Venezuelak Bilbon duen kontsulak esan du bi atxilotuak «eremu militarizatu batean» zeudela

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak akusazioak berretsi ditu bart: esan du atxilotuak «terroristak» eta Espainiako zerbitzu sekretuko «ezkutuko» agenteak direla.

Nicolas Madurok bere telebista saioan hitz egin du atxilotuei buruz. PRENSA MIRAFLORES / EFE
Nicolas Madurok bere telebista saioan hitz egin du atxilotuei buruz. PRENSA MIRAFLORES / EFE
aitor biain
2024ko irailaren 17a
11:00
Entzun

Joan den astetik Venezuelan desagertuta zeuden bi bilbotarrak «eremu militarizatu batean» zeuden atxilotu zituztenean. Hala jakinarazi dio Glenn Cabellok, Venezuelak Bilbon duen kontsulak, El Correo egunkariari. «Ez da turismo masiboko gune bat, herrialdearen hegoaldean dago, Kolonbiako mugan, segurtasun eremu batean». Adierazi duenez, bi gazteek ordurako bi aste zeramatzaten Venezuelan, eta beren kabuz bidaiatzen ari ziren atzeman zituztenean.

Jose Maria Basoa Badovinos eta Andres Martinez Adasme Puerto Ayacuchon atxilotu zituzten, Venezuelako Amazonas estatuko hiriburuan, Kolonbiako mugatik gertu. Haiekin batera, atxilo hartu zituzten hiru estatubatuar —armadako kide bat tartean— eta txekiar bat ere. CNI Espainiako zerbitzu sekretuekin eta Venezuelako oposizioarekin «lotura» izatea leporatzen diete.

Zehazki, egotzi diete ekintza «terroristen» bidez gobernua «ezegonkortzeko operazio» batean parte hartzea; operazio horren helburua omen da Nicolas Maduro presidentea, Delcy Rodriguez presidenteordea eta beste hainbat goi kargudun hiltzea. Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak akusazio horiek berretsi ditu bart, telebistan egindako agerraldi batean: esan du atxilotuak «terroristak» eta CNIko «ezkutuko» agenteak direla.

Senideen arabera, atxilotu zituztenean turismoa egiten ari ziren. Madurok erantzun die, ordea, «lehergailuen turismoa» egitera joanak zirela: «Bonbak jartzera eta jendea hiltzera etorri dira». Eta azpimarratu du atxilotuek akusazioak onartu dituztela: «Ezagutarazi diren frogak epaileen esku utzi direnen %10 baino ez dira». Izan ere, Venezuelako gobernuaren arabera, laurehun armatik gora atzeman zizkieten atxilotuei.

Bi euskal herritarren senideek berehala gezurtatu dituzte akusazioak. Atxilotuen senitartekoek hilaren 9an salatu zuten desagertuta zeudela, eta astebete lehenagotik, hilaren 2tik, ez zutela haien berririk. Venezuelak Bilbon duen kontsulak baieztatu du senideak laguntza eske joan zitzaizkiola, eta azpimarratu du atxilotuen eskubideak beti errespetatu direla. «Ikertzen ari dira», esan duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.