«Aske izan nahi dugu». Horrela mintzatu da asteburuan Villabonan (Gipuzkoan) jipoitu zuten bikotea. Villabona eta Zizurkil (Gipuzkoa) lotzen dituen zubian agerraldi instituzionala egin dute, eta, biktimez gain, bertan izan dira bi herrietako udal ordezkariak, Nerea Melgosa Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaria, bertzeak bertze. Zubiaren erdiko aldean kokatu dira guztiak, herritarrak bi bazterretan zeuden bitartean. Elkarretaratzera jendetza bildu bada ere, isiltasuna izan da nagusi lehenbiziko hamar minutuetan.
Ikusi gehiago:Zizurkilgo Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak Villabonako erasoa gaitzetsi dute
Jarraian, udalek «aniztasunaren aldeko» aldarria egin dute: «Herri plurala nahi dugu, non edozein lasai eta seguru bizi ahal izango den, non bakoitzaren aukerak eta izaerek herria aberasten duten». LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna hautatu dute agerraldia egiteko, kolektiboaren kontrako erasorik ez dutela onartzen ozen errateko: «Alkohola ez da aitzakia; eztabaidak ezin dira indarkeriarekin konpondu, eta are gutxiago irain homofoboekin. Bestelako jendarte eredu bat nahi dugu».
Adierazi dute lanean jarraituko dutela homofobiaren, xenofobiaren eta matxismoaren kontra. Eta, edozein dela herritarren jatorria edo sexu orientazioa, «askatasunean bizitzea» nahi dutela.
Biktimek eskerrak eman dituzte bi udalek, instituzioek eta, oro har, herritarrek eman dieten babes eta laguntza guztiagatik. Erran dute beren herrialdetik Euskal Herrira etorri zirela homofobiatik ihesi, eta berriz ere egoera berarekin topo egin dutela. Hala ere, erran dute jabetzen direla herritar guztiak ez direla horrelakoak: «Espero dugu hau guztia ahal bezain laster konpontzea».
Agerraldiaren ostean, adierazpenak egin ditu Melgosak ere: «Aniztasuna eta inklusioa defendatu eta babestu beharreko balioak dira. Pertsona batek ere ezin du indarkeriarik edo diskriminaziorik jasan bere jatorriagatik edo sexu identitateagatik». Itxasok ere gaitzetsi du gertatutakoa: «Homofobiak eta xenofobiak gaitzespen publiko osoa merezi dute, eta biktimenganako babes sozial eta instituzional osoa».
Udalak ez dira erasoa gaitzetsi duten bakarrak, eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak ere adierazpen irmoa egin du: «Gorroto delitu baten atzean, oinarrizko mezu bat dago. Ez dira eraso bakanak, eta, biktimari ez ezik, kolektibo osoari egiten zaizkio erasoak». Zenbait eskakizun ere egin dituzte; besteak beste, hauek: eraso bakoitzaren aurka justizia egin dadila, gorroto delituak salatzeko doako justizia ahalbidetu dadila, ikerketak eta datuak eguneratu daitezela, eta behatokiak hobetu ditzatela.
Identifikatuta
Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak adierazi duenez, eraso homofobo eta arrazistan parte hartu zuten guztiak identifikatu dituzte. Ikerketak aurrera jarraituko du, baina erran du larunbat gauean egin zuten lehenbiziko atestatu hartan ez dela inon agertzen «gorrotoari lotutako faktorea». «Hori geroago agertu zen, baina horrek ez du esan nahi baliorik ez duenik».
Biktimek adierazi dutenaren arabera, jatorriarengatik eta sexu orientazioagatik eraso zieten. Taberna batetik atera zirenean gertatu zen: hamabost gazte inguru oihuka hasi zitzaizkien, eta haiengandik urruntzen saiatu ziren biktimak; bietako baten izebari muturreko bat eman ziotenean, emakumea laguntzera joan zen bikotea, eta orduan hasi ziren jipoiak. Herenegun jarri zuten salaketa. Erasoaren ondorio nabarmenenak mutiletako batek ditu: zauri bat du buruaren atzealdean, sudurra berriz osatu behar izan diote, eskumuturra puskatu zioten, eta ahoan ere hamabost puntu ditu. Bertze mutilak, berriz, hematomak eta ebakiak ditu, gehienbat.