Vatikanoak «anaitasunezko bisita» bat eginen du Baionako elizbarrutia aztertzeko

Marc Aillet apezpikuak manatzen duen Baiona, Oloroe-Donamaria eta Leskarreko elizbarrutiko kide batzuek elizbarrutiaren ustezko «desbideratze sektarioa» salatu dute Vatikanoan gutun bidez.

Marc Aillet Baionako apezpikua, 2021ean. GUILLAUME FAUVEAU
Marc Aillet Baionako apezpikua, 2021ean. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2024ko maiatzaren 30a
09:40
Entzun

Heldu den astelehenetik goiti, Vatikanoak agindu «anaitasunezko bisita» baten bidez, galdeketak eginen dituzte Baionako elizbarrutiko arduradunen artean. Azterketa horren eramateko, Erromako Elizaren buruzagitzak Dijongo artzapezpiku Antoine Herouard izendatu du. Isilpeko elkarrizketa andana eginen du Baiona, Oloroe-Donamaria eta Leskarreko (Okzitania) elizbarrutiaren ibilmoldea ikertzeko. Elizbarrutiko kide batzuek bidali gutun andana du iturburu bisita horrek.

Eliztar asko kezkatuak dira Ailletek zuzendu elizbarrutiak azken urteetan egin Bibliaren irakurketa «zorrotzegiarekin». Horren adierazle da Hiriburuko (Lapurdi) parrokian zeuden laiko guztiek joatea erabaki dutela, besteak beste. Ailletek zuzentzen duen elkarte bat ere begitan izango du azterketak: Bihotz Batuen Aliantza izenekoa. «Desbideratze sektarioan» ez ote den argitu nahi lukete. Herouard artzapezpikuak uda bukaerako txosten bat bidali behar lioke Vatikanoari.

Marc Aillet Baionako apezpikua ezaguna da dituen ikuspegi «atzerakoiengatik». LGTB mugimenduak eta elkarte feministek behin baino gehiagotan salatu dituzte haren «adierazpen homofoboak» eta abortu eskubidearen kontra egin dituen adierazpen eta ekintzak.

Belorado, Urduña eta Derioko monasterioak

Vatikanoak Burgosko artzapezpiku Mario Izeta izendatu du aldi honetan Belorado (Gaztela eta Leon, Espainia), Urduña (Araba) eta Derioko (Bizkaia) monasterioen kontrola berriz har dezan. Komentu horiek klaratar mojek atxikitzen dituzte, baina maiatzaren 13an Eliza katolikotik atera zirela jakinarazi zuten.

Ondorioz, Izetak Beloradoko komentua uzteko eskatu die Pablo de Rojas eskumikatutako gotzain faltsuari eta Jose Ceacero Pia Union Sancti Pauli Apostoli delakoaren bozeramaileari. Vatikanoak izendatu artzapezpikuaren botere hartzearen berri eman diete, halaber, moja klaratarrei. Serora komunitate horretako ama nagusi Isabeli jakinarazi diote, zeinari kargua amaitu baitzaio.

Auziari aterabidea bilatzeko, Izeta artzapezpikuak jakinarazi du kudeaketa batzorde bat izendatu dutela, «kontuz eta zuhurtziaz» jokatzeko. Jose Ceacerok, Izetari erantzunez, Efe agentziari esan dio artzapezpikua legez kanpo ari dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.