Euskal presoak

Uztailaren 5ean jakinaraziko dute Haranbururen askatasunari buruzko erabakia

Aske uztearen alde agertu da Lannemezan presondegiko zuzendaria, baina kontra agertu da prokuradorea.

Iaz Baionan egindako manifestazioa. ISABELLE MIQUELESTORENA
2019ko maiatzaren 7a
07:20
Entzun

1990etik preso dute Frederic Haranburu Xistor euskal presoa, bizi osorako zigorrarekin. 30. urtea betetzen ari da espetxean, eta Parisko Dei Auzitegian aztertu dute gaur haren askatasun eskaera. Prokuradoreak baldintzapeko askatasuna ez onartzeko eskatu du; aldiz, Lannemezan presondegiko zuzendariak aldeko iritzia erakutsi du. "Prokuradoreak ez du testuinguru politiko berria kontuan hartu. Audientzian adierazi du borroka armatua itzultzeko aukerak badirela eta, beraz, Xixtor Haranburu arrisku bat dela oraindik", adierazi dio BERRIAri Maritxu Paulus Basurco abokatuak. "Uztailaren 5a arte itxaron beharko dugu epailearen aldetik aldaketarik baden ikusteko".

Bizi osorako zigorra izanagatik, 2008tik aukera du Haranburuk baldintzapean libre irteteko eskaera egiteko. Orain arteko guztiak, ordea, ukatu egin dizkiote. Bagoaz mugimenduak askotan salatu du Haranbururen eta Ion Parot, Unai Parot, Jakes Esnal euskal presoen egoera; azkenengoz, joan den apirilaren 13an. 30 urte! Aski da lelopean egin zituzten mobilizazioak, eta besteak beste, testuinguru politiko berria aintzat hartuta, haiek askatzeko garaia badela aldarrikatu zuten.

Frantziako Estatuko espetxeetan diren beste bi presoen kasuan —Ion Parot eta Jakes Esnal; Unai Parot Espainian dute—, baldintzapean aske geratzeko orain arte egindako eskaera guztiak ezeztatu egin dizkiete. 30. urtea ari dira betetzen preso horiek ere.

Gaur, elkarreratzera egingo dute Senperen (Lapurdi), 19:00etan, Haranbururen askatasuna galdegiteko. Bagoaz mugimenduak antolatu du mobilizazioa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.