Irailaren 3an egindako agerraldi batean iragarri zuen Foro Sozial Iraunkorrak biktimen auzia izango zela 2018-2019 urteko lan ildo nagusietako bat. Orain iritsi da asmo horien lehen gauzatzea: urrian Foro Soziala antolatuko dute —bosgarrena izango da 2013an I. Foro Soziala egin zutenetik—, eta mota guztietako biktimak, haien aitortza, egia ezagutzeko duten eskubidea eta antzeko gaiak jorratuko dituzte.
Foro Sozial Iraunkorreko Aitzpea Leizaolak eta Juanjo Espinak aurkeztu dute V. Foro Soziala. Urriaren 5ean Iruñean egingo dute, eta 6an, Bilbon, eta, aurrekoetan bezala, Euskal Herriko zein atzerriko eragile eta aditu ugarik parte hartuko dute bilkuraren bi jardunaldi horietan. Laster emango dute parte hartzaileen berri zehatzagoa.
Bilkuraren xedea da «hausnarketarako gune bat sortzea, bertan ideiak, proposamenak eta lan ildo berriak identifikatzeko». Bizikidetzaren arloko «erronka berriei» erantzun nahi diete horrela, «logika eraikitzaile, inklusibo eta berritzaile bat oinarri hartuta».
Garrantzitsuena izanagatik ere, V. Foro Soziala ez da biktimen arloan egingo duten ahalegin bakarra. Esan dutenez, Foro Sozialak lanean dihardu askotariko indarkeriak pairatutako biktimekin, eta ebatzi edo argitu gabeko auziak ere ez dauzkate ahazteko. Laster emango dituzte gai horien inguruan antolatuko dituzten ekitaldiei buruzko xehetasun gehiago.
Harold Good agerraldian
Harold Good apaiz metodista irlandarra ere egon da aurkezpenean, V. Foro Sozialari bere babesa agertzeko. Bakegintzan urte askoan aritutakoa da Good: IRAren eta ETAren armagabetze prozesuetan ikuskaritza lanetan ibili zen, eta 2005ean Eusko Jaurlaritzaren Rene Cassin saria jaso zuen Alec Reidekin batera.
Goodek hitzaldia egingo du gaur, Azpeitian (Gipuzkoa), Sanagustin kulturgunean (18:30). Nekane Zinkunegi kazetariak aurkeztuko du ekitaldia.
V. Foro Soziala antolatuko dute biktimen auzia jorratzeko
Urriaren 5ean Iruñean egingo dute, eta urriaren 6an, Bilbon. Gaiaren inguruko «hausnarketa gune bat» sortu nahi dute ekitaldi horrekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu