Aberri Egunean «herri gogoa» badela adieraztera deitu dute EH Baik eta EH Bilduk, elkarrekin gaur Donostian egin duten agerraldian. Iganderako bi topaleku eman dituzte: bata, Uztaritzen; eta bestea, Iruñean.
EH Baiko Aitor Servierrek aletu ditu bi ekitaldien zentzuak: batetik, igandean, Ipar Euskal Herrian egin duten Bagira prozesuaren emaitzak aurkeztuko dituzte Uztaritzen, eta Ipar Euskal Herrirako estatus berri baterako indar erakustaldia egin nahi lukete; bestetik, Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatuko dute Iruñean.
Euskara izan du hizpide Servierrek. «Euskarak egiten gaitu herri», azaldu du, eta, haren hitzetan, Euskal Herriak auzolanean gauza asko egiteko gaitasuna duela adierazten du igaro berri den Korrikak. Aldarrikatu du Euskal Herriko herritar orok duela euskaraz jakiteko eta erabiltzeko eskubidea, eta oldarraldi judizialei erantzuteko konpromisoa ere berretsi du.
Nazioarteko egoerari ere erreparatu dio. Munduko krisi sozial, politiko, ekonomiko eta gerra egoerez gaindi, alternatiba bat badagoela nabarmendu du, eta itxaropenari eusteko eskatu du. Alde horretatik, Euskal Herriaren burujabetza eskatu du, eta keinu bat egin nahi izan die estaturik gabeko nazioei, haien bidez egin dakiekeelako aurre «agenda erreakzionarioei».
Independentzia
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ere estatu baten beharra aldarrikatu du, «hori delako bermerik onena ongizaterako». Horregatik, Iruñera joateko deia egin du «pozez aldarrikatzeko badela herri bat erabakitzeko eskubidea nahi duena». Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako herria dela eta ezker abertzaleak haren indenpendentzia nahi duela berretsi du Otegik, baina hori lortzeko «antsietaterik» ez duela gaineratu du, eta pausoka bidea egitearen alde egin du, kazetari baten galderari erantzunez. «Ezker abertzaleak esaten duena egiten du, eta egiten duena esaten du, eta uste dut ez dugula egunero ibili behar independentistak garela esanez. Jakina da».