Vincent Bru ez da aurkeztuko Frantziako Asanblearako bozetara

Seigarren hautesbarrutiko diputatuak jakinarazi du ez duela beste kanpaina batean parte hartzeko indarrik. Errepublikanoek Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan izanen dituzte hautagaiak.

Vincent Bru, artxiboko argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU
Vincent Bru, artxiboko argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko ekainaren 11
16:17
Entzun

Vincent Bru diputatuak jakinarazi du ez dela aurkeztuko Frantziako Asanblearako bozetan heldu den ekainaren 30ean eta uztailaren 7an. Agiri batean, jakinarazi du ez duela indarrik kanpaina batean parte hartu eta legebiltzarreko gorabeheretan segitzeko. «Kanpaina laburra izanik ere, hauteskunde oro borroka bat da, norbera bere sasoririk onenean egotea eskatzen duena, eta hori ez da horrela».

2017an hautatu zuten diputatu Bru, Ipar Euskal Herriko seigarren hautesbarrutian; Sylviance Allaux PSko diputatuaren lekua hartu zuen. Modem alderdiko kidea da, eta Emmanuel Macron Frantziako presidentearen gobernuaren sostengu gisa aurkeztu zen. Lehenago, Kanboko (Lapurdi) auzapez eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko hautetsi ere izan zen. Michele Alliot-Marie diputatuaren ordezko gisa jardun zuen. 

Agirian azaldu duenez, astelehen gauean jakinarazi zion Jean-Paul Mattei Modemeko talde parlamentarioko buruari berriz ez aurkezteko erabakia. Hala, kritiko agertu da Macronek hauteskundeak aitzinatzeko egindako hautuarekin. Presidenteak bezala, Europako hauteskundeen emaitzen ondotik «argitze politiko baten» beharra dagoela uste du, baina duda agertu da hain fite antolatutako bozek horretarako bidea ematen duten.

Maria François Etxebarria Rennaissance alderdiko Ipar Euskal Herriko presidentea da Bruren ordezkoa gaur egun. Hura izan liteke macronisten hautagaia ekain hondarrerako.

Beñat Cachenault hautagai

Eric Ciotti Errepublikanoetako presidentea Batasun Nazionalarekin aliantza bat egiteko prest agertu ondotik, haren kontra egin dute alderdiko pisu handiko hautetsiek. Haien artean da Max Brisson senatari eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Errepublikanoetako burua. Eskuin muturrarekin akordioak egiteko aukera oro baztertu du, eta jakinarazi du eskuineko alderdiak Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan aurkeztuko dituela hautagaiak. 

Biarnorekin banatua den laugarren hautesbarrutian, Beñat Cachenault Iholdiko (Nafarroa Beherea) auzapeza izanen da hautagai; bosgarren hautesbarrutian, Serge Arcouet Baionako hautetsia, eta MEDEF sindikatuko buru ohia; eta seigarren hautesbarrutian, Emmanuelle Brisson. Max Brisson senatariaren alabak ez du lehen aldia politikan: Jean Lassalle diputatuaren laguntzaile izan zen, eta François-Xavier Bellamy Errepublikanoetako hautagaiaren prentsa arduraduna izan da Europako hauteskundeetan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.