Udal eta foru hauteskundeak. Araba

Viterok irabazi badu ere, itunek alkatetza ken diezaiokete

Gasteizen EH Bilduk lortu du boto gehien, baina ezin izango du berak bakarrik gobernatu

Rocio Vitero, Gasteizko hauteskundeak irabazi ostean. DAVID AGUILAR / EFE.
jone arruabarrena
2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Ekainaren 17an osatuko dira udalak, eta, igandeko hauteskundeetako emaitzak ikusi ondoren, udaletan gobernatzeko akordio posibleetan jarri dute arreta orain alderdiek. Gasteizen EH Bilduk eskuratu du boto gehien —bozen %22,8 eta zazpi eserleku—, baina EAJren, PSE-EEren eta PPren arteko akordio batek hemezortzi zinegotzi bilduko lituzke —seina eserlekurekin—, eta beraz, koalizio abertzaleak ez du erraza alkatetza eskuratzea. PP geratu da hirugarren Arabako hiriburuan, eta adierazi du prest dagoela bere bozak emateko EH Bilduk goberna ez dezan. Arabako Foru Aldundian EAJk eskuratu du berriro agintea, baina EH Bilduk hobetu egin ditu emaitzak han ere —3.000 boz gehiago eta 14 eserleku, 2019an baino bi gehiago—.

27 eserleku daude Gasteizen, eta PSE-EEko hautagaiak, alkatetza lortzeko, EAJrekin ez ezik PPrekin ere egin beharko luke akordioa. Arabako PPko presidente Iñaki Oiarzabalek berretsi du prest dagoela bi alderdien koalizioari bere botoak emateko, EH Bilduk alkatetza eskuratu ez dezan.

Hala ere, Rocio Viterok adierazi du harremanetan jarria dela PSE-EErekin, EAJrekin eta Elkarrekin Podemos-IUrekin, «ahalik eta hitzarmenik zabalenaz» alkate izan ahal izateko. EH Bilduren alkategaiak gogorarazi du berea izan dela zerrenda bozkatuena Gasteizen. EH Bilduko ordezkari Arnaldo Otegik, bide beretik, adierazi du ez duela ikusten Vitero alkate izatea ez den beste aukerarik.

EAJ izan da Gasteizen galtzaile nagusia: alkatetza izatetik laugarren postura igaro da, 6.787 boz galduta. Beatriz Artolazabal alderdiaren Gasteizko hautagaiak txio baten bidez adierazi du «lanean» jarraituko dutela «galdutakoa berreskuratzeko». Eskerrak eman dizkie EAJri botoa eman zioten herritarrei, eta emaitzak «ondo» aztertu behar dituztela esan du: «Pentsatu beharko dugu Gasteizko herritarrek zer esan nahi diguten emaitza hauekin».

Izan ere, Artolazabalekbuelta eman nahi izan die orain arteko alkate Gorka Urtaranek proposatutako neurri ugariri: garraioaren arloan, bereziki, Armentiako tunelak Gasteizko portuarekin lotuko zituen errepide bat iragarri zuen hautagai berriak, esaterako. Polemika sortu zuen Gardelegiko zabortegian amiantoa sartzea onartuko zuela iragarri zuenean ere.

Araban ere, EH Bilduk gora

EH Bilduk, hiriburuan ez ezik, gora egin du Arabako beste zenbait herri esanguratsutan ere.Agurainen, duela lau urte, EAJk hamazazpi botorengatik lortu zuen gehiengo osoa; atzo, EH Bilduk hamahiru zinegotzietatik zazpi lortu zituen —EAJk, sei—. Laudion, Omnia ekinbidearen hiru zinegotziek erabakiko dute alkatetza, zeren, EAJk irabazi badu ere, PSE-EErekin batuta ez baita eratzen gehiengo osorik, eta bai, ordea, EH Bilduren sei zinegotziak eta Omniaren hirurak batuta.

Oionen ere EH Bildu izan da garaile, bost zinegotzi lortuta, 2019an baino hiru gehiago. Hiru ditu EAJk, bi PPk eta bat PSE-EEk. EAJk eutsi egin dio Amurrioko nagusitasunari, eta zortzi zinegotziei; baita EH Bilduk bere zazpi zinegotziei ere. PSE-EEren bi zinegotziek dute alkatetzaren giltza. Guardian PPk irabazi du, lau zinegotzirekin, baina EAJren hiru zinegotziak EH Bilduko bi zinegotziei batzen bazaizkie, alkatetza hartzea eragotz diezaiokete.

Arabako Batzar Nagusietan nagusi izan da EAJ, baina hamabost aulki lortuta; aurreko agintaldian baino bi aulki gutxiago. PSE-EEk ere, aurreko agintaldiko EAJren gobernukideak, aurreko agintaldian zituen hamar ordezkarietatik bat galdu du. Egoera horrek eskura uzten die biei gobernu moldea errepikatzea, eta EAJko Ramiro Gonzalezek, beraz, aukera handia du aginte makilari eusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.