Uztaritzeko hautetsien dimisioa ukatu dute, euskaraz idatzia delako

Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Euskaraz idatzia bada, dimisio gutunak ez du balio. Hala adierazi die Bruno Karrere Uztaritzeko auzapezak, Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetarengan bermatuz, dimisioa eman zuten bost hautetsi abertzaleei. Iritzia eskatuta prefetak emandako erantzuna igorri die, maiatzaren 23an iraganen den herriko kontseiluan parte hartzeko gomita eginez. Auzapezaren jarrera gaitzetsi, eta dimititzeko borondatea berretsi dute bost hautetsiek.

Dimisio gutunek «nahaskeriarik gabekoak» izan behar dutela azaldu du prefetak bere idatzian, autorearen borondateari buruz zalantzarik egon ez dadin. Euskaraz idatziak direnez, «frantsesezko itzulpenik gabe», prefetaren iritziz ezin da ebatzi nahaskeriarik gabekoak direla. Ondorioz, ebatzi du dimisioak ezin direla onartu. Halaber, dimisioa onartzeko, hautetsi horien izenek «egoera zibilean» bezala agertu behar dutela nabarmendu du.

Uztaritzeko auzapezaren jarrera gaitzetsi dute bost hautetsiek, eta oroitarazi dute auzapezari dagokiola dimisio bat onartzea, eta legez ez duela zertan prefetaren iritzia galdetu. «Gure dimisioei buruz dudak izanez gero, horien berrespena eskatzen ahal zenigun ahoz edo idatziz. Alta, ez duzu bide hori hautatu», adierazi dute auzapezari bidalitako gutun batean. Halaber, dimisio gutuna birbidali diote, hautetsien izenen grafia aldatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.