Euskal presoak

Vicario baldintzapean aske uzteko eskatu dute Sarek eta Etxerat-ek

Adierazi dute «ongi» joan zaiola bihotzeko ebakuntza, baina salatu dute espetxea ez dela leku «egokia» halako eritasunak artatzeko. 1988tik, sei euskal preso hil dira bihotzeko arazoen ondorioz.

Patricia Velez eta Joseba Azkarraga, gaur, Donostiako Teila Fabrikan egindako agerraldian. ETXERAT ETA SARE
maddi ane txoperena iribarren
2021eko azaroaren 22a
11:52
Entzun

Juan Carlos Alberdi urnietarra (Gipuzkoa), 1988an, bihotzekoak jota. Mikel Zalakain Odriozola, Villabonakoa (Gipuzkoa), 1990an, berdin. Roberto Sainz Olmos Portugaleteko presoa (Bizkaia), 2006an, bihotzekoz. Xabier Lopez Peña galdakoztarra (Bizkaia), 2013an, bihotzeko arazoen ondorioz ospitalera eraman ondoren, buruko isuriz. Arkaitz Bellon Blanco Elorriokoa (Bizkaia), bihotzekoz, 2014an. Eta Kepa del Hoyo galdakoztarra, 2017an, berdin. Azken hiru hamarkadetan sei euskal preso zendu dira bihotzeko arazoen ondorioz, eta Sarek eta Etxerat-ek ohartarazi dute ez dutela halako heriotza gehiagorik nahi: «Era askotako gaitzak dituzte gaixorik dauden presoek, baina, zehazki, bihotzarekin lotutakoek eragin dute hildako gehien».

Patricia Velez Etxerat-eko bozeramaileak eta Joseba Azkarraga Sarekoak agerraldia egin dute gaur, Donostian, Gregorio Vicario Setien euskal presoaren egoeraz xehetasunak emateko. Joan den astean jakinarazi zuten bihotzeko ebakuntza bat egitekoa ziotela, eta gaur adierazi dute «ongi» joan dela operazioa, duten informazioaren arabera. Ez da hargatik gutiago kezkatzekoa: «Lau bypass jarri dizkiote, haren bizitza arriskuan baitzegoen». Salatu dutenez, gainera, haren osasun arazoa ez da «bat-batekoa» izan: «Denbora luzea darama minez». Azaldu dute duela urte eta erdi ospitaleratu zutela lehen aldiz, eta joan den urrian «oso zabalduta zegoen iskemia larria» detektatu ziotela: «Kateterismo bat egin, eta stent bat jarri zioten». Leongo ospitalean egin diote urgentziazko ebakuntza (Espainia), Burgosko espetxetik (Espainia) hara eramanda.

Euskal presoen eskubideen aldeko bi taldeek azpimarratu dute espetxea ez dela «leku egokia» halako gaixotasunak artatzeko: «Espetxe araudian araututa dago pertsona hauek espetxetik kanpo jaso ahal dutela tratamendua, baina, zoritxarrez, euskal presoen kasuan ez da aplikatzen arau hori». Oroitu dute, gainera, Vicariok 64 urte dituela, eta hogei daramatzala dagoeneko kartzelan. Sarek eta Etxerat-ek eskatu dute Vicario «berehala» hirugarren graduan ezar dezatela, eta baldintzapean aske utz dezatela ondotik, «dituen gaitzen tratamendua espetxetik kanpo hartzeko aukera izan dezan, bere hurkoengandik hurbil». Eritasun larriak dituzten bertze hemeretzi presoekin berdin egitea galdegin dute.

Berriki, Arizkuren

Presoen eskubideen aldeko bi taldeek gogoratu dute berriki izan dela halako bertze kasu bat: Josetxo Arizkurenena. 2018ko ekainean, Murtzian ospitaleratu zuten (Espainia), bihotzeko krisi akutu baten ondorioz. 2020ko azaroan, berriz, urgentziaz eraman behar izan zuten ospitalera, miokardia infartu bat izan ondotik. Ohartarazi dute Arizkurenek ere 60 urte baino gehiago dituela, eta hark ere hogei daramatzala espetxean. Kartzeletako «arduradunei» eskatu diete ez dezatela jarrai pertsona horien bizitza «arriskuan» jartzen: «Amaiera eman behar diote etengabeko osasun desasistentziari, eta gaixotasunak berandu detektatzea zuzentzeko bitartekoak jarri». Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere egin diete deia, haiek baitute Hego Euskal Herriko kartzeletako osasunaren eskumena: «Eskatzen diegu aurrerapauso bat eman dezatela, beren osasun zerbitzuen bidez, presoei osasun arreta emateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.