehiago, elkarteak gaitzetsi zuen nekazariak «mehatxatzen» ari direla, eta diru kopuru «izugarriak» eskaini dizkietela lurrak saldu edo alokatzearen truke. Salatu dute enpresak «oso informazio zehatza» duela euren jabetzei eta bizitza pertsonalari buruz, eta hori baliatzen duela presio egiteko.