Valentziako Generalitateak 'Aita Mari' ontziari ezarri dizkion tasak eragozpen izan daitezke misioetan segitzeko

Itsasontzia kudeatzen duen erakundeak, SMHk, aditzera eman du Generalitateak 63.000 euro ordainarazi nahi dizkiola, eta horretarako legea «bihurritu» duela.

'Aita Mari' itsasontzia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
'Aita Mari' itsasontzia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
arantxa iraola
2024ko abuztuaren 16a
18:50
Entzun

SMH erakundeak abisua eman du: Valentziako Generalitateak ordainarazi nahi dizkien tasa batzuen ondorioz, baliteke ataka zailean egotea Aita Mari itsasontziaren etorkizuneko misioak. Itsas salbamenduan dihardu itsasontzi horrek, errefuxiatuei laguntzen. Erakundeak aditzera eman duenez, Valentziako gobernu autonomikoak 63.000 euro ordainarazi nahi dizkie, «era bidegabean», eskaera hori bideratzeko legea «bihurrituta».

Portuetako tasak dira Valentziako Generalitateak kobratu nahi dituenak, baina, SMHko kideen arabera, ez lituzke kobratu behar, Aita Mari Valentziako kaietan egon zen garaian salbuetsita zegoelako, eta tasa horiek ez zituelako pagatu behar. Horregatik uste dute eskabidea egin dela legearen interpretazio oker bat eginda.

Uste dute eskaeraren atzean Vox alderdi ultraeskuindarraren itzala dagoela, aspaldiko eskea zuelako talde horrek laguntza humanitarioa ematen duten ontziei tasak kobratzen hastea. Valentziako egungo gobernu autonomikoa Vox taldearekin akordio bat eginda heldu zen agintera, eta bolada batean gobernuko parte ere izan da eskuin muturreko taldea.

Vinaros eta Burrianako portuetan, bereziki, itsasontziek «atsedenerako» eta konponketa lanak egiteko toki egokiak izan dituztela azaldu dute Aita Mari ontziko arduradunek, une onak izan dituztela Valentziako kostan, eta nahigabea azaldu dute talde ultraeskuindarren asmo «arrazista eta xenofoboak» nagusitzen ari direlako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.