Uema udalerri euskaldunen mankomunitateko kide izatea onartuko du datorren asteko osoko bilkuran Villabona-Amasak (Gipuzkoa). Uemaren estatutuak onartuko dituzte martxoaren 30ean, eta orduan egingo diote mankomunitateari bertako kide izateko eskaera formala. Maiatzaren 29an, Uemak batzar nagusia egingo du udalerrian bertan.
Erabakiaren berri emateko, udalak Amavi udal aldizkariaren zenbaki berezia plazaratu du, eta, bertan, Beatriz Unzue alkateak esan du “hamarkada luzeetan jende askok euskararen alde egindako lanaren emaitza” dela erabaki hori. Uemako kide izateak “aurrerantzean udalerri euskaldunetarako prestatuako politikak eta egitasmoak lantzeko aukera” emango diela ere aurreratu du alkateak. Villabona-Amasako biztanleen ia %80 euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gai dira.