Begotxu Olaizola: «Valentzian abiatu nuen hizkuntza zapalduen aldeko aktibismoa»

Begotxu Olaizola (Donostia, 1964) Zarauzko bizilagunak saria jasoko du apirilean Katalunian hizkuntza eta kultura katalanak munduan zabaltzeko egindako lanagatik. Elkarrizketa egin dio 'Urola Kostako Hitza'-k.

(ID_17089414312735) (/EZEZAGUNA)
Begotxu Olaizola. UROLA KOSTAKO HITZA
Jabi Gonzalez Toston, Aiora Larrañaga Solaberrieta, Gorka Eizagirre (Urola Kostako Hitza)
2024ko otsailaren 26a
10:45
Entzun
Kultura Katalanaren Kanpo Hedapenerako Institutuaren saria jasoko duzu. Ezustean harrapatu al zaitu aitortzak?

Ez nuen espero. Sari horien berri banuen, baina ez nekien nire hautagaitza aurkeztu zutenik. Prentsatik ezagutu nuen albistea, antolatzaileek ezin izan zutelako nirekin harremanetan jarri. Atzerrian bizi den lagun batek bidali zidan esteka. Loturan sartu nintzenean irakurri nuen nire izena beste bederatzi lagunenarekin batera; gainera, jende oso ilustreekin batera nago. Egin izan ditut gauzak arlo horretan, disfrutatu egiten dudalako harremanetan jartzen nazio txikietako eta hizkuntza zapalduetako jendea, batez ere Gales, Euskal Herria eta Herrialde Katalanak. Toki horietan bizi izan naiz, eta tokian-tokian ezagutu dudan jendea elkarren artean harremanetan jartzea gustatzen zait.

Oso pozik nago. Askotan txingurri bat bezala lan egiten da, baina ahalegina ez da egiten aitortzarik jasotzeko, gustatzen zaizulako baizik. Egia da bultzada bat dela. Apirilaren 12an da sari banaketa, eta ni saiatuko naiz Euskal Herria ondo ordezkatzen. Oso gustura nago, gainera, izango dudalako aukera sarituko dituzten beste kideak pertsonan ezagutzekoa. Izan ere, gehienak ezagutzen ditut komunikabideetatik eta sare sozialetatik, beste eragile eta lan talde batzuetan dabiltzalako.

Sariak kultura katalanaren kanpo hedapenarekin du zerikusia, eta zuk Euskal Herrian arlo horretan egin duzun ekarpena aitortuko dizute. Zer izan da urte hauetan guztietan egin duzuna kultura katalana sustatzeko?

Ni kultura katalanera iritsi nintzen, Valentzian bizi izan nintzelako gaztetan. Nire nerabezaroa han pasatu nuen, aita Donostiatik lanera bertara bidali zutelako. Guk, familia bezala, oso argi genuen bertako hizkuntza ulertzen eta hitz egiten saiatu eta bertako kulturan murgildu behar genuela ahal genuen heinean. Casal batean izena eman nuen eta Acció Cultural del Pais Valenciá-n ere sartu nintzen. Nerabea nintzen, eta bertan antolatzen zituzten tailerretan parte hartzen nuen, eta hortik jaso nuen hizkuntzaren irrika; baita nire amak eta amonak euskararekin zuten zaletasuna transmititu zidatelako ere. Horregatik iritsi nintzen kultura txikietara. Aurrerago Galesen bizitzeko aukera izan nuen, eta bertako hizkuntza ikasi nuen eta bertako kulturan murgildu nintzen. Horregatik, Euskal Herrian saiatu naiz beti horien berri ematen. 

Elkarrizketa osorik Urola Kostako Hitza-n irakurgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.