EAJrekin eta PSE-EErekin zerga berrikuspena ontzeko akordioa itxi ostean bildu da Ahal Dugu-ren Euskal Autonomia Erkidegoko Hiritar Kontseilu Autonomikoa, Gasteizen. Bileran, Richar Vaquero koordinatzaile nagusiak alderdiaren erabakia defendatu du, «harro», zerga arloan «mugarri» bat izango delakoan. «Ekintzen bidez erakutsi dugu —ez bakarrik hitzen bidez— ezinbesteko indar politikoa garela jendearen bizitza hobetzeko», esan du, euren rola «erabakigarritzat» jota.
Vaquerok adierazi du akordioa negoziazio «gogor» batzuen ondorio dela, eta eskerrak eman dizkie horietan parte hartu duten alderdikideei. Haiek, koordinatzailearen esanetan, «behar handiena dutenak» jarri dituzte erdigunean, eta erakutsi dute Ahal Dugu «indar eraldatzailea» dela: «Aldaketak behar dira Euskadik justiziaz eta berdintasunez aurrera egin dezan, eta gu gara aldaketa horiek bultzatzen dituen indarra».
Vaquerok aitortu du adostutakoa ez dela Ahal Dugu-k egingo lukeen erreforma, baina gehitu du lortu dutela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien proposamenak «ezkerrera» lerratzea. «Gehien dutenek gehiago ordaintzea lortu dugu, enpresa handiek eta finantza erakundeek dagokiena ematea, eta errenta txikienek benetako babesa jasotzea».
Akordioak milioi bat laguni egingo die mesede, Vaqueroren hitzetan, eta hori «ospatu» beharreko «lorpen kolektiboa» da. Ahal Dugu-k, EAJk eta PSE-EEk 27 neurri adostu dituzte, eta uste dute zerga sistema «bidezkoago, progresiboago eta solidarioago» bat ezartzeko balioko dutela: «Historian lehen aldiz, gutxien dutenek foru ogasunen laguntza zuzena jasoko dute. Urrats izugarria da gizarte bidezkoago baterantz».
Etxebizitza arloan jarri du arreta Vaquerok, hura baita «arazo handienetako bat». Hala, txalotu du alor horren inguruko datuak Espainiako Etxebizitza Ministerioaren esku jarriko direla aurrerantzean, erreferentziazko prezioen indizeak finkatu eta alokairuen prezioak arautzeko.
Ahal Dugu-ren Hiritar Kontseilu Autonomikoaren lehen bilera izan da gaurkoa Vaquerok buruzagitza hartu zuenetik. Hala, zuzendaritza taldera ofizialki batu dira, besteak beste, Leticia Jimenez Antolakuntza idazkaria, Luis Miguel Lapeña idazkari politikoa eta Ana Viñals Udaletako idazkaria. Idazkariekin batera, zuzendaritzaren aholkularitza taldea osatuko dute Arabako eta Bizkaiko batzar nagusietako eledunek, hurrenez hurren, David Rodriguezek eta Eneritz Madariagak. Ez, ordea, Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaile Miren Etxebestek.