Velascok Interpoli eskatu dio De Juana Venezuelan ote dagoen argitzeko

'El Mundo'-k preso ohia herrialde horretan ageri den irudi batzuk zabaldu ditu.Baieztatuz gero, estradizio eskaera egingo luke Espainiak

Erredakzioa
2015eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Iñaki de Juana Chaos preso ohia Venezuelan bizi den baieztatzeko eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok Interpoli. Izan ere, El Mundo egunkariak atzo argitaratu zuen De Juana Venezuelako Falco estatuan bizi dela 2014ko amaieratik, Chichiriviche hirian. Espainiako kazetak De Juanaren irudi batzuk ere argitaratu ditu, ustez lan egiten duen likore denda batean. Informazio hori egiazkoa dela baieztatze aldera, Auzitegi Nazionaleko 6. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak eskaerak igorri ditu Interpolek Espainian eta Venezuelan dituen bulegoetara. Estradizio eskaera tramitatzeko, preso ohia han dagoela dioen baieztapen ofiziala behar du epaileak, eta horregatik egin du eskaera hori. Hala gertatuko balitz, estradizio prozesuari ekingo lioketela adierazi du.

2008an aske utzi zuten De Juana, 21 urtez espetxean egon ostean. Velascok, preso ohia bilatu eta atxilotzeko eskatuz, nazioarteko agindua igorria du urte hartako azarotik, baina ez dute atzeman; ihes eginda, Irlandara joan zen lehenik. Espainiako Auzitegi Nazionalak estradizio eskaera egin zuen. Urteetan luzatu ziren gora-beheren ondoren, Irlandak onartu zuen Espainiaren eskaera. Baina De Juanak ihes egin zuen.

«Terrorismoa goratzea» egotzita igorrita dauka atxilotzeko agindua Espainiako Auzitegi Nazionalak. Ustez hark idatzitako gutun batean Aurrera Bolie esamoldearekin agurtu zela dio auzitegiak, eta «terrorismoa goratu» zuela horrela. Hogei urte espetxean igaro eta askatu zutenean preso ohiari eskainitako ongietorrian irakurri zen gutun hori, berak parte hartu ez zuen ekitaldian.

Gobernua ere prest

Espainiako informazio zerbitzuek adierazi dutenez, aspaldi zekiten De Juana Venezuelan bizi dela. Aurretik ere Velasco epaileak eskatua zizkion Interpoli De Juanari buruzko argibideak, Espainiako hedabide batek merkataritza zentro batean argazki bat atera eta gero. Orduan, baina, Interpolek ez zuen lortu baieztatzea preso ohia herrialdean zegoela.

Espainiako Gobernuak, oraingoz, Auzitegi Nazionalaren urratsen zain dago. Auzitegi horrek preso ohiaren estradizioa eskatzen badu, eskaera bera egingo lioke orduan Espainiak Venezuelari, Rafael Catala Justizia ministroak azaldu duenez. «Espainian hainbat auzi epaitu gabe baldin baditu eta zigorra bete gabe baldin badu, ez dago zalantzarik, Venezuelari estradizioa eskatu egingo diogu».

Bide beretik mintzatu da Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa ere: «Bideragarria bada eta Justiziak onartzen badu, argi dago eskatuko dugula». Fernandez Diazek azpimarratu duenez, legealdi honetan 131 pertsona atxilotu dituzte «ETArekin lotura» zutelakoan eta Justiziarekin auziren bat bete gabe zutelakoan, eta De Juana «ez da salbuespena» izango.

PPk eta Covite eta AVT biktimen elkarteek gogor salatu dute Venezuelak De Juanari «asilo politikoa» ematea, eta berehala exijitu dute preso ohia estradita dezatela.

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren ustez, berriz, Barne Ministerioak De Juanaren estradizioa eskatzen badu «argudio juridiko eta legala» duelako izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.