Iñaki de Juana Venezuelan dagoen baieztatzeko eskatu dio Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Interpoli. Estradizio eskaera tramitatzeko preso ohia han dagoela dioen baieztapen ofiziala behar duela azaldu du epaileak, eta horregatik egin duela eskaera.
Antena 3 Espainiako telebista kateak De Juanaren irudi batzuk zabaldu zituen herenegun. Bikotekidearekin eta bi urteko haurrarekin ageri da argazki horietan, eta, telebista katearen esanetan, maiatzaren 11n Venezuelako salmenta gune handi batean hartutakoak dira irudiak.
Azkena, Irlandan
Velascok preso ohia bilatu eta atxilotzeko eskatuz nazioarteko agindua igorria du 2008ko azarotik, baina ez dute atzeman; ihes eginda, Irlandara joan zen lehenik. Espainiako Auzitegi Nazionalak estradizio eskaera egin zuen. Urtetan luzatu ziren gora-beheren ondoren, Irlandak onartu zuen Espainiaren eskaera. Baina De Juanak ihes egin zuen.
«Terrorismoa goratzea» egotzita igorria du atxilotzeko agindua Espainiako Auzitegi Nazionalak. Ustez hark idatzitako gutun batean Aurrera Bolie esamoldearekin agurtu zela dio auzitegiak, eta «terrorismoa goratu» zuela horrela. Hogei urte espetxean igaro eta askatu zutenean preso ohiari eskainitako ongietorrian irakurri zen gutun hori, berak parte hartu ez zuen ekitaldian.
Lehenago ere jomugan izan zuten auzitegiek. 2006an, zigorra beteta espetxetik ateratzear zenean, ez askatzea erabaki zuten, Gara egunkarian argitaratutako bi iritzi artikulurengatik. Protesta asko egin zituen;besteak beste, hainbat gose greba luze. 2008ko abuztuan kaleratu, eta berehala jarri zioten azken salaketa.
Velasco epaileak estradizio prozesua martxan jartzeko asmoa plazaratu ondoren, De Juana atxilotzeko bere esku dagoen guztia egingo duela esan du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak. «Espainiako Gobernuak lanean jarraitzen du,ETA erakunde terrorista delako eta ez delako desegin».
Velasco epaileak Interpoli eskatu dio De Juana Venezuelan dagoen argitzeko
Preso ohia atxilotzeko bere esku dagoen guztia egingo duela jakinarazi du Espainiako Barne ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu