Vatikanoak ez du Opus Deiren kontrako neurririk hartuko, Gazteluetako sexu abusuak direla eta

Abusuen egilea kanporatu egin dute, baina ez diote Opus Deiri erantzukizunik egotzi. Kalte ordainik ere ez da ageri Elizak plazaratutako epai kanonikoan.

Jose Martinez Sanz, sexu abusuengatik epaitu zutenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Jose Martinez Sanz, sexu abusuengatik epaitu zutenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko martxoaren 3a
16:00
Entzun

Vatikanoak plazaratu du Gaztelueta ikastetxeko irakasle batek ikaste bati egindako sexu abusuen inguruko epai kanonikoa. Epaian, neurri bakarra agintzen du Vatikanoak: abusuen egile Jose Martinez Sanz irakaslea Opus Deitik kanporatzea. Baina ez du ezer aipatzen Opus Deik auzi osoan izandako jarreraz, haren erantzukizunaz eta abusatzailea babestu eta biktima presionatzeko ahaleginez. Biktimari kale ordainak emateko aukera ere ez da ageri epaian. 

Martinez Sanz Opus Deiko kidea zen, eta irakasle aritzen zen erakunde katoliko horrek Leioan (Bizkaia) daukan Gaztelueta ikastetxean. Bizkaiko Auzitegiak 11 urteko espetxe zigorra ezarri zion 2018an, ikasle bati sexu abusuak egiteagatik, haurrak 12-13 urte zituenean. Geroago, Espainiako Auzitegi Gorenak bi urte jaitsi zuen zigorra, hura areagotzen zuten bi gertaera sententziatik kanpo utzita. Edonola ere, epaian frogatutzat jo zuten Martinez Sanzek «sexu abusu jarraituak» egin zizkiola ikasleari 2009tik 2011ra.

Zigor arloko auzibideaz gain, Vatikanoak ere auzibide kanonikoa abiarazi zuen horren inguruan 2022an, Frantzisko aita santuak aginduta. Horren emaitza da orain plazaratu dena. Epaian, frogatutzat jotzen dute Martinez Sanzek «sexu kontuei buruzko galdera desegokiak» egin zizkiola ikasleari, «arin jantzitako emakumeen irudiak» erakutsi zizkiola ordenagailuan, eta ukitu egin zuela «baita haren atal intimoetan ere». Baina biktimak salatutako eraso larrienak, alegia, ikaslea masturbatzera eta boligrafo bat uzkian sartzera bultzatzea, ez dituzte aintzat hartu.

«Bereziki larriak»

Epaian adierazitakoaren arabera, eraso horiek «bereziki larriak» dira, «kontuan hartuta irakaslearen eta ikaslearen artean ezartzen den harreman asimetrikoa». Horregatik, Martinez Sanz Opus Deitik kanporatzea ebatzi dute. Hor amaitzen dira erantzukizunak: epaian ez da ezer esaten auzibideak iraun bitartean Opus Deik izandako jarreraz, abusatzaileari emandako babesaz, edo biktimari ospea kentzeko egindako ahaleginez.

Izan ere, Bizkaiko Auzitegiaren epaia plazaratu zenean, Gaztelueta ikastetxeko zuzendaritzak agerraldia egin zuen, eta han, erasotzailea babesteaz gain, zalantzan jarri zuen biktimaren lekukotasuna. Orduan, «biktimari eraso egin eta pederasta bat defendatu izana» leporatu zion familiak Opus Deiren ikastetxeari, eta hari diru laguntzak kentzeko aukera ere eztabaidatu zen Eusko Legebiltzarrean.

Zenbait hedabideri egindako adierazpenetan, biktimaren senitartekoek «lotsagarritzat» jo dute auzi kanonikoaren epaia, eta «ankerrak izatea» eta «gezurretan aritzea» leporatu diete ebazpena idatzi dutenei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.