Salda Badago Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak liburua aurkeztu zuten, atzo, Durangoko (Bizkaia) San Agustin kulturgunean. 2019ko azaroko lehenengo asteburuan antolatu zituzten Euskal Herriko V. jardunaldi feministak. Bertan ia 3.000 emakumek eta 350 kolektibo feministak hartu zuten parte, eta orduko gogoeta eta proposamen politikoak jasotzen ditu idazlanak. Egun horietan bizitako esperientziak, hausnarketak eta datuak ez ezik, orduko testuinguru feminista eta ordura arteko inflexio puntuak ere biltzen ditu liburuak. Jardunaldien ostean egindako galdetegiaren emaitzak ere azaltzen dira. Egun horietan izan ziren zenbat kolektibok beren esperientziak partekatu zituzten atzoko aurkezpenean; besteak beste, Garaipen kolektibo antirrazistak, Euskal Herriko Neska Gazteak taldeak, Emakume Internazionalistak elkarteak eta azpiegitura lanetan ibili zirenek.
Liburuaren helburua da memoria kolektiboaren transmisioa bermatzea eta aurrerapausoak ematen jarraitzea: «Euskal Herriko V. jardunaldi feministetan bizitakoa ordenatu, berreraiki eta Durangoraino eraman gintuen prozesuaren interpretazio kritiko bat egin nahi dugu», azaldu dute liburuan. Hainbat iturritatik edan du lanak: gaiak aurkezten, antolatzen edo azpiegitura lanetan aritu ziren hainbat militanteren bizipenetatik, baita eztabaidetako aktetatik eta ondorioetatik ere. Emagin ikerketa eta formakuntza feministako elkartea arduratu da bilketa eta sistematizazio lan horretaz. «Esperientzien sistematizazio metodoa erabiliz, borroka feministarako lanabes bat eskaini nahi dugu», zehaztu zuen Monika Mendiberri Emagineko kideak. «Memoria kolektiborako saiakera» dela kontatu zuen Mendiberrik; «biluzte lan bat» izan dela eta «tripetaraino» murgildu direla. Lana ez dela erraza izan, ordea, eta zailtasun horiei pandemiaren oztopoak ere gehitu zaizkiola azaldu du. Hala ere, finantzaketa kolektiboaren bidez lortutako diru laguntzei esker liburua kaleratzea lortu dute. Prozesu gisa irudikatzen dute lana, eta azpimarratu dute datozen esperientzia feminista berriak biltzen jarraitu behar dela.
Ahalik eta feminista gehienengana iristeko, ele bitan argitaratu dute liburua: euskaraz eta gazteleraz, eta 18 euroren truke izango da salgai hainbat herritako saltokietan. Datozen egunetan aurkezpen gehiago egingo dituzte Euskal Herriko hainbat udalerritan: Ondarroan (Bizkaia), Arrasaten (Gipuzkoa), Zumaian (Gipuzkoa), Errenterian (Gipuzkoa), Oiartzunen (Gipuzkoa) eta Zizurren (Nafarroa)