Euskara frantsesaren parean jartzea, euskarari ofizialtasuna ematea erabaki du Uztaritzeko Udalak (Lapurdi). Frantsesak soilik du aitortza ofiziala Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta, Uztaritzeko Herriko Etxearen ustez, horrek kalte egiten die euskaldunen hizkuntz eskubideei. Horregatik erabaki dute euskarari izaera ofiziala ematea, «frantsesaren hein berean». Baionako suprefetak, Patrick Dallennesek, dagoeneko iragarri du auzitara joko duela. Erabakia nabarmen dago legez kanpo, haren arabera.
Babes handiarekin eman du pausoa Uztaritzeko Herriko Etxeak. Herenegun arratsean bildu zen herri kontseilua, gaia aztergai hartuta. Bozketaren emaitza: 22 boto, euskara ofizial izatearen alde; lau boto, kontra; eta hiru abstentzio. Bruno Karrere da auzapeza; Uztaritze Bai hautagaitzak irabazi zituen hauteskundeak martxoan, eta auzapez abertzalea duen Iparraldeko herri handiena da Uztaritze harrezkero.
Karrerek, kargua hartu aurretik, azaldua zuen euskara bultzatzeko asmoa: «Estatutu bat eman nahi diogu Uztaritzen berean. Euskara sarrarazi nahi dugu herriko bizian». Euskaldunen eskubideak bermatzeko urrats gisara hartu dute neurria. Hau dio testuak: «Kontuan harturik euskara gure herriko eta lurralde honi izena ematen dion hizkuntza dela, baina euskaldunen hizkuntza eskubideak, gaur arte, ezagupen ofizialik gabe daudela, herriko biltzarrak azalpena entzun eta eztabaidatu ondoren, euskara herriko hizkuntza ofizial izendatzen du, frantsesaren hein berean».
Lehen pausoak
Lehen pauso gisa, erabakia bi eletan, euskaraz eta frantsesez, jaso dute paper ofizialetan. Erabakiaren gakoa «kontzientziazioa» dela azaldu du auzapezak, eta inguruko herriko etxeei dei egin die pausoak ematera. Udalbiltzak zoriondu egin du Uztaritze. Suprefetak azkar moztu nahi du bidea, baina. Berehalako auzi prozedura hasiko duela iragarri du, erabakia baliorik gabe uzteko berehala.
Uztaritze salatuko du suprefetak, euskara ofizial izendatu duelako
«Frantsesaren hein berean» jarri du euskara herriko etxeak.Legez kanpoko dela dio suprefetak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu