Rocio Viterok, EH Bilduren Gasteizko alkategaiak, «gobernabiderako akordio bat» proposatu die EAJri, PSE-EEri eta Elkarrekin Podemos-IUri. Gasteizko Udalean gobernua osatu ahal izateko «akordio zabal bat» egitea da Viteroren helburua, eta nabarmendu du EH Bilduri dagokiola proiektu horren gidaritza hartzea. Izan ere, EH Bilduk irabazi zituenudal hauteskundeak Gasteizen, zazpi zinegotzi lortuta, baina, EAJk eta PSEk lortutako akordioari esker, ia ziurra da Maider Etxebarria sozialistak hartuko duela aginte makila. PPk iragarria du Etxebarriaren alkatetza bermatuko duela, «akordio estrategikoak» lortzeko asmoz.
Nolanahi ere, Viterok gaur iragarri du larunbatean alkatetzarako hautagaitza aurkeztuko duela, «aldaketa aurrerakoiaren» lema hartzeko asmoa baitu. Hiriarentzat «etorkizun oparoa» eraikitzeko beharrezkoak diren gehiengoak batu eta biltzeko helburuarekin aurkeztuko du bere burua alkatetzarako. Hauxe azpimarratu du: «Akordioen oinarriak ezartzeko garaia da, gobernabide zabala lortzeko eta eskuin erreakzionarioenak Gasteizko norabidea finkatzea eragozteko».
Gasteizen gobernabidea bermatuko duten gehiengo zabalak lortzeko asmoz, oinarrizko proposamen baten inguruko akordioa eskaini die EAJri, PSE-EEri eta EPri.EH Bildukoaren iritziz, akordio horrek zume hauek izan beharko lituzke: herritarren zaintza eta osasunerako eskubidea indartzea; kalitatezko enplegua, trantsizio energetikoa eta eraldaketa ekonomikoa erraztea; etxebizitzarako eskubidea bermatzea; justizia sozialean eta zerbitzu publikoen hobekuntzan sakontzea, eta,Gasteiz «plurala eta askotarikoa» dela azpimarratzea.
Gobernu akordioa lortzeko xedea hartuta, EH Bilduk hartu-emanak hasi zituen hauteskundeen biharamunean gainerako alderdiekin –PPrekin izan ezik–, baina Viterok gaur jakinarazi du PSE-EEk bertan behera utzi dituela koalizioarekin programatuta zituenbi bilerak. Viteroren iritziz, «ulergaitza» da sozialisten jarrera.
EP, jeltzaleengandik urrun
Garbiñe Ruiz Elkarrekin Podemosen Gasteizko zinegotzi hautetsiak ziurtatu du bere alderdiak ezingo lukeela bat egin EAJren koalizio gobernu batekin, bi alderdiek «desberdintasun konponezinak» dituztelako. Radio Vitorian egindako adierazpenetan, esan du gasteiztarrek zigortu egin dituztela EAJren politika «kontserbadore eta murriztaileak», eta Elkarrekin Podemosek ere ez duela jeltzaleekin bat egingo. Uste du badagoela aukera Gasteizen «ezkerreko gobernu aurrerakoi» bat sortzeko EP, PSE-EE eta EH Bildurekin, eta sozialisten teilatuan utzi du pilota: «Haiek jakingo dute ezkerreko gobernu bat ala PPren eredua lehenetsi nahi duten».
Udal eta foru hauteskundeak
Viterok «gobernabiderako ituna» proposatu die EAJri, PSEri eta EPri
«Akordio zabal bat» eskaini die, eta nabarmendu du EH Bilduri dagokiola hura gidatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu