Stockholmeko Karolinska Institutuak Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria eman die gaur Victor Ambros eta Gary Ruvkun zientzialariei, mikroRNA aurkitzeagatik eta horrek transkripzio ondorengo erregulazio genikoan duen garrantziagatik. Finean, geneen jarduera erregulatzen duen oinarrizko printzipio bat aurkitu dute. C. elegans zizarea ikertuta aurkitu dute printzipio hori.
Zelula mota desberdinen garapena nolakoa izaten den ikertzen dute Ambrosek eta Ruvkunek, eta horrela iritsi dira mikroRNA aurkitzera. Akademiaren arabera, «funtseko rola» jokatzen du geneen erregulazioan: «Erregulazio genikoaren printzipio guztiz berri bat argitu du aurkikuntza iraultzaile horrek. Funtsezkoa da zelula ugariko organismoentzat, gizakiak barne. Orain badakigu giza genomak mila mikroRNA baino gehiago kodifikatzen dituela».
Aurkikuntza «iraultzailea» da, besteak beste, zientzialariek hamarkadak daramatzatelako ikertzen nola funtzionatzen duen geneen jardueraren erregulazioak. Erregulazio anomalo batek minbizia, diabetesa edo autoimmunitatea sortzea eragin dezake gizakiengan. Are, gizakien mikroRNA kodifikatzen duten geneetan mutazioak aurkitu dituzte, eta baita mutazio horiek dakartzaten ondorioak ere: entzumen galera edo begietako eta eskeletoko nahasmenduak, esaterako.
Erregulazio mekanismo bat
Zelulek geneen jarduera kontrolatzen dute, eta hori egiteko baliatzen duten beste erregulazio mekanismo bat da orain aurkitu dutena. Informazio genetikoa DNAtik zeluletara pasatzen du RNA mezulariak, eta prozesu hori transkripzioa da. Bide horretan, RNA eraldatu egiten da, transkripzioaren bidez zeluletan ekoiztutako proteinak garatu daitezen. DNAn metatutako instrukzio genetikoen arabera garatzen dira proteina horiek.
1960ko hamarkadan jakin zuten proteina espezializatu horiek DNAren eremu jakin batzuekin elkartu daitezkeela, informazio genetikoaren fluxua kontrolatzeko eta ebazteko zenbat RNA mezulari ekoizten den. Ordutik, transkripzioaren faktore gehiago aurkitu dituzte, eta uste izan dute gene erregulazioaren oinarrizko printzipio guztiak ebatzita zeudela. Ambros eta Ruvkunen aurkikuntzak, ordea, hori eraldatu du.
Medikuntzakoa da aurten iragarri duten lehen Nobel saria. Datozen egunetan jakinaraziko dituzte Fisika, Kimika, Literatura, Ekonomia eta Bakearen Nobel saridunak.