Valcalderan fusilatutako 52 pertsonak omendu dituzte

Iruñeko espetxe zaharrean eta Cadreitan egin dituzte omenaldiak, lehen aldiz.Hildakoen arrastoak Erorien haranera eramanda daude

Valcalderako fusilatuen omenez atzo egindako ekitaldia. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2014ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
«Ez ditugu ahaztu nahi, ez dugu nahi basakeria hau oharkabean igarotzea». Hitz horiekin ekin dio Koldo Pla Txinparta elkarteko ordezkariak 1936ko abuztuaren 23an Cadreitako Valcalderan (Nafarroa) fusilatu zituzten 52 lagunen aldeko omenaldiari. Duela 78 urte frankistek banan-banan ahoskatu zituzten euren izen-abizenak Iruñeko presondegian, eta adierazi zieten aske zeudela. Gezurra zen. Bi autobusetan sartu eta Cadreitara eraman zituzten. Valcaldera izeneko eremuan hil zituzten tiroz, Honorio Arteta salbu; ihes egitea lortu zuen. Atzo, lehen aldiz euren izen-abizenak ahoskatu zituzten berriz, baina ez hiltzeko, haien memoria lurpetik ateratzeko baizik. Barrutik azaleratutako negar zotinak entzun ziren une hartan, bizitza oso bat iraun duen minaren adierazle.

Bi tokitan egin zen omenaldia. Lehena Iruñeko espetxe aurrean eta bigarrena, 19:30ean, Cadreitan bertan. Fusilatuen arrastoak oraindik ez dira topatu. Hasieran,Valcaldera bertan lurperatu zituzten. Jimmy Jimenez Aranzadi elkarteko kideak azaldu duenez, 2011n hasi ziren desagertuen hobia topatzeko lanak. «Ez aztarnarik ez frogarik ez zegoenez, pentsatu genuen zerbait arraroa gertatzen zela». Lekukoen arabera, 1959an Erorien haranera —Madrilen Franco diktadorearen aginduz eraikitako monumentua da— eraman zituzten.Jimenezek hango artxibategian ikertu zuen, eta ohar batean agertzen zen Cadreitatik 67 pertsonaren arrastoak igorri zituztela. Zifrak ez datoz bat, baina ondorioztatu dute hor direla 53 fusilatuak.

Eneko Arteta Nafarroako Fusilatuen Elkarteko kideak gertaeraren nondik norakoak azaldu ditu. Gogora ekarri du Benito Santesteban karlisten burua hilketaren bezperan Iruñeko kartzelan izan zela: «Ez izan beldurrik. Egun gutxiren buruan, gerra egonkortzen denean, etxera joango zarete. Espainiako erregimen salbatzailearen aurkako matxinadagatik atxilotuek soilik jarraituko dute preso. Gainerakoak, etxera». Artetaren hitzetan, hitz haiek itxaropena piztu zuten presoen artean. Biharamunean, igandea zen, Iruñean prozesioa antolatu zen. Garaiko gotzainak esan zuen hura ez zela gerra, «gurutzada baizik». Amaitu zenean, gobernadore zibilak, 53 pertsona askatzeko agindu, eta haien izenak esan zituzten. «Aske zeudela uste zuten. Handik bi ordura, Valcalderako hobian zeuden hilda».

Fusilatuen senide zenbaitek euren testigantzak azaldu dituzte. Jose Alcalaren bilobak, kasurako, gogora ekarri du egun haietan aitona eta aita preso zeudela. Aitona Valcalderan hil zuten. Aita aske utzi zuten, baina «aita hil zutenen alboan» borrokatzera behartu zuten gerran. «Inoiz ez zuen mendeku hitzik esan, baina bizitza osoan eragin zion gertaerak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.