Eusko Jaurlaritzak zigorra ezarri dio Villabonako Zubimusu ikastolari (Gipuzkoa), matrikulazioan hautemandako «gorabeherengatik». Gaur argitaratu dute zigor agindua, baina ez dute zehaztu isuna zenbatekoa den. «Gorabehera» horiek direla eta, dagokion zenbatekoa itzuli beharko dio ikastolak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari. Halere, hilabeteko epea dute auzitara jo eta helegitea jartzeko.
Ikusi gehiago
Ikastolen Elkartearen parte da Zubimusu, eta haur eskola, haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta derrigorrezko bigarren hezkuntza eskaintzen ditu. Zigor aginduan azaldu dutenez, Hezkuntza Saileko Ikuskaritza Zerbitzuak gorabeherak antzeman zituen 2023-2024ko ikasturteko matrikulazioan. Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzari abisua eman ostean, horrelakoetarako prestatua duten prozedura jarri zuten martxan.
Ikasturte horretan, Jaurlaritzak hainbat aldaketa egin zituen matrikulaziorako irizpideetan, eta adierazi zuen eskola segregazioa apaltzea eta ikasleak era orekatuagoan banatzea zuela helburu. Irizpide aldaketek, baina, haserrea eragin zuten hainbat ikastetxetan, eta protesta egin zuten.
IKUSI GEHIAGO
Villabonako ikastola ez da zigortu duten ikastetxe bakarra. Herenegun jakinarazi zuten Azpeitiko Iraurgi ikastetxea (Gipuzkoa) ere arrazoi berarengatik zigortu dutela. Kasu horretan ere ez dute zehaztu isuna zenbatekoa den. Zubimusuk bezala, Iraurgik ere aukera du helegitea jartzeko.
Bestalde, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolak (Gipuzkoa) joan den hilean eman zuen jasotako isunaren berri: 140.000 euroko isuna jarri diete. Azaldu zutenez, 2023an Jaurlaritzak ezezkoa eman zien bertan matrikulatu nahi zuten zortzi familiari, baina ikastetxean erabaki zuten denei «ateak zabaltzea». Ikasle horiek onartzearen truke, ikastolak isuna ordaindu beharko du. Diru bilketa abiatu dute.