LGTBI-fobia

Villabonan erasoa jasandako bikotea babestu dute herritarrek

Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak adierazi duenez, erasoan parte hartu zuten guztiak identifikatu dituzte

Villabona eta Zizurkil arteko zubian elkartu ziren biktimak, erakundeetako ordezkariak eta herritarrak alboetara. I. JAURENA.
Isabel Jaurena.
Villabona
2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun

«Aske izan nahi dugu». Horrela mintzatu zen asteburuan Villabonan (Gipuzkoan) eraso arrazista eta homofoboa jasan zuen bikotea. Villabona eta Zizurkil (Gipuzkoa) lotzen dituen zubian elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian, eta herritarren babesa eta erakundeetako ordezkariena jaso zuten, protesta jendetsuan.

 

Bertzeak bertze, han izan ziren bi herrietako udal ordezkariak, Nerea Melgosa Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaria. Zubiaren erdiko aldean kokatu ziren guztiak, herritarrak bi bazterretan zeuden bitartean. Ehunka lagun joan ziren, eta isiltasuna izan zen nagusi lehenbiziko hamar minutuetan.

Jarraian, udalek «aniztasunaren aldeko» aldarria egin zuten: «Herri plurala nahi dugu, non edozein lasai eta seguru bizi ahal izango den, non bakoitzaren aukerak eta izaerek herria aberasten duten». LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egin zuen elkarretaratzeak, ozen errateko ez dutela onartzen kolektiboaren kontrako erasorik: «Alkohola ez da aitzakia; eztabaidak ezin dira indarkeriaz konpondu, are gutxiago irain homofoboekin. Bestelako jendarte eredu bat nahi dugu».

Biktimek eskerrak eman zituzten bi udalen, instituzioen eta herritarren babesagatik eta laguntzagatik. Erran zuten beren herrialdetik Euskal Herrira etorri zirela homofobiatik ihesi, eta berriz ere egoera berarekin topo egin dutela: «Espero dugu hau guztia ahal bezain laster konpontzea».

Agerraldiaren ostean, adierazpenak egin zituen Melgosak ere: «Aniztasuna eta inklusioa defendatu eta babestu beharreko balioak dira. Pertsona bakar batek ere ezin du indarkeriarik edo diskriminaziorik jasan bere jatorriagatik edo sexu identitateagatik». Itxasok ere gaitzetsi zuen gertatutakoa: «Homofobiak eta xenofobiak gaitzespen publiko osoa merezi dute, eta biktimekiko babes sozial eta instituzional osoa».

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak ere adierazpen irmoa egin zuen: «Gorroto delitu baten atzean, oinarrizko mezu bat dago. Halakoak ez dira eraso bakanak, eta eraso egiten zaion pertsonari ez ezik kolektibo osoari zuzenduriko erasoak dira».

Identifikatuta

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak atzo adierazi zuenez, eraso homofoboan eta arrazistan parte hartu zuten pertsona guztiak identifikatu dituzte. Ikerketak aurrera jarraituko du, baina erran zuen larunbat gauean egin zuten lehenbiziko atestatu hartan ez dela inon agertzen «gorrotoari lotutako faktorea»: «Hori geroago agertu zen, baina horrek ez du esan nahi baliorik ez duenik».

Biktimek adierazi dutenaren arabera, jatorriarengatik eta sexu orientazioagatik eraso zieten. Taberna batetik atera zirenean gertatu zen: hamabost gazte inguru oihuka hasi zitzaizkien, eta gero jipoitu egin zituzten. Astelehenean jarri zuten salaketa. Erasoaren ondorio nabarmenenak mutiletako batek ditu: zauri bat du buruaren atzealdean, sudurra berriz osatu behar izan diote, eskumuturra puskatu zioten, eta ahoan ere hamabost puntu ditu. Bertze mutilak, berriz, hematomak eta ebakiak ditu, gehienbat.

LGTBIfobiaren aurka

Atzo izan zen LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta Euskal Herriko txoko guztietan ekintza eta adierazpen andana egin zituzten. Santurtzin (Bizkaia) eta Zarautzen (Gipuzkoa), erraterako, hainbat ekitaldi egin zituzten egunean zehar. Nafarroan, berriz, gobernuak adierazpen instituzional bat onartu zuen, erranez konprometituta daudela LGTBIfobiaren aurka lan egiteko: «Oraindik lana dago egiteko, beren sexu edo genero identitateagatik zenbait pertsonak jasotzen duten gorrotoa desagerrarazteko». Euskal Herrian barrena egin ziren agerraldi horietan parte hartzeko deia egin zuen EHGAMek: «Askatasunez eta bizitzeko behar ditugun baldintza materialekin biziko garen etorkizun bat dugu xede, eta, horretarako, Euskal Herrian egunez egun sexu askapenerantz pausoak ematen jarraituko dugu». Ezinbertzekoa zaie gizarteak kolektiboaren kontrako jarrerei aurre egitea, batez ere instituzio arduradunek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.